Haritz Larrañaga
Zarautz

Betirako bihotzean, Miren Mondra

Aitzitik, herritarrentzat erreferentzia izatea ez da dohain, eta sekulako jazarpena jasan zuten urte luzez Mirenek eta Jexuxek, baita haien bost seme-alabek ere

«Mujeres como usted nos hacen falta a nosotros» esan zion Mireni gauez beldurtzeko asmoz Mondragones tabernara sartu zen guardia zibiletako batek. Aldekoen, kontrakoen eta «paso egiten» dutenen errespetua irabazi zuten Mirenek eta Jexuxek, Zarauzko Mondragones tabernaren jabeek. Jexux 2014ko otsailaren 6an joan zen eta Mirenek azaroaren 27an utzi gaitu. Desagertzear zen herri bat berpizteko guztia eman zuen belaunaldi bateko bi izen dira.

Euskal Herriko lehen “herriko taberna” izan zen Zarauzko Mondragones taberna, egun Arrano izena duena. Beste herrietako jendea Zarautza iristen zenean «non da herriko taberna?» galdetzen zuten eta hortik jaso zuen gerora Euskal Herri osora hedatu zen goitizena.

Lehen atxiloketak hasi zirenean, 60ko hamarkada hasieran, aske geratzen zirenek Mondragonesen «xanpaina ziurtatua» zuten. Igandeetan herriko plazan aritzen ziren musikariei ere xanpaina eskaintzen zien Mirenek, euskaraz abestearen truke, eta 250 pezetako isunak birritan jaso zituzten, «por cantar canciones subversivas».

Tabernan jende andana ezagutu zuten. Esaterako, Bartzelonan atxilotu eta fusilatu zuten Txiki eta baita haren atxiloketaren erantzule izan zen “El Lobo” famatua ere. Sukaldean zela zelatan sumatu zuen Mirenek aurpegian orin bat zuen gaztea eta zera pentsatu omen zuen: «Hau etakidea da edo polizia da».

Aitzitik, herritarrentzat erreferentzia izatea ez da dohain, eta sekulako jazarpena jasan zuten urte luzez Mirenek eta Jexuxek, baita haien bost seme-alabek ere. Bi bider eraso zioten tabernari lehergailuekin, 1976ko apirilaren 10ean eta 1979ko ekainaren 11n. Azken erasoa gogorra izan zen eta bi astez taberna itxi behar izan zuten kalteak konpontzeko. «Ahora tendrá que ir a plantar lechugas» iradoki zieten guardia zibilek salaketa jartzera joan zirenean.

Ez zen taberna itxi behar izan zuten lehen aldia; Burgosko epaiketa zela-eta taberna guztiek itxi zuten greba egun batean, baina Mondragones taberna soilik zigortu zuten; hiru hilabetez taberna itxi zieten. Isunak, probokazioak eta mehatxuak eguneroko ogia izan ziren Mondragonesen.

Jexux 15 bider deitu zuten kuartelera, hiru bider eraman zuten Donostiako Komandantziara eta txiripaz libratu zen amnistiaren aldeko mobilizazio batean gertutik tiro egin behar zion Guardia Zibilari pistola trabatu zitzaionean. Haien alabak 16 urterekin egin zuen ihes erbestera, seme zaharrena zazpi bider atxilotu zuten, lehen aldian 15 urte zituen, eta, bere amak oroitarazten zuenez, geroko atxiloketa guztietan tratu txarrak jasan zituen; «elektrodoak, plastikoak eta kolpeak, zer ez zioten egin Pellori?». Beste seme bat ere eraman zuten Pellorekin batera 1980ko azaroaren 8an eta izugarrizko torturak jasan zituzten, luzerako ondorioak eragin zizkietenak.

Egun eraikitzen ari den iraganaren alde bakarreko kontakizunean lekurik ez duten istorioak dira, Miren eta Jexux bezalako pertsonak ezagutzeko zortea izan dugunok ahaztu ezin ditugunak, eta ahaztuko ez ditugunak. «Guri kristorenak egin dizkigute izorratzeko, eta bai, izorratu gaituzte, baina ez gara inoiz hondoratu, herriak lagundu digulako, herriarekin dabilena ez da inoiz hondoratuko», nabarmentzen zuen Mirenek “Zarauzko amesgaiztoen liburua”-n. Orain joan da, joan dira, pixkanaka desagertzen ari den urrezko belaunaldi bateko aurpegiak dira, urtzen direnean buru-bihotzetatik ezabatu ezin ditugunak. Miren eta Jexux bezalako pertsona handiei zor diegu garena, gure izatearen bihotz-memoria.

Recherche