Aritz Romeo Ruiz eta Joseba K. Arbaiza Alvarez
Administrazio Zuzenbideko irakaslea eta geografoa

Auzo pobreak baino, pobretuak: kasualitaterik ez!

Pobrezia-tasa nabarmenenak dituzten gure auzoak, funtsean, biziraupenera kondenatutako auzoak dira. Eta hori zeharo injustua da.

Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak (Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentua) "Nafarroako pobrezia eta desberdintasun sozialari buruzko 5. txostena" argitaratu berri du. Txosten honetan, hainbat estatistika-iturri eta administrazio-erregistrotako datuak (2015-2019 urte bitartekoak, beraz pandemia aurrekoak) erabili izan dira errenta banaketa, bizi-baldintzak, pobrezia eta desberdintasun sozio-ekonomikoen inguruko ondorioak laburbiltzeko.

Nafarroako datuei erreparatuz, eta Estatuko gainerako erkidego autonomoekin konparatuz, zenbait komunikabidek honako bi ideia hauek azpimarratu izan dituzte: pobrezia-arriskuan dagoen biztanlegoa %9,9 (EAE ostean tasa baxuena) eta diru-sarreren batazbestekoa 15.094 euro izatea (EAE ostean datu altuena). Ranking eta batazbesteko datu zehaztugabe hauen atzean, bestelako errealitateak izkutatuta gelditzen dira, ezberdintasun nabarmen, desoreka eta injustizietan oinarritutakoak hain zuzen ere.

«Pobreziak emakumearen, haurraren eta atzerritarraren aurpegia du», horrela laburbiltzen dira datuetatik eratorritako ondorioak Nafarroan aurrez aipatutako txostenaren egileen arabera. Pobrezia arriskuaren tasa %21,2koa da eta bizi baldintzei buruzko inkestaren arabera, Nafarroan areagotu egin dira pobrezia arriskuaren eta pobrezia larriaren tasak. Azpimarratu behar da, datuak 2019koak direla, hau da, pandemia eta ondorioak ez dira txertatu azterlan honetan, datuak larriki areagotuko zirela aurreikus daitekeelarik. Esaterako, berriki Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioak argitaratu izan duen 2020. urteko memoriaren datuetan oinarrituz, beraiek jasotako eskaera eta zerbitzuek %32,5 egin zuten gora urte horretan, datu zeharo adierazgarria. Era berean, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak, berriki Nafarroako 2022rako aurrekontu proposamenaren balorazioa egitean, herrialdean, egun, 79.000 nafar  pobrezian zein gizarte-bazterketan daudela azpimarratzen zuten, aurreko urtean baino 2.800 pertsona gehiago.

Behatokiaren txostenak, Nafarroako eremu eta udalerri ezberdinetako datu orokorrak eta egoeraren bilakaera eskaintzeaz gain, Iruñeko auzoen analisia ere egiten du. Bertan, auzoka biztanlegoaren pobrezia eta pobrezia larrian egoteko arriskuan dauden biztanle kopuruak ehunekoetara eramaten da. Azken datu hauek dira, aurreko asteotan, zenbait komunikabideetako orrialde eta minutu asko bete zituztenak, zifren azaleko dantza askotan, tarteka makabroa eta gehienetan oinarri eta kausetara jotzen ez dutenak.

Datuei jarraituz, 2019. urtean Iruñeko batazbesteko pobrezia tasa %21,6koa zen. Hori horrela, Iruñeko auzo-eskalan jasotako datuen arabera, auzoen arteko ezberdintasun nabarmenak agerian gelditzen dira, hiri berean eta gertuko auzoen artekoak, gaur egun areagotzen ari diren ezberdintasun sozio-ekonomikoak hain zuzen ere. Horrela, Sanduzelaiko auzokideen %18,6 pobrezia larrian legoke eta %32 pobrezia-arriskuan. Gainera, 2015-2019 urte bitartean, datu horiek, ezberdintasun gutxirekin, mantendu izan direla antzematen da. Alderatuz, Ermitagaina edota Mendebaldea auzoetan, pobrezia larrian auzokideen %8,1 eta pobrezia-arriskuan %14 legoke; arrakala nabarmen agerian uzten dituzten datuak. Horrela, aipatutako Sanduzelai, Etxabakoitz, Buztintxuri eta Arrosadia pobrezia-tasa larriak dituzten bezala, Ermitagaina, Mendebaldea, Zabalguneak eta Iturraman tasa baxuenak ageri dira; norabide eta abiadura ezberdinetan, larriki, bizi diren hiri bereko auzo eta biztanleen errealitatea agerian utziz. Iruñeko errealitateak ezberdintasun nabarmenak erakusten dituen bezala, pobrezia-tasa nabarmenenak dituzten auzoen barnean ere, oso egoera ezberdinean dauden auzokide eta familiak antzeman daitezke: hauek dira batazbestekoek erakusten dituzten datuak baina izkutatzen dituzten bizitzak. Datu orokor eta batazbestekoen atzean, hainbat pertsona eta familien eskubide urraketa dago.

Guzti honekin batera, 2021ean Iruñeko Udalak ikerketa propio bat garatu zuen, hiriko gazteei zuzendutako inkesta orokorra. Ikerlan horretatik atera daitezkeen ondorioen artean, Iruñeko zenbait auzoetako gazteen egoera sozioekonomikoa eta etorkizunerako aurrikuspenen arteko alde nabarmena litzateke; beste behin. Laburbilduz, Nafarroako eta Iruñeko datu orokorren atzean, herri eta auzoen arteko ezberdintasun eta desoreka nabarmenak agerian gelditzen dira, baina honako hau, inondik inora, ez da kasualitatea.
Aspalditik dator... urrutira goaz!

Denboran zehar, auzo zehatzetan, iraunkorrak diren pobrezia-tasek hamarkadetako politika publikoen falta eta desoreka ere erakusten dute. Funtsean, zehaztu daiteke ez direla auzo pobreen datuak, pobretutako auzoenak baino, horien gabezi eta faltaren ondorio baitira, nabarmen. Izan ere, pobrezia ez da berez sortzen den fenomenoa.

Aipatutako politika publiko horien gabezi eta falta alor ezberdinetan eman izan dira: hirigintza, etxebizitza, sektore ekonomikoaren dibertsfikazioa, kultura, prebentzioa, segurtasuna, hezkuntza, osasuna, komertzioa, mugikortasuna... Esaterako, Iruñeko kasuan, arrakala nabarmena agertzen da auzoen artean baina aurrekontu publikoetan ez da, salbuespenak salbuespen, helburu nabarmenik ezarri desoreka horri heltzeko, behintzat urte askotan zehar ez da izan, tamalez, lehentasun bat. Komenigarria litzateke Iruñeko Udaletik ikerketa sakon bat abian jartzea, azken 40 urteetan garatutako udal politika eta inbertsioek auzoen arteko desorekan eta pobrezia prozesuetan izan duten eragina aztertze aldera. Horrela, zein auzotara bideratu izan du Iruñeko Udalak inbertsio handiena azken 40 urteotan? Zer nolako hirigintza politikak garatu ditu auzo ezberdinetan? Non kontzentratzen dira zerbitzu nagusienak? Iruñerriko Mankomunitateak ere hausnarketa sakona egin beharko luke, batez ere garraio publikoaren antolaketa ereduaren inguruan. Egokia da egungo garraio sare zentralizatua auzoen arteko orekan sakontzeko? Zergatik berrikuntza teknologikoak (adibidez, autobusa iristeko denbora-markagailuak), zabaltzen dira auzo pobretuetara azken fasean? Denbora hutsa pasatzeak ez du ezer konpontzen, egoerak, berez, ez baitira bideratzen. Arrazoi estrukturalei ekin behar zaie, ez soilik ondorioei. Zaila bezain ezinbestekoa da, partxerik gabe.

Beraz, pobrezia-tasa nabarmenenak dituzten gure auzoak, funtsean, biziraupenera kondenatutako auzoak dira. Eta hori zeharo injustua da. Askotan, eguneroko lan komunitarioa hankaz gora jartzen duten komunikabideen etengabeko estigmatizazio eta izenburu errazen pisuari aurre egin behar izaten diete. Hamarkadetan arrastaka daramaten estigmatizazioaren herentziari buelta ematen saiatzen dira eta pobreziaren aurrean egon daitekeen begirada selektiboa salatzen dute, besteak beste auzokideen arteko babesa biderkatzen. Azkenaldian, gainera, diskurtso eta jarrera faszistei aurre egiten diete, aurpegia emanez.

Horri guztiari, alaitasunez, irmotasunez eta sare komunitarioz erantzuten zaio, auzo hauetako bizitza aktiboa baita. Urtetan zehar auzoetan kultura propioa garatu, identitate kolektiboak landu, elkarbabes eta autodefentsarako espazioak sortu eta aberastu, diskurtso eta proiektu propioak aurrera eraman, sareak osatu eta lan komunitarioaren eguneroko lanean jarduten da, etengabe eta erraztasunik gabe, une latzenetan ere. Adibidez, konfinamendu gogorrenean, eta ondoren ere, administrazioa iristen ez zen lekuetan auzoetako talde prebentiboak aritu ziren (Umetxea, Sinar Zubi, Etxabakoitz Bizirik, Buztintxureando, Yoar, Bideberri, Batean eta Aldezar, besteak beste), esate baterako, bitartekari teknologikoak ez zituzten umeei eskolako materialak eramanez, edo adineko bizilagunei erosketetan lagunduz.

Gurea, Sanduzelai, bezalako auzoek denboran irauten duten politika publikoak garatzea, sare komunitarioa indartzea, tokiko zerbitzu publikoetan inbertsioak finkatzea, sareak eta ehun-ekonomikoa (komertzioa eta bestelako proiektu kooperatiboak) sustatzea ezinbesteko dute, besteak beste. Inoiz ez da berandu!

Recherche