Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxe Mari Muñoa
Etiker

Bizikidetza bidezkoa eta egonkorra: gure esku dago

Ezinezkoa da oraina eta geroa eraikitzea betiko gai berberen gurpiletik irten gabe: garaileak-garaituak, terrorismoa, gorrotoa, mendekua, gatazka, traidoreak-konplizeak, heroiak, eta abar. Bizikidetza demokratikoak, beti, ahalegin berezia eskatzen du guztion aldetik.

Bizikidetza elkarren ondoan bizitzea baino zerbait gehiago da. Ez da erraza oraindik esan ez den zerbait esatea ETAren desegiteaz eta horrek gizartean eta bizikidetzan izan duen eraginaz. Ez dago jasandako iragan odoltsua saihesterik, egin bedi justizia eta argitu bitez ideologia interesatuen azpian ezkutaturiko posturak! Baina, era berean, ezinezkoa da oraina eta geroa eraikitzea betiko gai berberen gurpiletik irten gabe: garaileak-garaituak, terrorismoa, gorrotoa, mendekua, gatazka, traidoreak-konplizeak, heroiak, eta abar. Bizikidetza demokratikoak, beti, ahalegin berezia eskatzen du guztion aldetik.

I.- Gizarte zatitua.

Gizarteak zatiturik segitzen du. Kategoria desberdinetako pertsonak daude gure artean. Zaila da zenbait giro eta zirkulutan mugitzea irainduak edo baztertuak izan gabe. Oraindik omenaldi politizatuak egiten dira, errukitik eta oroimenetik harago, edota harrera eta goraipamen nabarmenak egiten zaizkie heriotzak eragin edo funtsezko giza eskubideak urratu zituztenei. Egitate horien ikuspegi zantarrak sinesgarritasun oro kentzen die, halakoen ondoren, gure herriarentzat bakea eta adiskidetasuna nahi dutela adierazten dutenei. Batzuk «traidoretzat» hartzen dira, beste batzuk kanpoko edo atzerritartzat. Ez da gainditu pertsona horien militantziaren edo iritzien estigma. Beldurra, gorrotoa eta kolaborazioaren edo salaketaren sindromea gainditzeak denbora eskatuko du, aurreiritziei kontra egitea eta gutako askoren postura-aldaketa. ETAri buruzko erreferentziak adiskideen eta senitartekoen zirkulutik desagertu badira ere, oraindik «erretzen» duen gaia da, eta kontakizunaren gudak aurrez aurre jartzen gaitu. Gertatuaren egiak egitateei leial izatea eskatzen digu. Beste gauza bat dira interpretazio interesatuak. Badakigu ideologia baten mende dagoen egia ez datorrela bat «egia objektiboarekin», eta askoz gutxiago artifizialki sortutako hitzen nahas-mahas honetan.

«Gatazka politikoa», ETAk edo Espainiako eta Frantziako gobernuek ulertu izan duten bezala, ez da inoiz aztertu eta analizatu auziak eskatzen duen sakontasunarekin eta inpartzialtasunarekin. Ia inon ez da planteatu edo zalantzan jarri Estatuaren lurralde-eredua, ez eta nazio-subiranotasunaren edukia ere. Gauza bat da prezio politikoa jartzea indarkeria bertan behera uzteari eta beste bat, oso bestelakoa, euskal biztanleriaren parte garrantzitsu batek Euskal Herriaren lurralde-berezitasunaren aitortza juridikoari buruz duen iritzia. ETAren desagerpena, Espainiako zenbait instituzio eta kolektiboren interpretazioaren arabera, euskal abertzaletasunaren porrota izan da, abertzaletasunari berez ez dagozkion erantzukizunak egotzirik eta, modu horretan, ETAren praktika terroristaren izaera politikoa onartzen dutelarik.

II.- Eguneroko lanaren konpromisoa.

Desagertu da jada ETA erakunde armatu gisa, baina ez gure kontzientziak eta elkarbizitza baldintzatzen dituen oroitzapen odoltsua. Herri, auzo eta hiriguneetan edota kultur- edo kirol-elkarteetan elkarbizitza eta elkar ulertzea eraberrituko badira, beharrezkoak dira beste balio etiko batzuk, beste adiskidantza-giro bat. Hori gabe, diskurtsoak eta planak gorabehera, oso gutxi egingo dugu aurrera. Herriko, laneko edo aisialdiko eguneroko harremanetan sufritzen eta pozten gara gehien. Hor eraikitzen dugu herria, eta ez masa, horregatik diogu bizikidetza elkarren ondoan bizitzea –askotan elkar onartu gabe edo gorrotatuz– edo bestea toleratzea baino askoz gehiago dela. Hori ez da inprobisatzen, eraiki egin behar da. Lurzoru sozial eta etiko bat lortzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko oso arriskutsua da egitateen distantziakidetasunean kokatzea eta justifika ezin daitekeena justifikatzen saiatzea. Ildo horretan, arrazoi osoarekin esan da memoria inklusiboa landu behar dela. Juzku politikoa eta etikoa desberdinak badira ere, oinazea berdina da biktima guztientzat, erreparazioak izan behar duen bezalaxe.

Iritsi da espetxe-politika berri baten garaia. Lehenik eta behin, larriki gaixo dauden presoak hurbildu behar dira, eta beste guztiak gero. Beharrezkoa da malgutasuna, halaber, banakako bergizarteratze-politika baten barruan, gradu batetik bestera igarotzeko. Eskaera etikoa da, euskal iritzi publikoaren gehiengo handi baten eskakizuna, baina eraginkortasunez lagundu behar lukete bide horretan bai preso daudenek eta bai haien ingurkoek.

Pertsonen eta instituzioen arteko harremanak babestu eta hobetu behar dira. Funtsezko oinarri etiko batzuen gainean eta inposiziorik gabe besteekin hitz egiten dakiena benetako bizikidetzaren bidean dagoela esan daiteke. Normala da proiektu eta ideia guztiz desberdinak sortzea, eguneroko arazoen konponbideei ekin behar zaienean, baina bai kalean eta bai erakundeetan, arazoen konponbideei ekiteko atergabeko aurrez aurrekoetan nahastea bizikidetzarako oinarrizko printzipioetako bati uko egitea da. Ez da egia, gezur borobila baizik, justizian aurrera egiteko «zenbat eta okerrago, eta hobe» dioen printzipio mingarri hori garatu behar denik. Etengabeko gatazka horretan ez du inork irabazten eta, epe ertainera, guztiok galtzen dugu. Soberan daude mehatxuak, presio-ekintzak –hala legezkoak nola sozialak–, graffitiak, kartel eta pankarta iraingarriak, funtsik gabeko debekuak, eta manipulazioa eta egia-erdiak elementu eztabaidaezin gisa aurkezten dituzten hainbat manifestazio eta aldarri-ekitaldi.

III.-  Bizikidetza eraberritzea «gure esku dago».

Bide luzea daukagu oraindik egiteko. Suntsitzea erraza da, eraikitzea da zaila. Zaurituta dagoen herri bat sendatu nahi dugu, sozial eta politikoki gehien sufritzen dutenengana hurbildurik. Euskal Herrian egoera zailak gainditu ditugu lehen ere. Eta orain ere egin dezakegu. Horrela baizik ez dugu iragana gaindituko. Bizitza politikoaren beste alderdi batzuetan beldurrik gabe aldarrikatzen badugu «gure esku dago», bizikidetzaren eraberritzeari dagokionez ere, gauza bera esan dezakegu: «gure esku dago».

Recherche