Bizitza vs Aurrekontuak
Azkeneko asteetan Nafarroako aurrekontuak onartu dira eta EAJk esan du martxoaren amaiera aldera EAEkoak bideratu daitezkeela. Aurreko abenduaren 16an Labriten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Nafarroako Parlamentu Sozialak onartu berri den kontu publikoen legearen inguruan antolatutako asanbladan adierazi zenez, Nafarroako aldaketa instituzionalak aldaketa soziala bermatu behar du. Aldaketa handiagoa eta sozialagoa aldarrikatu zen.
Guk aldaketa feministagoa nahi dugula gehitzen diogu, alegia, emakume eta gizonen arteko botere harremanak sustraitik eraldatuko dituena, eta aberastasunaren banaketa erdietsiko dituena. Mugimendu soziosindikala aldaketaren bide hori bultzatu eta babesteko prest dago, erregimenak mantentzen dituen botereguneen jakitun. EAJren politika neoliberalak ezagututa (eta pairatuta), bestalde, kapitalarentzat zerga gutxi eta gizarte politikak kaltetuko dituzten murrizketak iragartzen dituzte EAEko aurrekontuek.
Bizitza eta kapitalaren arteko gatazkan, beraz, kapitalaren aldeko indar korrelazioak dirau. Sistema ekonomiko kapitalista hau biozida da, kapitala pilatzeko mekanismoek zuzenean erasotzen dituztelako bizitza iraunarazteko prozesuak, esaterako: natur-baliabideak birsortzeko zikloak, pertsonen behar erreproduktibo eta afektiboak asetzeko jarduerak, gehiengoaren behar materialak betetzeko baliabideak e.a. Mehatxupean dagoen bizitzari, orduan, emakumeek etxeetan musutruk egiten dugun ezkutuko lan prekarioarekin ematen zaio irtenbide. Jendarteak zaintza zor neurgaitza dauka emakumeekin. Are gehiago krisiaren aitzakiapean egindako murrizketen aroan: Zeinek hartu ditu estatuak alde batera utzitako ardurak? Non zaintzen dira ospitaleko oheak azkar husteko etxera bidalitako pertsonak?
Aurrekontuak diseinatzen direnean ekonomiaren ikuspegi ortodoxoa nagusitzen da. Honek, enpresa jarduera aberastasuna sortzen duen bakarra dela ulertzen du, soilik merkatuarekin zerikusia daukana. Kezkaz begiratzen diogu, 2008ko gurutzada neoliberalarekin instituzio publikoek eskumen politikoak galdu izanari. Horrek azaltzen du, enpresen etekinak puzteko osasun edo hezkuntzaren inbertsioa jaitsi edota langileen lan baldintzak okertu behar izan direnean, erakundeek «hala bedi» esan izana.
Zenbakiak ez dira neutroak, ogasuna eta kontu publikoak jendartearen hierarkiekin erabat lotuta daude. Aurrekontuen legea gobernu baten politika eta hitzen gorputza da, tresna arautzaile nagusia. Jendartearen egiturazko eraldaketarako lanabes aparta, beraz. Horregatik, premiazkoa da aurrekontu eta politika fiskal eta sozialen aldaketa bultzatzea: murrizketekin amaitu, ondasunen birbanaketan sakontzeko politika fiskal justu eta progresiboa, sektore sozial estrategikoak bermatzeko zerbitzu publiko propioak garatzea, langabezia eta prekarietateari erantzuteko prestazio sozialak handitzea, edota menpekotasun egoerei erantzuteko politikak garatzea.
Botere publikoek interes komunitarioa (herritarron gehiengoarena) bermatu beharko lukete eta ez interes pribatua. Jarduera ekonomikoa pertsonen zerbitzura jarri behar da. Erakundeen ardura da ere diskriminazio sozialei topeak jarri eta berdintasun erreal-erradikala ezartzea, langileok, emakumeok, migranteok, gazteok, zaharrok, transexualok, heteroareuatik at bizi garenok, aniztasun sexuala dugunok… eskubide osoz bizi gaitezen, behingoagatik.
Begiratu diezaiogun orain genero bereizkeriari. Oraindik, nahita begiak ixten dituenak soilik, uka dezake sistema kapitalistak oinarri sexuatua daukala, emakumeok eremu guztietan dugun zapalkuntzan oinarritzen dela, kapitalaren etekinen eta gizonen ongizatearen mesedetan. Egiturazko bazterketa honi aurre egiteko aurrekontuek transbertsalki genero ikuspegia txertatu behar dute arlo guztietan. Berdintasunaren aldeko diskurtso politikoki zuzenarekin ez du balio. Intentzioek, diru partida, bitarteko eta errealitatearen analisi zuzen bat eskatzen dute.
Aurrekontuak egiterako garaian, ezinbestekoa da emakumeon hitza kontuan hartzea, emakumeon parte-hartzea sustatzeko bitartekoak eskainiz. Ondoren, emakumeen beharrak aintzat hartu eta horiek betetzeko neurriak sortu behar dira eremuz eremu: hirigintzan eta landa eremuan, etxebizitzan, osasunean, enplegu eta garapen ekonomiko politiketan, kulturan e.a. Genero desorekekin amaitzeko proiektu integralak behar ditugu, administrazio sailen isolamendua gaindituko dutenak. Norabide anitzetan eragin beharko dute, eta errezeta konplexuak aplikatu, emakumeon errrealitatea askotarikoa baita.
Emakumeen ahalduntzea eta jardun feminista indartzea, genero sentsibilizazio eta formakuntza sail guztietan, indarkeria sexista prebenitu eta deuseztatzeko bitartekoak, hezkidetza, edota emakumeak ekonomikoki autonomoak izateko bideratutako neurriak dira gakoetarko batzuk. Honek guztiak genero ikuspegiz egindako diagnostiko, adierazle, ebaluazio irizpide eta jarraipena eskatzen du, noski. Amaitzeko, pertsonen erreprodukzio ardura bere gain hartu behar dute instituzioek, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak sortuz, zainduta izateko eskubideak eta zaintzaileen lan baldintza duinak bermatuz. Zaintzaren kolektibizazioan sakontzeko sare komunitarioak indartzeko politikak beharko ditugu ere.
Aberastasuna beste modu batean banatu daiteke, beste politika publiko batzuk egin daitezke, borondate politiko kontua da: helburu ekonomomikoei konpromiso soziala gainjartzekoa. Bide horretan, gure errezetaren osagai nagusia herritarron boteretzea, antolatzea eta mobilizazioa dira. Emakumeon interesak defendatuko dituen Mugimendu Feminista indartsua artikulatzea, Mugimendu Soziosindikalaren aliantzak, elkarlana eta baterajotzea. Esaera zahar batek dioen moduan, izan daitezen hemengo irrintzi askeak, han oihartzun.