BBK eta Vitaleko batzarretako kontseilariei gutun irekia
Ekainaren 30ean BBK eta Vitaleko batzarrak izango dira, eta horietan egingo den bozketa bereziki garrantzitsua denez, zuengana publikoki jo nahi dugu.
Alderdi politikoekin (EH Bildu, PSE eta EAJ) bilerak izan eta Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean agertu gara, bertan talde parlamentario guztiak zirelarik, gure iritzia eta argudioen berri emateko. Aitzitik, frankismo garaitik hona baliabide komunitarioekin egin den espoliaziorik handiena egitekotan direnek ez dute argudio politiko, ekonomiko edo sozial bat bera ere eman halako ez egitekoa azaltze aldera.
Marko normatiboaren notario eginkizuna usurpatuta, ematen duten arrazoi bakarra da legea bete beharra dagoela; bost axola lege hori euskal jendartearen interesen aurkakoa izatea, edota arrapaladan eta ad hoc egindako lege batek harrapaketa bat babestea, hain zuzen euskal kutxekin fidatu ziren pertsonen aurrezkiekin metatutako aktiboen harrapaketa.
EAEko Parlamentuak ezin du bere jarrera argudio horiekin zuritu, ez; beste zerbait egin behar du: euskal jendartearen eskariarekin bat ez datozen legeak aldatu eta euskal herritarren interesak babestu, banku eta espekulatzaileen interesen gainetik.
Baina hori jada aski ez balitz, gezurretan ari dira; legeak ez du behartzen egiten ari direna egitera. Araudiak beste alternatiba batzuk eskaintzen ditu, esaterako bankarizazioan atzera egitea edota banku izaten jarraitzea, baina kapitalaren %100 kutxen esku dagoelarik.
Oso zaila da justifikatzen lehenago, euskal kutxetan, gizarte ekintzara edota gure lurraldean inbertitzera bideratzen ziren irabaziak, pribatizazioa, bankarizazioa eta akzioen salmenta medio akziodunentzako dibidenduak banatzeko izango direla.
Azaldu ezinekoa da jauzia: lehenago zuek osatzen duzuen batzar batean hartzen ziren erabakiak, zeinetan erakunde publiko sortzaileak, ezarleak eta langileak ordezkatuta zeuden. Aurrerantzean, aldiz, banku fundazio bihurtuz gero, erabakiak hatzez izendatutako hamabost lagunek hartuko dituzte, hain zuzen Euskal Kutxak-Kutxabank pribatizatzea erabaki dutenek, bizi arteko eperako hautatutako hamabostek. Hauek izango dira, gainera, ondorengoak hautatuko dituztenak (gero diote monarkia ez dutela maite!).
Ez dago inolako argudiorik “Kontseilukide orokorrentzako informazioa” izenburupean BBK-k helarazitako paperetan agertzen diren mehatxuak botatzeko; hauen xede bakarra botoa baldintzatzea da.
Gezurra da alternatibarik ez dagoenik pribatizazio prozesu honentzat, zeina hasieratik taxutu dutenak BBVA eta Santander bankuen zerbitzura erabakitako estrategia baten konpli- zeak diren.
Alternatibak badaude, eta astia ere badago.
Badira alternatibak, geurea den marko normatiboa oinarritzat hartuta kutxen izaera publiko eta sozialaren alde egiteko, eta banku fundazio bihurtzea saihesteko.
Badira alternatibak euskal finantza sistema publiko bat sortzeko, zeinetan kutxak izango diren osagai nagusi. Badira alternatibak kutxak erakunde publiko eta sozial gisa kudeatzen jarraitzeko, banku fundazio bihurtzeko beharrik gabe.
Badira alternatibak, eta hala froga dezakegu, baina borondate politikoa falta da. Borondate politiko eza eta epekako espoliazio hori defenditzeko argudio gabezia eskutik doaz; erabaki honen ardura zuzenean zuei leporatu nahi dizuete, ematen duzuen botoa medio; ziurrenik zerikusi zuzena dute horrekin benetan erabakiak hartzen dituztenen, hots, espainiar banku handien itzalean egoteari esker lortzen diren prebendek.
Hainbat galdera datorkigu burura: Zergatik da Euskal Herrian ezinezkoa Alemanian, Frantzian eta EBko beste estatuetan posible dena, non aurrezki kutxek irauten duten, batez beste aurrezkien %52 kudeatuz? Zer dela eta bihurtu behar dira euskal kutxak banku fundazio? Zergatik ez dira alternatibak bilatzen Kutxa eta Banku Fundazioen Legeak ezarritako abenduaren 27ko epea amaitu baino lehenago? Zer dela eta likidatu nahi dute hau presaka eta aitaren batean?
Dei egiten dizuegu prozesu honi ezezko botoa emanez berma dezazuen euskal kutxen izaera publiko eta soziala, horrela ekarpena eginez euskal kreditu eta aurrezkia sozializatzeko, euskal sare sozial eta produktiboaren alde eta Euskal Kutxak-Kutxabank-en kudeaketa eredu demokratikoa defenditzeko.
(*) Mikel Noval, ELAko Politika Sozialeko arduraduna da, eta Bea Martxueta, LABeko Politika Sozialen idazkaria.