Amets Bengoetxea Erkizia

Berri txarragoak ezkertiarrontzat hezkuntzan

Berriki hezkuntzari dagokion atala irakurri dut eta jendartean ezezaguna den EH Bilduren proposamen batek harrituta nauka. 2016an eskola publikoaren alde egitetik, 2020an «publikotasun-partekatuaren» terminoa babestera pasa dira.

Duela urtebete "BTX ezkertiarrentzat hezkuntzan" iritzi artikulua idatzi nuen; udazken horretan Berri Txarrak-ek bafleak itzali eta ordundik dena okerrera joan da.

Ez naiz alderdi guztien programa politikoak irakurtzen dituzten horietakoa, ohikoa dudan moduan ezker abertzalearentzat izaten da nere bozka. Oraingoan ere hala izan da proposamenaren 202 orriak irakurri gabe. Hala ere, berriki hezkuntzari dagokion atala irakurri dut eta jendartean ezezaguna den EH Bilduren proposamen batek harrituta nauka. 2016an eskola publikoaren alde egitetik, 2020an «publikotasun-partekatuaren» terminoa babestera pasa dira. Egiari zor, eskola publiko burujabea helburu izango lukeen trantsizio pausu bat litzateke. Baldintza batzuk betetzen dituzten ikastetxe pribatu batzuk publikotzat hartzea da ideia nagusia sare publiko, Hezigune, bateratu bat sortzeko. Doakoa, unibertsala, segregazio oro ekidingo dituena, euskerazko murgiltze eredua duena, feminista, euskal kurrikuluma ardatz... izango duena.

Hobetu beharreko egiturazko arazo asko dauzkan sistema izanik ere, zer da egungo eskola publikoa EAEn? Baliabide material eta pertsonala falta da, utzikeria instituzionala eta burokrazia gehiegi dago, baina EH Bilduk proposatutako puntu guztiak betetzen ditu. Horregatik, laguntza eta babesa eman beharrean, publiko izaerari «partekatu» abizena jartzea harrigarria egiten zait.

Gaur egun administrazioaren titularitatea dutenak dira publiko bakarrak eta bertan ikasteko eskubidea familia guztiei eskaintzen zaie, inolako bazterketarik egin gabe; baina ezkerreko alderdi batek sistema publiko guztia indartzeko/hobetzeko proposamenak egin beharrean, nahasmena sor dezaketen terminoak asmatzen ditu. Ez hori bakarrik, hezkuntza alorrean EH Bilduk bozgorailua jartzen dien batzuek «herriarena dena publikoa da» bezalako adierazpenak erabiltzen dituzte publikotasuna birdefinitzeko, hori bai hezkuntzarako soilik. Baina publikoa ez da herritar/komunitate batzuena bakarrik, herritar guztiena baizik. Eskola publikoan familia guztiek dute tokia eta, arrazoi ezberdinengatik, itunpekoetan ez.

Zer pentsa eman behar liguke ezkerrekoa den alderdi politiko baten norabide aldaketa honek. Edonola ere, EH Bildu inperfektu hau herritarrok egiten dugu eta guk eraldatzeko aukera daukagu, egin dezagun ba.

Recherche