Fito Rodriguez

Bidezkoa eta beharrezkoa izan zen

Sartreren edo Txillardegiren begiradapean, kolonizatuen ikusmira ezin da ordezkatu eta Euskal Herria kolonia zapaldua izan dugu.

Lagun garaikide guztiok, garai honetakoa naiz ni, nahiz eta, halaber, beste garai batekoa izan. Eta ni bezala zuek denak, nire garaikide maiteak, horrelakoak zarete, garaian garaikoaren arabera inguruak egin egiten gaitu-eta. Baina, zoritxarrez, gure postmodernitate garai honetan, orainaldi historikoan, lasai asko edozein gauza esan edo idatz daiteke, hala sarean nola hedabideetan, baita zabaldu ere, testuinguru gabe eta, horrela, ez frogarik ezta azaldutakoaren ardatzak ere kontuan hartu gabe, adierazitakoak bere esanahi absolutu bezain magikoa hartzen du sasoi eta toki guztietatik at, betikoa balitz bezala ezertxo ere ez dagoela betidanik eta betirako jakin arren.

«Ez zen bidezkoa izan» diote eta errepikatzen dute politikari batzuek, ia denek, tamalez, gure historia garaikidearen harira, Historiaz aritzeko testuinguruari kasu egitea ezinbestekoa dela jakinda, hau da, engainatu nahian.

Zeren eta, ez historian soilik, historiaurrean ere, ingurukoari erreparatu gabe aurkitutako edozein aztarnari ezin zaio datarik eman eta, beraz, izendatzea eta ezagutzea ez da posible izaten.

Arkeologiak, esaterako, biltzen ditu hezurrak edo harriak, erremintak edo marrazkiak, sedimentu jakin batzuen inguruan, urteak eta izaerak ondorioztatu ahal izateko eta, noski, historian ere sasoi bakoitzaren ezaugarriek bideratu ohi dute gertaerak ulertu ahal izateko modua. Gaurkokeriak, bada, ez du baliorik iraganaz jabetzeko, ezta handik datozen orainaldiko ondorioen aurrean erabakiak hartzeko ere; aitzitik, denon mundua eraiki duten gertakizunak desitxuratzeko tresna besterik ez da.

Ildo honetatik ETAren jardunaz aritzerakoan «ez zen bidezkoa izan» esakunea errepikatu den aldiro erreplikatu beharra dago: garaiaren arabera «bidezkoa eta beharrezkoa izan zen». Ez, jakina, ETAk bere garaian egindakoaren alde egoteagatik, historia garaikidea modu faltsuan maltzurki erabili nahi izana salatzeko baizik.

Izan ere, ETA V.ak bere 61. “Zutik” zeritzan aldizkarian (“Askatasuna ala hil” goiburu argiaz horniturik) argitaratu zuen euskaraz (Txillardegik ederki itzulita) J. P. Sartrek 1971n kaleratutako “Le procès de Burgos” liburuarekin batera zetorren aitzinsolasa. Bertan pentsalari existentzialistak, «euskal kultura indarrez ezabatu nahi izateari kultur genozidioa» deitu izan zion hitz lauez. Egun Sartreren orduko mezua bere garaiaren ardatzetan kokatu beharra dago. Hau da, Sartrek berak sakondutako askatasunaren irakurketari berregiteak gaurko Euskal Herria ulertu ahal izateko honezkero ohikoa ez dugun baina, era berean, premiazkoa zaigun ikusmira berreskuratzen lagunduko digulakoan nago. Hona hemen.

Sartrek etorkizuna kolektiboki eraikitzeak bakarrik aske egiten gaituela pentsatzen zuen.

Izaeraren oinarria existentzia delako hastapenetik abiatzeagatik hain zuzen ere, gogamena bizitzaren ondorioa dela uste zuen. Mota guztietako ukazioak dira, haren iritziz, norberaren zein erkidegoaren balizko egitasmoen etsaiak eta, beraz, askatasunaren arerio zuzenak. Pentsalari existentzialistaren ardatza honetan datza, hau da, hala gizabanakoek nola gizataldeek erdietsi dezaketen gizatasunaren muina etorkizuna sortzeko ahalmenean aurkitzen dela, askatasunean, bada.

Sartrerengan ez da egon behar kontraesanik, beraz, norberaren eta gizartearen libertateen artean.

Literaturan zein antzerkigintzan, unibertsitatean, prentsan edo mitinetan ere, Sartreri (edo Txillardegiri...) antzematerik izan diogu beti erdian. Grezia zaharreko filosofoak bezala agoran hizlari, Pizkundeko humanisten gisan poligrafo nekaezinak, kapitalismoaren aurkako hasierako militanteen antzera elkartasun kolektiboen gogoetagileak, kolonialismo berantiarraren salatzaileak eta ikasleriarekin batera ozenki oihukatu zutenak... ukazio guztion kontrako borrokan polemistak bezain profetak.

Era berean, agintearen sedukzioaz kanpo bizitzen irakatsi zigun Sartrek (1945ean Frantziako Ohorezko Legioa ez zuen hartu nahi izan, ezta 1963an Literatur Nobel saria ere), inolako mendekotasunik ez onartzeagatik eta bere gogamenaren askatasunari eusteagatik, batik bat. Haren antzera, Txillardegi, adibidez, ez zen inoiz euskaltzain arrunt gisa onartua izan Euskararen Errege Akademian eta, hil aurretik, «ohorezko euskaltzaina» izendatzea eskaini zitzaionean, aldiz, aukera hura errefusatu zuen, izatekotan, euskaltzain arrunta besterik ez zuela izan nahi arrapostuz.

Egun, berriz, askatasun pertsonalaren eta kolektiboaren artean etena zabaldu da, eta iraganaz gaurkokeriaz mintzatzen da. Postmodernismoko gizarte honetan zilegizkoa izaten da gobernuz kanpoko erakunde baten kide aritzea inolako konpromiso politikorik gabe edo, alderantziz, guztiz erreakzionarioa izatea politikan eta konprometitua eta feminista izan giza arlo pertsonalen eremu hertsian.

Sartreren edo Txillardegiren begiradapean (Jose Luisek euskaratutako A. Memmik zioen bezala), kolonizatuen ikusmira ezin da ordezkatu eta Euskal Herria kolonia zapaldua izan dugu eta oraindik ere badugu, batez ere kulturalki ikusita.
Horregatik, indarrez gauzatu nahi den kultur ezabatzearen aurrean, izaera desberdinduaren ukaziori ihardukitzen, kanpotik baldintzaturiko gizabanako zein herri existentzia askatzen joateko mota guztietako bideak zilegizkoak bezain etikoak izan direla zioten, baita erresistentzia armatua ere. Horra aipatu Burgoseko prozesuaren hitzaurrean irakurtzerik dagoena.

Horixe zioen, idazten eta aldarrikatzen zuten begi okerreko filosofoak eta existentzialismoa euskaratu zuen idazleak, nahiz eta, garaian garaikoa, hura ere birpentsatzeko gauza izan... eta, ene ustetan behintzat, beren mundua zuzen begiratzen irakasteko irakasle handiak izan ziren bai beren sasoian eta bai oraindik.

Txirritak zioskunez, «beren aipamenak izango dira beste laurogei urtetan», gaurkokeria gaizto guztien kalterako.

Recherche