Afrika Jimenez Varela, Ana Perez Perez, Marga Mosquera Astrain, Maria Palacios Cubillana
STEE-EILASeko kideak

Berdintasunaren bidean atzera pausorik ez

Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako garai txarrak bizitzen ari gara. Murrizketak eta eskubideen atzerapausoen garaia, non emakumeok egoerarik okerrena pairatzen jarraitzen dugun. Garaiak non feminismo hitza desprestigiatuta dagoen.

Hau ez da berria, errebindikazio eta konflikto garaietan feministek ez dute beti tratu onik jaso. Orokorrean, jendarteak izen ona eta ospea kendu dizkie barregarri utzi nahian. Agian, filosofia honek bizi garen gizarte patriarkal honetako funtsezko zutabeetan sakondu eta desegiten dituelako. Gaur egun, atzera begiratuta, progresista denak ez luke ukatuko feminismoak jokatu duen papera jendarte justuagoa eraikitzeko, baina orainaldian hitz egiten dugunean, dena egina dagoen inpresio orokorra da. Dena egina dagoela edo ezin dela ezer berririk egin. Hala ere, egindakoa gutxi ez bada ere, egiteke dagoena gehiago dela jakin badakigu.

Historian zehar, gizonezkoek zituzten hainbat eskubide lortzeko, emakumeok oso gogor egin behar izan dugu lan: bozkatzeko eskubidea, hezkuntza, lan ekoizkorra... baina lorpen guztiak lortuta ere, oraindik gutxiago kobratzen jarraitzen dugu, pobreziaren tasarik handiena pairatzen dugu eta gizonezkoekin konparatuta gure denboraren %32a gehiago ematen dugu etxeko lanak eta zaintzak egiteko. Onarpen eskasa daukaten baina bizitza mantentzeko ezinbestekoak diren lanak!

Zorritzarrez, oraindik egiteko bide luzea gelditzen da, gizarteak emakumeari beste garai bateko rolak ezartzen jarraitzen dio. Oroimen kolektiboan hain sartuta dauden rolak non aldatzea oso zaila diren. Gaur egun gizarteak eskuinera jotzeko daukan joera kontserbatzailea gero eta handiagoa da, eta emakumea berriro ere esparru publikotik desbideratzeko oso arriskua handia dago.

Historikoki erlijio erakunde eta korporazioek euren ‘liburu sakratuak’ jarraituz, dogmekin bat eginez, edota ‘tradizioa’ edo ‘kultura’ direlakoak aitzakiatzat hartuta, emakumeak bigarren mailako roletan kokatu dituzte. Beti beren eskubide preziatuenak erasotzen dituzten gizonezkoen zerbitzuan eta agintepean. Emakumea beti bigarren maila batean agertu ohi da, bekatuaren ordezkaria bezala, tentazioa edo maltzurkeria irudikatzen. Emakumea, oinazea pairatzeko sortua, erditzeko, amatasunerako, inolako ekimenerako kapazitaterik gabekoa, bere bizitza osoa besteen omenez emateko prest. Emakumea esklabo bezala, irarkietan sartzeko inolako aukerarik gabekoa.

1949an Simone de Beauvoirrek ‘Bigarren sexua’ liburuan sexu eta genero kontzeptuak zein bere aldetik garatu zituen. ‘Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da’ esaldiarekin, emakume bezala eraikitzeko beste moduak daudela defendatu zuen. Hain zuzen ere, hezi egiten gaituzten ezaguerak, jarrerak, trebetasun, abileziak eta baloreen menpe daudenak. Horrela, emakume generoan kokatuta, emakume askok erlijio monoteistek mendean zehar eraiki duten irudia desegiten lortu zuten, aliantzak ezarriz beren eskubideen aldeko borroka kolektiboa garatzeko bidea ireki zuten.

Urte luzeen buruan botere zibila eta erlijiosoaren arteko mugak nahastuak egon direla kontuan harturik emakumearen aurkako lege diskriminatzaileak duela gutxi arte indarrean egon dira. Laizismoa da gizarte berdintzailearen eredua proposatzen duena: pertsona guztien autonomia aldarrikatu eta errespetatu egiten duena. Giza eskubideetan oinarritutako gizarte laiko baten sorrerak ahalbideratu izan du mendebaldeko emakumeen eskubide eta aukera-berdintasuna.

Atzerapauso ideologiko hauek hezkuntza esparruan ere ematen ari dira. Hezkuntza Lege berri bat inposatu nahi digute, paradoxikoki izendatuta den Ley Orgánica de Mejora de la Calidad Educativa, LOMCE. Kontrarreforma ideologikoa besterik ez den legea, neoliberala eta uniformatzailea, segregatzailea, ezberdintasunak sustatzen dituena. Nolabait ere, LOGSEk proposatutako Hezkidetza eta baloretan oinarritutako hezkuntzatik sorturiko proiektuen ez-sexistaren erreferentzia guztiak nahita ezabatu egiten dituen legea.

Gaur, inoiz baino gehiago, martxoaren 8ko ospakizunaz baliaturik, zer nolako gizarte eta hezkuntza eredu mota nahi dugun hausnarketa bat egin nahi dugu: hezkidetzan oinarritutakoa eta desberdintasunak errespetatuz, gizon eta emakumeen arteko eskubideen berdintasuna eta ekitatea sustatzen dituztena.

Recherche