Ramon Sola
GAUR8

Bermudez, Roldan, Barcina eta gu

Gomez Bermudez epailea hiruzpalau hitzalditan eta beste hainbat epaiketatan entzun ondoren, espainiar botere sistemaren rara avis gutxienetako bat dela ondorioztatzen da. Bere kideen artean –«Estatu gizonen» artean alegia– ez da batere ohikoa «borroka ideologikoan» aritzeko prest egotea eta etsaiarekin aurrez aurre eztabaidatzeko gogoa izatea, etsaia bera «seduzitzen» ahalegintzeraino.

Horregatik lilura berezia eragiten dio pertsonaiak entzuten duen orori, itxuraz. Baina bere diskurtsoaren azala pixka bat urratzen hasiz gero, berehala agertzen dira hutsuneak, tranpak eta gezurrak. Amaia Izko abokatuarekin Donostian izan duen buruz buruko mahai-inguruan biziarteko zigorraren aurka mintzo da sutsu epailea, ustez gizatiartasunez, baina aldi berean 197/2006 doktrina zuzena eta egokia zela berretsi du berriz. Bateraezinak dira bi adierazpenak: horren bidez 30 urteko espetxealdiak ezarri dizkiete euskal presoei, eta 2008ko lege aldaketaren ondoren, 40 urtekoak ere bai. Hori ez bada Gomez Bermudezentzat biziarteko zigorra, zer izango da ba?

Bere garaian ere oso boteretsua izan bazen ere, aspalditik distira eta ospe guztia galdu du Luis Roldanek. Ez dago Gomez Bermudezekin parekatzerik, zeresanik ez Nafarroan oraindik askoren gogoan dauden parranden anekdota patetikoak edo “Interviu”-n ageri ziren sasiorgia ezin kutreagoen irudiak oroitzen baditugu.

Baina Roldan ere argi mintzo da orain, garden. Ez genekien ezer berririk ez du esan, baina torturari buruzko argitasuna eskertzen da. «Hipokritak ez bagara, ulertu behar dugu 23 pertsona hil dituen lagun bat atxilotzen duzularik itaunketetan egindakoa aitortzen badu, zer da hor aitorrarazi diona? Kolpeak izan dira, aztarnarik uzten ez duten presio fisikoak... (....) Norbaitek uste al du inolako koakziorik gabe deklaratzen dutela?», adierazi du Luis Roldanek “El País”-en. Lehenengo Nafarroako gobernadore zibila eta gero Guardia Zibileko zuzendari orokorra izan ostean, noiz eta 80ko hamarkadaren hasieran, balio erantsia du aldarrikapenak, dudarik gabe.

Bere jarreragatik zein ibilbide politikoagatik, Javier Gomez Bermudezengandik baino Luis Roldanengandik gertuago ikusten dut Yolanda Barcina. Ez du «Estatu emakumea» izateko bokaziorik ezta dohainik ere; bai ordea, ezeren truke diru publikoa poltsikoratzeko ohitura handia (Nafarroako Kutxa, Unibertsitate Publikoa...) eta zaletasun hori irribarre batez justifikatzeko ezintasun moral nahikoa.

Oraingoan merengearen gogortasun mailaz hitz egin digu, baina porlanezko aurpegia behar da protesta baketsu batengatik bederatzina urteko kartzela zigorra eskatzeko (tartakada «atentatutzat» joaz), baita gero eskuak garbitzen saiatzeko ere, zigor eskaerez berak ez dakiela ezertxo ere adieraziz. Ur handietan murgildu dira Gomez Bermudez eta Roldan, baina ur txikietan markak hausten ari dira Barcina eta bere ondokoak, errepresio bortitzenez aldaketa politikoa ekidin nahian (tartalarien aurka, txupinazoaren arrantzaleen kontra, Ateak Irekiren leihoa itxiz, Nafarroako Kutxaren eskandalua lurperatuz...)

Zerrenda amaigabea litzateke, baina Gomez Bermudez, Roldan eta Barcina hiru adibide egoki iruditzen zaizkit. Zeren adibide? Guk geuk, nor bere egitekotik Euskal Herriaren alde gabiltzan guztiok, aurrean dugun arerioaren gogortasun eta eskrupulu ezaren adibide.

Irabazle/galtzaile paradigma hori ezartzeko tematuta dauden garai honetan, komeni da noizbehinka gogoratzea Europako errepresio basatiena eta zabalena erabili dela eta oraindik ere –beste maila batean– erabiltzen dela gurean. Eta hala ere, horren gainetik, herria ibili badabilela, aurrera doala eta irabazteko ateak zabal-zabalik dituela.

Recherche