Arantza Urkaregi
BBK-ko batzarkidea

BBK: Sagredoren demagogia

Argi daukat aukera dugula Kutxabankek hartu duen norabide okerra zuzentzeko. Kutxabank euskal herritarrei eta beraien ekonomiari begira jartzeko, ekonomia erreala bultzatzeko benetako inbertsio eta finantziazio ahalegina egin dezan

BBK eta Vitaleko administrazio kontseiluek banku fundazio bihurtzeko batzar orokorrak konbokatzen zituzten bitartean, BBK-ko lehendakaria den Xabier Sagredoren iritzi artikulua irakurtzeko parada izan nuen.

Hasteko, Espainiako Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea aipatzen du, «lege horrek ezartzen du euskal kutxak banku fundazio bilakatzeko derrigorra duela» azpimarratzeko. Ematen du lege hori Espainiako Gobernuak inposatu digula, baina lege horren aldeko botoa eman zuen EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan. Alde bozkatu eta lege horren oso balorazio positiboa egin zuen Pedro Azpiazu EAJko diputatuak. Beraz, legea ez dator hutsetik, lege hori EAJk ekarri digu.

Eta benetan larria da positibotzat hartzea euskal kutxen desagerpena ondorioztatuko duen banku fundazio bihurtzea. Erabaki hori hartzen badu BBK-ko Batzar Orokorrak ekainaren 30ean gure BBK desagertu egingo da, antzeko izena mantenduko da, baina ez da gauza bera izango. BBK-ko Batzar Orokorra desagertu egingo da, hots, bezerook ez dugu izango gure iritziak, gure proposamenak, kexak plazaratzeko gunerik, langileen ordezkariek ezin izango dute parte hartu, udalek ez dute ordezkaririk izango banku fundazioa kudeatuko duen Patronatuan.

Bai, Batzar Orokorra desagertu eta erabaki guztiak 15 pertsonek osaturiko Patronatuaren eskuetan geratuko dira. Erabakiak jende gutxiagoren artean hartzeaz gain, konposizioa oso bestelakoa izango da: erakunde fundatzaileek hiru ordezkari, interes kolektiboko erakundeen bi ordezkari, helburu sozialei loturiko hiru pertsona independente eta ospetsu eta, azkenik, finantza arloko zazpi aditu. Esan dudanez, ez bezerorik, ez langileen ordezkaririk, ez udalen ordezkaririk… A, eta osaera hori ez du aipatu legeak ezartzen, hori EAJ, PSE eta PPk adostu duzue.

Patronatua Batzarrak onartua izango dela dio Sagredok, baina ez du esaten patronatu hori behin-behinekoa dela eta hortik aurrera, Patronatuak berak izendatuko dituela Patronatuaren kideak. Hau ez da endogamia deitzen? Bizkaia osoa ordezkatuko duela dio Sagredok, Bizkaian dauden sentsibilitate politiko guztiak presente egongo dira Patronatuan? Bizkaian dauden gizarte eragileen aniztasuna ordezkatuta egongo da?

Kontrol publikoa bermatuta egongo dela dio Sagredok, Eusko Jaurlaritzaren babesaren eta Espainiako Bankuaren gainbegiradapean. Hau bai eufemismoa, kontrol publikoa ez da babesa izatea, Eusko Jaurlaritzak kontrolatu beharko luke banku fundazioa, baina arestian aipatu Kutxen eta Banku Fundazioen Legeak aukera ematen zuen Euskal Kutxen Legea egokitzeko, eta Eusko Jaurlaritzak denbora utzi du pasatzen Euskal Kutxen Lege berria aurkeztu gabe eta aukera hori galduta banku fundazioak Espainiako Bankuaren menpe geratu dira. Kontrola Patronatuarena izango da, ez erakunde publikoena.

Eta hau dena korrika eta presaka egin nahi duzue. Zergatik? Legeak urtebeteko epea ematen du banku fundazio bihurtzeko, hots, abenduaren 29ra arte. Orduan, zergatik sortu behar dira banku fundazioak ekainaren 30ean? Nik erantzun bakarra aurkitzen dut: jendartean sortu den Kutxabanken inguruko eztabaida zapuztu (saihestu, agian hobeto?) nahi duzue, Kutxabanken etorkizunari buruzko erabakiak ez dituzue Batzar Orokorretan hartu nahi, kontrako jarrerarik ager ez dadin eta zuek hautatutako elitearen eskuetan utzi nahi duzue. Era horretan errazago izango duzue egun BBK, Vital eta Kutxaren eskuetan dauden Kutxabanken akzioak saltzen hastea. Mario Fernandezek esan zuen akzioen %70 saldu behar zuela Kutxabankek. Hor hasi zen pribatizazioaren inguruko eztabaida. Orain esaten diguzue demagogia egiten ari garela, baina guk egin duguna da ezkutuan egin nahi zenutena agerian utzi.

Gu ez gaude prest geure ondare osoa pikutara botatzeko, CANekin gertatu den moduan. Horregatik eskatzen dugu eztabaida zabaltzea, hain erabaki larriak ez hartzea orain korrika eta presaka, baizik eta ditugun sei hilabeteak profitatzea Kutxabanken etorkizunaren inguruko eztabaida egiteko eragile sozial, politiko eta sindikalen artean. Ezinbestekoa da Euskal Herriak behar duen finantza sistemaren inguruko eztabaidari ekitea, era zabalean. Zuen kezka bakarra estres testa pasatzea den bitartean, gure kezka kutxen izaera publiko eta soziala mantentzea da.

Gauza batean ados nago Sagredorekin: aurrez aurre planteatzen zaiguna aukera bat da. Berak dio bihar gaur bezala jarraitzeko; nik, aldiz, argi daukat aukera dugula Kutxabankek hartu duen norabide okerra zuzentzeko. Kutxabank euskal herritarrei eta beraien ekonomiari begira jartzeko, ekonomia erreala bultzatzeko benetako inbertsio eta finantziazio ahalegina egin dezan, tokiko garapen eta beharrei lotuta egon dadin, bertako enpresari txiki, kooperatiba eta autonomoei behar duten finantziazioa eskaintzeko, bezeroei iruzur egiteko erabiltzen diren finantza produktu zein interes tipoak, IRPH kasu, desager daitezen, inor gehiago bere etxetik kaleratua izan ez dadin, gizarte ekintzako inbertsio gehiago egin ditzan…

Zabal dezagun eztabaida eta lor dezagun eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko akordio zabal bat, gure kutxak desager ez daitezen. Kutxabank publiko eta izaera sozialekoa nahi dugu eta lortuko dugu.

Recherche