Josu Iraeta
Idazlea

Botere nagusia, gero eta nagusiago

Onartu beharra dago benetako agintea dutenentzat ez duela axola, ez kokaguneak, ez gerran parte hartzen dutenek, ezta gatazka odoltsuen biktimek ere, baina bai, eta asko, zein den herrialdearen suntsitze maila.

Durangon, Gernikan eta beste hainbat tokitan –gerra garaian– gertatutakoak entzun izan ditugu etxean –gabonetako afari ondoan–, aita edo osaba kontalari genuela. Jakina, hori entzun izan dugu, hamarkada asko bizkarrean ditugunok, noski. Egun ez dugu horrelakoen beharrik munduan zer gertatzen ari den jakiteko, egunero eta orduero –nahi ala ez–, berriemaile pila ditugu, bideo eta guzti.

Handik eta hemendik jasotakoaren arabera, esan dezakegu mundu zabalean beti dagoela ezinegona eta gerraren hotsa handiek eta aberatsek agintzen duten eremu ikaragarrian. Indarraren demokrazia.

Baina dena ez da erakusten diguten bezalakoa, ez zergatietan ez ondorioetan. Tartean interes geopolitikoak daude eta, tamalez, gezurra da tresna egokia.

Eskaintzen diguten berriaren aurrean, «beti» zalantzan jartzea da lehen urratsa, gero, ahal izanik, kontrastea, baina ematen diguten «janaria» ezin da irentsi datorren bezala, berdin da nondik datorren. Gainera, hain «bertatik» ikustea eskaintzen diguten gerraren egunerokotasun odoltsuak zer dakar? Non dago, nor da «albistearen» eraikitzailea? Galdera politak.

Erakusten dizkiguten hildakoak ez dakigu nongoak diren, ezta nork hil dituen ere, baina, hala ere, ukaezina da eraikin handiak eta txikiak erreta, erabat lehertuta, ehunka ikusi ditugula.

Hauek ikusirik, atzera begiratzen badugu, gogoratuko gara, nola lehen –ez urruti– Muammar al Kadafi, Saddam Hussein edo Osama bin Laden zirela «mundu librearen» etsaiak, gaur Vladimir Putinen garaia da. Historiak dioena ezin da ukatu, beti dago zerbait, eta nonbait, kapitalak bereganatu nahi duena, beti.

Ez nago ados errusiarrek garai bateko lurraldeak berreskuratu nahian daramaten metodoarekin, baina –hausnarketa txiki bat– gerra aurrez aurreko orotan, non ez dio axola, zergatik da beti berdina, ezkutuan egon arren, lehiakideetako bat, zergatik?

Aurreko zazpi lerroaldiei kasu eginez, bistan da Ukrainari begiratzen hari naizela, oso zorpetuta dagoen herrialde bati, baina ez orain –soil-soilik– gerra aurretik ere horrela baitzegoen.

2014. urtean Ukrainako zor publikoa bere Barne Produktu Gordinaren (BPG) %25ekoa baitzen, hau da, 58.000 milioi euro inguru.

Helburua aldatu ezean, handik eta hemendik lortutako laguntzak ez dira aski izango. Ez «gerra bonuak» deritzenak merkaturatu izanak –deskontu handiarekin ordaintzen direnak–, ezta (NMF) eta Europaren laguntza zuzenarekin ere.

Adituak ez garen arren ekonomia hizkuntza erabiliz, esan dezakegu Ukrainako «arrisku primak» hartzekodunei %300 inguruko mozkinak jasotzeko aukera emango diela. Horrela zaila da finantzatzea eta zorra ordaintzea.

Azken hilabete hauetan jasotakoaren arabera –nire ustez–, Ukrainaren epe luzeko egoera errusiarrena baino makurrago datorrela ikusten dut. Zergatik, ba Putini bere aliatu nagusia –Txina– «argaltzen» ari bazaio, horrek ekar dezakeen bakardadearekin, ukrainarrak hobi erraldoi bat zulatzen ari dira, eta herrialde subirano gisa izan dezaketen etorkizuna bertan hondoratzen. Zorraren zatirik handiena –egunez egun hazten doana– esku pribatuetan dago, marrazoak bezala «odolaren usainera» jotzen duten inbertsio funts handietan.

Inbertsioak kudeatzen dituzten enpresa horien artean, Black Rock da nagusia, handiena eta boteretsuena; New Yorken du egoitza, eta, Vanguard bezalako beste enpresa batzuekin batera, akziodunak –akziodun nagusiak– kontrolatzen dituzte zenbait enpresatan, hala nola Amazon, Apple, Coca Cola, Ferrari eta Mcdonalds. Ba jakin ezazue, gaur egun, Black Rock dela Ukrainaren hartzekodun handiena.

Azken lerroalde horiek informazio gehiago eskatzen dute, eta galdera zuzena hauxe da: Ukrainar herriaren premia humanitarioak arintzera bideratuta zegoen hainbeste laguntzetatik zetorren diru publikoa iritsi al da haien helmugara? Eta horrela ez bada, non dago?

Ba zoritxarrez, banku-kutxatara eta inbertsio funtsetara «desbideratu» dituzte. Badakit, nahiko gogorra da horrelakoak irakurtzea, ez baita sobera polita, baina bai egia borobila.

Nire ustez, horrek guztiak agerian uzten du Zelenski presidenteak bere herrialdeari eta egunero gizentzen doan zorrari buruz «ustez» esaten dituenak ez direla zuzenak, ezta sobera sinesgarriak ere.

Bistan da «ustez» borroka taktiko, azkar eta irmo baten aurrean kokatzen genuela geure burua eta horrek lan diplomatiko ugari beharko zuela. Baina, ondorioz, higadura-gerra bat sortu da, eta sarraskiekin amaitzeko arriskua asko handitu da.

Teorian inork aktibatu nahi ez dituen sarraskiak, baina –nire iritziz behintzat–, zoritxarrez, ez dirudi Putin eta Biden jaunen aholkulari taktiko-ekonomikoak izan ezik, beste inor badagoenik eragin handia izan dezakeenik Ukrainako agertoki arriskutsuan.

Lerroburuari helduz, onartu beharra dago benetako agintea dutenentzat ez duela axola, ez kokaguneak, ez gerran parte hartzen dutenek, ezta gatazka odoltsuen biktimek ere, baina bai, eta asko, zein den herrialdearen suntsitze maila.

Esku-hartze prozesuaren kapituluak xehetasun handiz eta denbora luzez planifikatzen dituzte, eta hildako bakarra ez jartzeaz gainera, beti irabazten dute. Hau kapitala da.

Recherche