Itxaso Piquer, Amaia Hernaltes eta Haizea Arbide
Steilas sindikatua

Autoritatea ez da dekretu bidez eraikitzen

Hezkuntza Sailak, azken egunotan, iragarri du irakasleok dagoeneko legez dugun autoritate publikoaren aitortza eta aplikazioa arautuko dituen Bizikidetza Dekretu berria prestatzen ari dela. Iragarpenak eztabaida interesgarri batera garamatza; zer esan nahi duen irakasleen autoritateak, eta, batez ere, zer behar ote dugun irakasleok benetan gure lana duintasunez eta bermeekin gauzatu ahal izateko.

Steilasen argi dugu irakasleok aitortza eta babesa behar ditugula. Ikasgeletan gertatzen diren gatazka, eraso edo presio egoeren aurrean, ezinbestekoa da Administrazioak langileak babestea eta beharrezko tresnak eskaintzea. Baina autoritatea ezin da dekretu batean idatzi. Hezkuntza publikoko irakasleok autoritate publiko izaera aitortua dugu legalki Hezkuntzako Lege Organikoaren 124.3 artikuluan. Beraz, ez diezaiola orain Administrazioak dominarik jarri bere buruari lehendik onartua dagoen izaera batekin, eta egin dezala behar bezala bere lana, berma ditzala benetako baliabideak legeak dioen hori errealitate bihur dadin. 

Irakasleon autoritatea egunerokoan eraikitzen da ikasgelan, ezagutza pedagogikoarekin, gertuko harremanarekin, konfiantzarekin eta hezkuntzarekin. Irakaslearen autoritatea ezin da soilik administrazio batek ematen dion botere juridiko baten ondorio izan, hezkuntza komunitatearen barruan eraikitzen den harreman baten emaitza baita. 

Gaur egun ikastetxeetan gero eta konplexuagoak dira irakasleok egunerokoan bizitzen ditugun egoerak. Aniztasun handiagoari erantzun behar diogu, behar pedagogiko eta emozional gero eta konplexuagoak kudeatu, burokrazia urtez urte areagotzen ari da, eta, askotan, baliabide eta denbora eskasekin egin behar diogu horri guztiari aurre. Horren aurrean, Administrazioak ematen duen erantzuna ezin da erantzun juridiko sinple batera mugatu. 

Bizikidetza ez da soilik norbanakoaren ardura, ikastetxe osoarena baizik. Eta, horregatik, bizikidetza politika serio batek langile gehiago, orientazio eta laguntza zerbitzu sendoagoak, koordinaziorako denbora, prestakuntza, arreta pertsonalizatua eta baliabide nahikoak eskatzen ditu.
 
Hezkuntza Sailak berak bizikidetza positiboa eta ongizate emozionala hezkuntza politikaren lehentasunen artean kokatzen ditu, eta 2026ko plangintza arauemailean Bizikidetza Dekretu berriaren proiektua jasota dago. Hori horrela, koherentzia eskatzen diogu Administrazioari. Bizikidetza defendatu nahi bada, ezin da gatazka dagoen bakoitzean irakaslearen autoritate juridikora jo. Prebentzioak, baliabideek eta heziketak izan behar dute lehenengo tresnak. 

Desberdintasun nabarmena dago langile bat autoritate gisa aitortzearen eta autoritate hori babestearen artean, dekretu bat argitaratzearen eta ikasgelako errealitatea aldatzearen artean, bai eta errespetua aldarrikatzearen eta lortzearen artean ere. 

Bidenabar, argitu nahi dugu autoritatea defendatzea ez dela autoritarismoa defendatzea. Ikasgelan arauak behar dira, mugak eta errespetua. Irakasleok babestuak izan eta hala sentitu behar dugu, baina ez dugu uste botere harreman hierarkiko batean oinarritu beharra dagoenik. Autoritate pedagogikoa eta autoritarismoa ez dira gauza bera. 

Egungo erronka ez da irakasleari autoritate gehiago ematea, irakasleok gure autoritatea baliatu ahal izateko beharrezko kondizioak sortzea baizik. 

Horretarako, Administrazioak erantzukizuna bere gain hartu behar du ikastetxeak behar adina langilez hornituz, irakasleoi koordinatzeko eta planifikatzeko denbora nahiko bermatuz, aniztasunari erantzuteko baliabideak emanez, gatazka egoeretan laguntza eta babes juridiko eta psikologikoa eskainiz, eta, batez ere, hezkuntza komunitate osoa bizikidetzan inplikatuz. Hori da Steilasek aldarrikatzen duena eta hori lortzeko bidean borrokan/lanean jarraituko du. 

Irakasleok babesa, baliabideak eta kondizio duinak behar ditugu. Bestela, beste behin ere, arazo kolektibo bati erantzun indibiduala emango zaio. 

Recherche