Aurelia Arkotxa

Bazter-Bideak

Hendaiako Irandatz auzotik Olhetako plazaraino eramaten gaitu Aurelia Arkotxa idazleak. Jean-Baptiste Elizabururen Piarres Adamen urratsek ekarri dute toki horretarat.

Orgabidea 3

            Puskatzen ari dituzte bazter-bideak. Murriztuz doazkigu libertate-perimetroak. Hona, ene karrikaren muturrean, Irandatzeko lehengo lurretarik oraindik zutik dirauten arbolak. Intermarché-ren aparkalekua alde batetik dutela, etxebizitzak bestaldetik, Bigarrena karrika saltokiaren eta bizileku eraikuntzen artetik pasatzen dela. Karrika luzea hor bururatzen da (edo hasten), haritzen gunea urraturik, Txit Ondo eta Hegoiak karrikak ezberdinduko dituen biribilgunean. Abenduko lehen izotzak zuritzen belar-izpiak. Hosto gorrantzak han hemenka haizeak metatuak. Haritz andana bat, metro karratu eskasetan. Irandatzeko oihan galduaren metonimia. Herriak oraino "antolatua" ez duen eremua. Zakurrarekin banabil haritzetan barna…           
       John Burroughsen gogoetak, eta Jean-Baptiste Elizanbururen Piarres Adame urratsaren neurkadarekin ongi doaz. Nahiz Elizanburuk tokiei gune murritza dien, itxuraz, eskaintzen, bizkitartean hor daude narrazioaren harian ehunduak, urratsaren erritmoan. Piarres Adamek eta Pellok segitzen duten orgabidean dira josiak lekuak : "Piarresek hitztorio hori akhabatu zuenekotz, Azkaingo herritik hurbil ginen… Azkaindik Olhetara, ez da bide luzea; lekho baten ingurua nonbait han. Den baino ere hamar aldiz laburrago iduritu zitzaitan bide hori, nere laguna zela medio. Azkain gibelera utzi genuenean, Piarres, indarrak bildu berria baitzen, hasi  zitzaitan mintzatzen gisa huntan."

         Orgabidea luzatuz doa Piarresen bertsuez eta kantuez apaindurik, edo Olhetako plazan airoski dantzatzen dituen muxikoez. Edo orgabidean kausitu jendeez : mandozaina, erreka bazterreko hiru "bokata joleak", Azkaingo etxeko anderea, Olheta sartzean sasian gordeak diren guardak...   Horregatik, behar delarik, gertakizunari muga topografikoak eman behar zaizkiolarik, bizpahiru pintzelada zaintsuz emana zaigu lekua. Olhetan gertatuko den dantza agerraldiarentzat beharrezkoa den plaza bezala, adibidez : "Gero sartu ginen, lauak batean, lerro-lerro, Olhetako plazan, erran nahi baita hiru edo lau etxe gisakoen artean, zeinek iduri baitzuten elkharri gibel aldea erakusten zutela, behar bada elkharrekin hasarre, edo muthur zirelakotz."

Recherche