Cecilio Rodrigo

Bizi izan-vivir. Etxebizitza-vivienda

Zertan ari gara?

Irene Monterok, Podemos-ekoak, diosku etxebizitza erosteko hipoteka munduan sartzeak geure bizitzaz desjabetzen gaituela. Langileok jakin genezake soldatapean lan egiteak ere geure bizitzaz desjabetzen gaituela.

Jaiotzez aberaskume ez bazara ondotxo dakizu zeure bizialdi osoan zehar protagonista izango zarela bi desjabetze jarduera horietan. Beste era batera esanda: zure bizitza labur eta bakarraz desjabetuko zaituztela.

Gaur etxebizitzaz hitz egin nahi dugu.

Espainiako gobernuak 7.000 milio euro jarri du aurrekontuetan etxebizitzaren arazoa nolabait konpontzkeo. Bollain ekonomistak dio Espainiako gobernuak harturiko erabakia bide onetik doan arren, zalantzan jartzen du dirutza horren helburua, alegia, beldur da dirutza publiko hori esku pribatuetara, betikoen eskuetara, alegia: etxegileenetara eta funts putreen eskuetara iritsiko ote den, hain justu orain arte bezalaxe.

Gurean, gure Denis Itxasok, alderdi sozialistaren kideak eta gure oraingo Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailburuak herri gehiagotara tentsio handiko guneak izendatzea nahi luke, eta baita ere, lurzoru gehiago erosi ahal izatea etxebizitza berriak eraiki ahal izateko.  Bestalde, eta ahal den neurrian, alokairuen prezioa ere mugatzea du amets. Ez hori bakarrik, lurzoruaren eskaintza oso txikia denez, zenbait etxeren gaineko teilatutan etxebizitza gehiago altxatzea, beti ere, ahal den neurrian.

Badaki gure Sailburuak, ondo jakin ere, gure hirietan lurzoru gutxi dagoela salgai. Ez. Ziur ezetz, ziur ez duela nahi etxeberriak uholde arrisku handikoko lur eremuetan etxeberriak eraikitzea, gurean Valentzian aldean, “Dana” eraginez gertaturikoa errepika ez dadin. Honaino iritsi garenez, esan behar dugu Valentziako hondamendiaren errudun nagusitzat Mazon harturik, medio guztietan egin ohi den bezala, benetako errudunak, benetan errudunak izan direnak ahaztu, estali eta ikusezin bihurtu direla, alegia, uholdeen eraginez itotzeko arrisku handikoko eremuetan etxebizitzak eraikitzea ahalbidetu zituzten legediak, legelariak, eta etekin handiak poltsikoratzen dituzten etxegileak, funts putreak, eta finean, hau guzti hau ahalbidetu duten alderdi politikoak dira funtsezko erruduntzak jo beharko ziratekeenak. Egun, aldiz, ematen du errudun bakarra eta hizketagai bakarra, -errudun eta lotsagabe handia izanik ere-, Mazon izan dela.

Bestalde, ba al daki gure sailburuak etxeberriak eraikitzeak gastu energetiko askoz ere handiagoak sortzen dituela hirietan hutsik dauden etxe zaharrak neurri ekologikoagoz berritzea baino? Etxe zaharrek energia parrastadaka galtzen digute neguan zein udan, leiho, balkoi, orma, ate, eta teilatuetatik.  Hau guzti hau kontuan harturik nik ez nuke jarraituko errekurtsoak alferrik galtzen. Energia sortu, garraiatu eta etxe zaharretako zirrikitu guztietatik alferrik galtzea ere! Etxe xaharrak birziklatzea askoz ere merkeago eta askoz ere ekologistagoa da babes ofizialeko etxeberriak eraikitzea baino. Ez dakit sailburuak dakienentz, ez dakit jakin nahi duen. Nik ikerketarako bibliografia emango diot. *

Berria egunkarian eginiko elkarrizketan, irailaren 28koan, honakoa dio: “Bizigune” programaz:

“Bizigune programan ia 8.000 etxebizitza ari gara kudeatzen, eta horren bidez jabeei bermatzen diegu alokairu segurua, eta kontratua amaitutakoan etxebizitza jasoko duela hasieran zegoen bezala. Horretaz aparte, foru ogasunek hobariak ematen dizkiete jabeei etxebizitzak alokairuan jartzeko, zergak ere badaude, eta uste dut neurri horiekin guztiekin etxebizitza hutsik egotearen kontrako borroka irabazten ari garela pixkanaka”.

Diru publikoa, baita lan prekarioek dutenek ordaintzen dituzten zergen bidez lortzen den diruaz bermatzen al zaizkie etxeen jabeei diru sarrerak? Pobreok jabeentzako lan egiten dugu? Hori al da etxebizitza hutsen jabeen aurkako borroka pixkanaka pixkanaka irabaztea?

Jarraian Berria egunkariko kazetariak galdetu zion:

Zenbaitek nabarmentzen dute jabeak limurtzeko neurri horiekin diru publikoa esku pribatuetara ari dela bideratzen.

Eta sailburua ihesean erantzun:

Etxebizitza politiketan diru publikoa inbertitzea merezi du. Etxebizitza politika batek beti izango du defizit bat, baina ausarta izan behar du erdiko klaseak gaur egun duen arazo bati erantzuteko. Guk gure esku dauden tresna guztiak erabiltzen ditugu. Batzuek muzin egiten diote zenbait neurriri, beste batzuek beste neurri batzuei, baina guk uste dugu neurri guztiek lagundu dezaketela. Bitartekaritza publiko hori egitea eraginkorra izan da: ez dakit guk kudeatzen ditugun etxebizitza horietatik zenbat egongo liratekeen alokatuta gobernuak aukera eskaini ez balu.

“Sumar” alderdiak, -ohi denez, otzan, umil eta apal-, beste neurri batzuen artean alokairuaren prezioa izoztea proposatzen du. Ordea, Ione Belarrak alokairuen prezioa % 40 jaistea proposatzen du.

Bestalde, egun nobeletan ere, literaturan ere, agertzen zaigu etxebizitaren gaia. Itxuraz gai prosaikoa. Danele Sarriugarteren azken lanean: „beste zerbait“ izenekoan baditu lerro batzuk nik ezinbestez hona ekarri nahi ditudanak:   

“ez gara elkarrekin bizi; bikotea gara. bera lagun baten izebaren etxean bizi da, lagunarekin, eta ni, berriz, etxejabe ezezagun batenean: bizigarritasun- baimenik gabeko lokal bat, horrela esanda dirudiena baino pitin bat hobea errealitatean. auzo berean gaude biok, kale paraleloetan, eta horrek ahalbidetu du gure harremanaren- balizko- bidegurutze bat aise gainditzea erabakirik hartu gabe: tarteka batenean tarteka bestearenean egoten gara itxita.

laster aldatuko da egoera hori, pixka bat bat-batean. eztanda egingo dut. ezinegonak, berez, aspalditik datoz, baina premenstrualitate bereziki bortitz batek, braust, ez dit utziko segundo bat gehiago hor irauten. harrigarria badirudi ere, gaingiroki behintzat eztandak ez du zerikusirik beraren eta bion harremanarekin, baizik eta konturatzearekin ezen modako auzoko ezkaratz honetan bizi naizenetik daukadan hotzeria eternala, egiaz, umeltasunak ere eragindako sinusitis bat dela. idealistan sartuko naiz estreinako aldiz.

lehen etxea ikusi ahal izateko, higiezin-agentziakoek pasabaimen bat egin didate, jaurlaritzak finkatutako ordutegietatik kanpo egin baitugu hitzordua. bigarrena goizeko 11etan ikusi dut: esaneko eta arauzale. huraxe erosi dut. bera harrituta dago. miretsita akaso. oso lista naizela iruditzen zaion momentu horietako bat.

jendeari kontatu diot. goizetako eta batez ere iluntzetako paseoen garaia da. argiago edo sotilago adierazten didate, baina jendea flipatzen ari da, oro har. hipotekadunek, dagozkien galderak eginda, ontzat jo dute inbertsioa, nahiz eta beren kautarako pentsatu auzoa urrun samar dagoela (aukeran), ez dela beren auzoa (aukeran), eta berek, berez, ez liratekeela inoiz joango hara – hipoteka-ahalmen handiagoko jendea da, batez ere- ; beste zenbait -okupak; etxerik erosteko modurik inoiz izango ez dutenak; etxebizitza- kooperatiba kolektiboak eraikitzeko ahaleginean dabiltzanak; hipotekak kaltetutakoen asanbladetakoak; turistifikazioaren kontra egoteaz aparte turistifikazioaren kontra ekiten dutenak -zer esan ez dakitela geratzen dira, eta eskuzabaltasunez entzuten didate, inork haur bat izango duela aipatzen didanean neronek erakutsi nahi izaten dudan keinu atsegin- asmokoa aurpegian”

[[26 eta 27. orrialdeetatik ekarria]].

Etxerik ez edukitzeak zeinen ondorio latzak dakarzkigun, hipoteka-ahalmen-handiko jendea izanik ere!

Hipoteka-ahalmen-txikiagoko jendea izateak zeinen ondorio latzak dakarzkigun!

Eta hipoteka ahalmenik gabekoa izateak?

Etxerik gabekoontzat bada beste irtenbide modernoagorik, bat: ’co-living’ deritzona, beste bat:’movilhaus” izenekoa, beste bat ’trailerpark-arena’, beste bat etxe prefabrikatuena, beste bat etxabeetan atonduriko espazioak. Hemen ezin dut aipatu gabe utzi maiz Afrikatiko etorkin askok  hiri inguruko mendietan zuhaitzpetan ahal duten moduan, trapu, manta, aulki eta koltxoi zaharrez osatzen dituzten txabolak.  

Berriro ere literaturara itzuliz Ainhoa Urien-ek nobela berria: ”Ehun zaldi trostan” irakurri dudanez, hona esaldi bat ekarriko dizuet, hauxe: ”Baserrira iritsi zenean konturatu zen Iban familia etxea dela eta etxea familia (…)”

Egun lehen umea erditzen diren emakumeen adina berrogei urtez gorakoa izaten ari da. Etxerik ezak eta diru iturri eskasak dira amatasunaren eta aitatasunaren atzerapenaren arrazoiak.

Natalitatearen jaitsiera dela eta Hego Koreako Byung-Chul Han filosofoak dio 2100 urterako Hego Korean kolapsatu egingo duela bertako populazioak.

Singapurreko gobernuak familia bakoitzari etxebitzitza bat <<99>>, larogeita hemeretzi urtez usufruktuan ematen, oparitzen dio bertan bizitzeko.

Toni Kroos-ek Real Madrileko jokalari ohiak dio bere gurasoek eta DDR-eko garaian bizi izan zirenek ez zutela etxebizitzaz inolako kezkarik. Estatuak etxe bana ematen ziolako familia guztiei.  Toni Kroosek kontatzen du DDRko biztanle bakoitzaren ardura nagusia zerbait ikastea zela, lanbiderako, ikerketarako, kirolerako, norberaren dohaiak kontuan harturik.

Hiru amets,

Lehena:

Joan Batista Elizanbururena, hemeretzigarren mendekoa:

Ikusten duzu goizean
argia hasten denean,
menditto baten gañean,
etxe ttikitto aintzin xuri bat,
lau haitz handiren erdian,
xakur xuri bat atean,
iturriño bat aldean
han bizi naiz ni bakean.
(…)

Bigarren ametsa:

Mar-a-Lago-koa imitatzearena: etxea, igeritokia, golf zelaia, hirurehun dantzarientzako dantzaleku orma, aulki, alfonbra, ispilu, lanpara, hautsontzi, komunetako ontziak eta zoru guztiak ongi urreztaturik…

Hirugarren ametsa: 

Zuk zeuk ere hiritarra zarenez, eskubidea osoa daukazu zeure hirirako hirigintzari buruzko planak eta ametsak asmatu eta plazaratzeko. Ea, bada, egin ezazu amets!

Bibliografia sailburuarentzat:  

1) Climat, crises : Le plan de transformation de l’économie française.

ISBN: 978-2-7381-5426

2) El secuestro de la vivienda

ISBN: 978- 84- 1100- -358-2

3) Vivienda, la nueva división de clase

ISBN: 978-84-8381-303-4

4) El problema de la vivienda

ISBN: 978- 84- 10313- 44- 6

Ez adiorik

Recherche