Ane Alava, Manu Martinez eta Txomin Aiartza
Ernai Gazte Antolakundearen izenean

Azken gertakariez

Asmo argi batekin jarduten dute: beraien korporatibismoa indartzea, horretarako edonoren eta edozeren gainetik pasa behar badute ere komunismoaren banderaren aitzakipean.

Asteburuan Donostian gertatutako erasoak direla eta sortutako eztabaiden harira, eta gertakarien larritasuna medio, hainbat elementu mahaigaineratzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Sareetan eta ahoz aho zabaldutako errelato interesatuaren baitan, garrantzitsua iruditzen zaigu azken asteetan gertatutakoaren gaineko argipenak ematea: pasa den astean, Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxetik herri mugimenduaren materiala lapurtu zuten GKSko hainbat militantek. Horren aurrean Gazte Asanblada bildu eta egindakoa zuzentzeko eskatu zitzaien, hauek entzungor egin zuten. Testuinguru horretan Gazte Asabladak kide horiek kanporatu zituen. Hurrengo egunetan tentsioak gora egin zuen, larunbatean GKS-k modu antolatuan auzoa erasotu eta auzokideak jipoitzeraino. Herri mugimenduaren aurkako erasoak dira azken egunetako mehatxu eta jipoiak. Nahiz eta azken egunetakoak ez diren Euskal Herrian emandako eraso bakarrak izan, gu guztiok haien asmo politiko propio eta partikularretara makurrarazteko biolentzia antolatua erabiltzeko jauzia eman dute.

Bestetik, GKSren azken irakurketa eta agerraldian agerikoa da fokua desbideratzeko ahalegina. Egindakoaren (lapurretak eta jipoiak) erantzukizunik hartu nahi ez duten arren, onartezina da gertatutakoa, baita ez ikusiarena egitea ere. Onartezina da herri mugimenduaren aurka biolentzia antolatua erabiltzea. Eta are larriagoa da gertakari horietatik etekin politikoa atera nahian erabiltzen ari diren errelatoa eta diskurtsoa. Gainera, EHBildu eta Sortu interpelatzea hauek daukaten foko mediatikoaz probestea da, GKS-ren diskurtsoa hedatzeko eta Ezker Abertzalea higatzeko.

Zentzugabea da eta guztiz lekuz kanpo dago horrelako jokamoldeak erabiltzea auzoarentzako lanean dabiltzan bizilagunen aurka. Asmo argi batekin jarduten dute: beraien korporatibismoa indartzea, horretarako edonoren eta edozeren gainetik pasa behar badute ere komunismoaren banderaren aitzakipean. Horrelako jokamoldeek ez dute lekurik gure herri eta auzoetan.

Arriskutsua eta arduratzekoa iruditzen zaigu GKS-k darabilen mehatxuen dinamika. Egoera hobetze bidean ez dute negoziaketara dei egiten, marra gorrien atzean ezkututako txantaia egin baizik. Horrelako jarreretatik kanpo kokatzen dugu gure burua. Jazotako gertakarien aurrean dagokien ardura hartu behar dute; biolentzia antolatuak ez du inolako justifikaziorik.

Recherche