Andoni Olariaga
Filosofoa eta Iratzar Fundazioko kidea

Belaunaldi berriak, metafora berriak

Nor da nazionalista baztertzailea hemen? Nork banatzen du gizartea bitan?

Azken urte hauetan aspertu arte esaten gabiltza ziklo bat amaitu eta beste berri bat martxan jarri dela. Horrekin batera, aurreko zikloak sortu dituen galdera eta beharrak aldatu eta galdera zaharrentzako erantzunekin geratu garela esan dugu. Esanda geratu da: egin dugu analisi erretrospektiboa, egin dugu autokritika. Orain aurrera egin beharrean gaude. Baina aurrera egiteko ezinbestekoa da autokritika ongi zentratzea: ze galdera aldatu diren ongi zehaztu behar da, zeintzuk izan daitezkeen berriak eraikitzeko bideak, eta erantzunak ere ze oinarritan eraiki daitezkeen esateko ordua heldu zaigu. Izan ere, galdera berriak etorri baina susmoa dut dilema faltsuekin planteatzen ari garela soluziobideak: alegia, korapilo eta manikeismo zaharretara bueltatu gara.

Dena den, aurrera begiratzeko, nondik gatozen jakin behar da, galdera egokiak pausatuz: zeintzuk izan dira 60ko hamarkadan jaio eta hamarkada luzez gure mugimendu sozial eta politikoa zizelkatu duten zutabe ideologiko nagusiak? Zeintzuk gure hipotesi eta hautu estrategiko eta taktikoak? Hiru multzotan banatu daitezkeela iruditzen zait. Baga; gure helburu edo hipotesi estrategikoa, gure iparrorratza izan da: independentzia eta sozialismoa. Biga; herritartasun subjektua (nor da euskal herritarra?): «hemen bizi eta lan egiten duen oro euskal herritarra da». Higa; estrategia eta taktikari dagozkion hiru esparruak: 1) subjektu politikoaren artikulazioari dagokiona (Telesforo Monzonen Maltzaga metaforarekin ezagutzen duguna); 2) lurraldetasunaren ulerkera eta artikulazioari dagokiona (Jarrón Roto, Monzonena berarena), eta 3) arerioarekiko taktikari dagokiona, aldebikotasunaren estrategia gisa definitua. Artikulu honetan hipotesi estrategikoaz eta herritartasun subjektuaz arituko naiz, eta bigarren artikulurako utziko dut estrategia eta taktikari dagozkion hiru metaforak.

Europan nazio borroka (nazionalismoa) eta klase borroka (sozialismoa) teorikoki banatu ziren XIX. eta XX. mendeetako eztabaidetan. XX. mende osoan bi horien lotura eta desloturaren eztabaidak zentralak izan dira mugimendu iraultzaileetan. ETAren hasierako biltzarren korapilo nagusiak ardatz horietan mugitu dira. Mundu mailan borroka antikoloniala eta soziala banatu egin ziren, eta hainbat ezkerrek batera doazela ulertu arren, beste batzuek haien nazionalismoa ezkutatu eta estatu gabeko nazioei soilik egotzi zieten ideologia hori.

60ko hamarkadan gure mugimendu politikoak uztartu egin zituen: txanpon beraren bi aldeak direla formulatuz. Txabi Etxebarrietak lehenik, Argalak ondoren. Sintetizazio horrek garai hartako erronka bati erantzuten zion: borroka antikoloniala edo kulturala ez zela burgeskeria bat, klase borrokaren konkrezioa Euskal Herrian baizik: alegia, independentziaren aldeko borroka klase borrokaren ardatzean kokatua zegoela, bete- betean. Eta formulazioak arrakasta izan zuen; eta arrakasta izan zuelako behar dugu eguneratu, hain zuzen.

Izan ere, XXI. mendean sartuta gaudela, nazionalismo eta sozialismo hitzak nahikoa zikinduta sartu dira mende berrian: nazionalismoa arerioa politikoki deuseztatzeko termino gutxietsia da Europan; sozialismoa, aldiz, termino oso lausoa bihurtu da. Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, gaurko jendarte joera eta emantzipazio borroka berriei lotuago legokeen formulazio berriak behar ditugu, belaunaldi berriek eginak. Nondik joan daitezke haize berri horiek? Horri erantzuteko galdera egokia pausatu behar da: hain zuzen, zer ari dira aldarrikatzen, funtsean, gaur egun, mugimendu sozial eta herritar eraldatzaile emantzipatzaileak? Azken finean, transbersala den ideia erradikal eta demokratiko bat: subiranotasuna edo burujabetza.

Burujabetza historikoki aldarrikatu dugun zerbait da, baina gaur egun elkarri lotutako hainbat elementuren sare bezala ulertzen dugu: elkarri lotuak leudekeen burujabetza askotarikoak bezala. Subiranotasunaren ideiak borroka nazionala eta soziala sintetizatu ez ezik, elementu gehiago lotzen dizkio, aberatsagoa, osoagoa eta erradikalagoa eginez. Alde biko txanpona alde anitzeko irudi geometrikoa bilakatzen da horrela, batak bestea baldintzatu eta elkarri eragiten dioten aldagaien poliedroa: lurraldea, energia, elikadura, ekologia, zaintza, gorputza, baldintza materialak... Feminismoak ekarri duen borroken gurutzatzearen edo intersekzionalitatearen ideiari jarraituz, subiranotasunaren ideia berri horrek borroka anitz artikulatzeko ikuspegia ematen du.  Artikulazioa ez da, noski, borroka guztien multiplo komuna eginez osatzen den saretze ideal neutral bat: momentu historiko bakoitzean borroka batek hartzen du burujabetza aldarrikatzeko lidergoa, nolabait besteen aldarrikapenak ere errepresentatuz. Artikulazioak ere ez du borroken fragmentazioa azpimarratu eta sustatzen; horren ordez, borroka desberdinen artean komunean dutena artikulatzea du helburu.

Burujabetzaren ideiari edo iparrorratzari, herritartasunaren ideia lotu behar zaio. Izan ere, borroka nazionala eta soziala uztarturik ulertzen genituen bezala, Txabi Etxebarrietak planteatutako subjektu herritarrak formulazio horren logikari jarraitzen zion: horixe da, hain zuzen, Euskal Herri Langilea (EHL, bere garaian Pueblo Trabajador Vasco izenez ezaguna, PTV), 1965ean “Carta de ETA a los intelectuales vascos” idatzian abiatzen zena, ondoren ZUTIK 44. alean formulazio zehatzagoa eginez. EHL ukazio nazional eta sozialetik askatzeko subjektua izango da: horren parte izango dira, ez bakarrik proletarioak, baizik eta zanpatuak diren beste klase sozialetako partaideak ere. Definizioaren translazio egokiena, hortaz, Euskal Langileriarena baino Euskal Herritarrena litzateke (proiektu askatzailearen burutzat langileria aitortzen bazuen ere).

1968az geroztik, ezker independentistak emantzipazio sozial eta nazionalaren subjektutzat hartzen du, nazionalismo tradizionalaren iruditeria etnizista gaindituz. Raul Zeliken ustez (“La izquierda abertzale acertó”, Txalaparta), ez zen izan oso formulazio koherentea: euskaldun industrialak EHLren parte izateari uzten zion eta Burgos edo Saharako migratzailea EHLren parte izatera pasatzen zen automatikoki Euskal Herrira etortzeaz edo lan egiteaz batera. Dena den, formulazio horrek bi birtualitate zituen: batetik, klase borrokaren eta borroka nazionalaren arteko lotura mantentzea; bestetik, nazionalismo tradizionalak baino herritartasun demokratikoago bat proposatzen zuen. Horrez gain, azpimarratzekoa da nazioaren adierazlearen berresanahitze bat egiten duela hemen funtsean Etxebarrietak. Espainiar Estatuan aldaketa indarrak nazioaren berresanahitze saiakera egiten saiatu dira, «gu langileak, xumeak, herritarrak, gu gara herria» azpimarratuz behin eta berriz. Ez dator gaizki gogoratzea, harrokeriarik gabe baina harrotasunez, guk aspaldi egin genuela, ezker europarraren tradizioan bete-betean txertatuz gure teoria eta praxi politikoa.

Txanponaren bi aldeen metaforara bezala, EHL edo PTV berregokitzeko beharra dugu: dituzten bertuteak jaso eta gure egunetara ekarrita. Zeintzuk dira PTVren bertuteak? Herritartasuna aitortzen die Euskal Herrian lan eta bizi diren herritar guztiei, konponente demokratikoa hobetsiz. Horrez gain, gure praxian sartuta dago, bete-betean. Adibide bat jartzearren: Nafarroan zein EAEn doako osasun arreta bermatzen duen sistema unibertsala espainiar Auzitegi Konstituzionalak inkonstituzionaltzat jo du. Halako ekimenen atzean, eta espainiar Estatuaren betoaren atzean, herritartasunaren bi praktika daude (azken finean, horretaz ari gara proiektuak konfrontatzerakoan); bata demokratikoa eta unibertsala da; besteak jatorri nazionalaren eta burokraziaren eskuetan uzten du jendearen eskubideak bermatzeko aukera. Nor da nazionalista baztertzailea hemen? Nork banatzen du gizartea bitan? Horrez gain, herritartasunaren diskurtso erradikal eta demokratiko horrek gaur egun dagoen diskurtso multikultural tolerante eta politikoki zuzena (identity politics bezala ezagutzen dena, beste artikulu batean garatuko dudana) gainditu egiten du, mezu argi batekin: eskubide guztiak herritar guztientzat.  

Gure oinarri ideologikoak diren formulazio horiek egokitu eta eguneratzeko ordua da, asmatu genuena lepoan hartuz, gure emaria balioan jarriz eta gaurkotuz; hori da gure iraganari egin diezaiokegun oparirik onena.

Recherche