Juan M. Sansinenea, Marisa Urra
Industria Ingeniaritzan doktorea, Merkatal Zientzetan lizentziatua

Autokritika egin bai, baina nortzuk egin behar?

Gauza asko leporatu dakioke espainolismori, baina ez, inolaz ere, herri honek azken 80 urteetan sufritu duen minan, trebetasun falta bere ardurak eta kulpa ezkutatzeko.


Une honetan, ETAren jarduera armatuaren amaiera gauzatu denean, Gasteizko Legebiltzarrean Bizikidetza Plan baten proposamen berri bat aurkeztu da eta Plan horretan, hainbeste aspektu deigarrien artean, badago bat azpimarratu izateak merezi duena eta da herri honetako bortxakeria analizatzeko finkatu duten hasierako data. Data hori 1960ko urtea da.

Kasualitatean sinesten ez dugunok eta, alderantziz, kausalitatea, filosofiaren oinarrizko printzipio bat dela sinesten dugunok, data horren aukera ideologia eta interes politikotik bultzatuta izan dela ziur gaude. Bizikidetza Plan horretan, bortxakeria aztertzerakoan, hasierako data urte horretan ipintzen bada, non eta zergatik sortu zen ETAren jarduera armatua guztiz testuingurutik kanpo gelditzen den galdera da. Agian, garai hartako euskal herritarren belaunaldi oso batek DNAko arazo masibo bat izan al zuen eta horrek erantzun armatua ekarri al zuen?.

Baina garai hori bizi genuenok hori horrela ez zen izan badakigu. Baina hori da hain juxtu espainolismoak sinistarazi nahi diguna. Errealitatea zen garai hartan eta lehenago ere, 1936tik aurrera, hain zuzen, herri honetan espainolismo sutsuak inposatutako oso diktadura gogorpean bizitzen ginen. Diktadura horrek gure herriaren eskubide oinarrizkoenak ukatzen zituen eta gure herria desagertzera kondenatua zegoen. Helburu horrekin frankismoak Espainiaren batasunaren aldeko eta Estatuko Espainia ez ziren beste nazioen aurkako neurri zorrotzak hartua zituen. Neurri horien artean, euskararen aurkako jazarpena eta euskal adjetibo zeraman edozein jardueraren aurkako errepresioa gogorra zeuden. Zer esanik ez, eskubide politiko oinarrizkoenak –erregimenak emandakoekin bat etortzen ez baziren– debekatutak zeuden. Testuinguru horretan, hau da, herri honetako ukazio politikoan, ETA jaio zen.

ETAren lehenengo ekintzen lekukoak izan ginenok, zeintzuk izan ziren lehenengo helburuak oso ondo gogoratzen dugu: torturatzaileak, erregimen frankistarekin kolaboratzaile sutsuak, errepresioko indar polizialak, etab. Egia da, frankismo formala bukatu zenean eta post-frankismoa etorri zenean ETAren jarduera armatua ez zen bukatu, baina egia da ere, post-frankismo horrek (gaurdaino) ez zuen eman inongo bide demokratikorik herri honetako gizartearen multzo handi baten askatasuna eta independentziaren nahiak asetzeko. Hor zeuden, eta daude oraindik, Konstituzioak Estatuaren batasunaren alde ipinitako mugak.

Testuinguru horretan orain, ezker abertzaleari zuzendutako eta ‘autokritika’-ren aldeko eskakizun ‘etikoak’ hasi dira entzuten. Zinismoaren gaindia da, abots horien artean, lehenengo lerroetan, erregimen frankistaren ideologia berbera – Estatuaren batasunaren defentsan eta hainbeste alorretan ere– dutenak, erregimen kriminal hori justifikatu dutenak, eta inoiz erregimen horrekin beraien lotura ideologiko eta pertsonalak moztu ez dituztenak izatea, hau da, PP alderdikoak. Baina ‘eskakizun etikoaren’ lan horretan PP alderdikoak ez daude bakarrik. PSOE eta EAJ alderdien laguntza estimagarria dute. Kuriosoa da Gerra Zikinarekin eta torturaren erabilera masiboarekin Estatu baten erro berberak usteldu zituztenek eta krimen horiengatik, ez bakarrik ez zuten ordaindu merezi zutena, ezta barkamena eskatu ere ez zuten eskatu, horiek agertu dira ‘lan etiko’ horren alde, PPkoen gertu.

Une honetan eta behar etikoen hain defendatzaile sutsu horiei, Schopenhauer filosofo alemaniarrak, botere publikoek egindako krimenaz esaten zuena, gogoratu behar zaie: Krimen horiek,egin daitezkeen latzenak dira. Schopenhauerrentzat krimen horiek ‘injustizia bikoitza’ motakoak (Doppelte Ungerechtigkeit, bere hitzetan) dira, hau da, bere lan eta beharrengatik, justizia egitera behartuta daudenek, kontrakoa egiten dutenean egiten dituztenak. Eta Estatua legea gordetzeko dago, ez krimenak ordaintzeko eta poliziaren lehengo betebeharra, detenituen integritateaz arduratzea da eta ez torturatzea. EAJ ere, ingelesez esaten den bezala, ‘has not a clean record either’.

Lehen aipatzen genituen Gerra Zikinako garaietan, hiru probintzietako EAJ-PSOE Jaurlaritzak ziren. Betebehar etikoetan hain estua den – beste batzuentzat, noski – EAJ, ez zuen arazo handirik izan, mahaia eta mahai-zapia konpartitzeko krimen horietan buru belarri sartuta zeudenekin. Gero, askoz geroago, nonbait ‘sudurra itxita’-rekin boterea partekatzera behartuta izan ziren jakin dugu. Egoera horretan, EAJkoek asko sufritu zutela, duda izpirik ez dugu, baina hain maila etiko altua omen duen alderdi batentzat ez dirudi, kasu honetan bederen, eman behar zuen maila eman zuenik.

Berriro, betiko EAJren Realpolitik-eko beste eredu bat. Bestaldetik, gutxik ukatuko dute (bultzatu dutenen salbuespenarekin, noski) herri honetan, tortura fenomeno masibo eta oso larria izan dela. Egia da ere, fenomeno horren kasu nabarmenen aurrean (Joxe Arregi, Unai Romano, Mikel Zabalza, etab.) EAJ ren salaketak publikoak izan direla. Baina herri honetan inoiz ez da ikusi EAJren torturaren aurkako enfrentamentu erradikala, fenomeno horrek, eta, batez ere, etikaz hitzegitea, hain gustoko zuen alderdiaren kasuan, exijitzen zuen bezala. EAJk ez du arazo handirik izan Madrilen agintzen zutenak, tortura praktikatzen zutenak (edo baimentzen zutenak) bere botuekin sostengatzeko. Hor ditugu, adibidez, Zapateroren azken gobernu agonikoak. Berriro diogu, hain maila etiko altua defenditzen omen duen alderdiaren –EAJren–lehenengo exijentzia tortura babesten zuten legeen ezabatzea izan behar zen –eta beste praxi antidemokratikoak ere : presoen sakabanaketa eta Alderdien Legea, batez ere–.

Baina horiek ez ziren izan EAJk mahaigainean ipini zituen kontrapartidak. Nahiago izan zuen, lau transferentzien truke, P. Lopezen Jaurlaritza barregarri uztea. Berriro, betiko Realpolitik. Espainolismoak eragindako bortxakeriaz hitzegiten genuen. Hori eta euskal erantzun motako bortxakeriaren arteko desberdintasuna ez dago bakarrik, bien neurrietan –askoz handiagoa, espainolismoarena, pentsa dezagun bakarrik frankismoen krimen masiboetan–, inpunitate edo zigorgabetasun gradoetan ere. ETAren bortxakeriaren aurka erabilitako mota guztietako metodoak, legalak eta ilegalak: asesinatoak, gerra zikina, ad-hoc legeak, dispertsioa, torturak, espainar legeen aurkako erabakiak, etab., espainolismoak egindako krimenek izan duten erabateko zigorgabetasun praktikoarekin alderatzen baditugu, ez dago asko esan beharrik.

Une berri hauetan, gure bizikidetza sustatzeko erabaki berriak hartzera behartuta gaude. Egia da gure herrian, aspalditik etorri den konfliktuan gertaera latzak, oso latzak, ezagutu ditugula. Gertaera horiek ez ziren etorri ETAren eskutik bakarrik. ETArenak ez ziren ezta handienak –bolumenengatik– ezta lehenengoak ere. Askoz gehiago, eta denak inpune, frankismoarenak. Orain behar duguna ez da batzuek eskatzen duten ‘autokritika’ antzu hori, bortxakeri guzti (bai, guzti) horren ikerketa serioa baizik. Frankismokoarekin hasita. Egin dezagun, adibidez, torturaren kasuen (5.000 kasu baino gehiago nonbait salatuak, baina 10.000raino irits daitezkeenak) ikerketa serio bat, zigorpen penalak bilatzen dituena. Egiaren Batzorde bat proposatu da alde batzuetatik. Askoz zentzunagoa iruditzen zaigu hori, espainolismoaren krimenen ezkutatze besterik ez bilatzen duen batzuen ‘autokritika’ baino.

Orain, eta bukatzeko, espainolismoaren krimenak gogoratzerakoan, Niccolò Machiavelli-ren, gai hauetan betiko maixuaren hitzak etortzen zaizkigu gogora: «Coloro che vincono, in qualunque modo vincano, mai non ne riportano vergogna» (Irabazten duten horiei, edozein modutan irabazita ere, garaipen horrek ez die inoiz lotsa erakartzen).

Recherche