Xanti Begiristain Madotz

Bidankoze eta Garralda. Belarrietatik tiraldia

Nik ez dakit zergatik ez zuten jarriko igogailurik delako udaletxean, azken zaharberritze lanak egin zituztenean: dirurik ez zutelako? Ahaztu egin zitzaielako? Edota beste zerbaitengatik? Kontua da, negargarria izateaz gain, atzerapen handia ere badela.

Orain dela lauzpabost aste, Bidankozen izan ginen Mariano Mendigatxa Ornaten omenaldian. udaletxean egin zitzaion ekitaldia, ederra eta jakingarria izan zen; baita jaiotetxean, Euskaltzaindiaren izenean plaka bat jartzerakoan eta Mendigatxak berak jasotako hamar bat abesti kantatzerakoan ere. Hura guztia bikaina izan zen eta ni oso gogobeteta gelditu nintzen.

Izan zen, hala ere, gauza bat batere gustukoa izan ez nuena, eta hauxe gertatu zen hain zuzen ere, alegia, itxura guztien arabera, argi eta garbi ikusten zen Bidankozeko udaletxea duela gutxi zegoela zaharberritua, baina, hala eta guztiz ere, lehenengo solairura iristeko ez zegoen igogailurik, eta horren ondorioz, bost edo sei pertsonak gorriak eta beltzak ikusi behar izan zituzten, ni lehenengo solairuraino igo nintzaten; gurpil-aulkiak soilik 115 bat kilo ditu. Jaisteko, beste horrenbeste pairatu behar izan genuen: beraiek, oso eginbehar zaila izan zutelako, eta, baita nik ere, niretzat ere ez delako batere egoera eroso, seguru eta atsegina.

Nik eskerrak ematen dizkiet, halako lekuetan, borondate onez, parte hartzen duten pertsona guztiei, nola ez? Bai, noski! Baina, era berean, uste dut, XXI. mendean ongi sartuta gauden honetan, jokabide horien guztien premiak lekuz eta garaiz kanpo egon beharko lukeela.

Nik ez dakit zergatik ez zuten jarriko igogailurik delako udaletxean, azken zaharberritze lanak egin zituztenean: dirurik ez zutelako? Ahaztu egin zitzaielako? Edota beste zerbaitengatik? Kontua da, negargarria izateaz gain, atzerapen handia ere badela.

Eta handik egun gutxira, Garraldako jaietara joan ginela suertatu zen. Eguerdian. Udal plazan Herri Kirolak ikusi genituen. Haiek bukatutakoan, Pirinio Kantuzen hartu genuen parte, plaza berean. Ekitaldiaren bigarren zatian, norbaitek proposatu zuen abestea hango ostatuan; oker ez banago, Udalekoa behar du izan ostatuak. Eta hantxe hasi zen nire bigarren kalbarioa, izan ere, ostatu hartara sartzeko, duela urte gutxi batzuk, bi arrapala egin zituzten, eskuineko albotik barneratzeko, baina, hantxe bertan, atean, bi koska edo maila daude egokitu gabe. Gainera, ni barruratzen saiatu naizen bi aldietan, hantxe oholak eta beste traste batzuk topatu izan ditut. Beste behin, neguan, elurbustia ari zuela, sartzeko aipatu dudan ate horren parean, baina barruan, musika talde bateko partaideak ari omen ziren jotzen, eta sartu gabe gelditu behar izan genuen. Beste bi aldietan, sartu nintzen, bai, baina ez modu normalizatu batean, hobeki esanda, sartu eta atera ninduten, autonomia eta askatasunik gabe, menpekotasun egoeran eta era deserosoan.

Garraldako kasu horretan azpimarratu nahi dut, aspaldian jakinarazi niola Udaleko norbaiti, han egindako akatsa, zuzentzeko, orain dela urtebete pasatxo, seguru asko, baina, zoritxarrez, oztopo arkitektoniko hark hantxe jarraitzen zuen berdin-berdin, azken egun hartan behintzat.

Bukatzeko, zera adierazi nahi dut: jende gehiena beharbada ez zen ohartuko, baina, egun hartan, Garraldan, berriz ere zapaldua, ezberdina, aintzakotzat ez hartua, baztertua, giza eskubideak ez errespetatuak, gutxietsia, duintasun gutxiagorekin, amorruz betea eta abar sentitu nintzen. Badakit errua ez dela nirea, ni prest bainago ibiltzeko toki irisgarri guztietan, baina agintariak oraindik gizartearen atzetik doaz gai honetan, beste askotan bezalaxe. Nik neronen bizitzaren bi heren baino gehiago daramatzat borrokatzen, denen mesederako diren gai hauen alde, eta etsigarria da ikustea 2018. urtean oraindik egoera tamalgarri honetan gaudela.

Nire bokazioa ez da, eta inoiz ere ez da izan oztopo arkitektonikoak borrokatzea. Egin dudan guztia, premia gorria zegoela ikusi dudalako izan da. Hemendik aurrera, ez nuke jarraitu nahi denbora gehiago ematen gai horietan, behar latza dagoelako. Nire denbora beste ekitaldi sortzaileago batzuetan enplegatu nahi nuke.

Recherche