Josu Iraeta
Idazlea

Buruak bi eta txapela bakarra

Nik zail, oso zail ikusi arren, euskal indarren «halako zerbait» beharrezkoa ikusten dut. Ezberdintasunak -denbora baterako- «lokartu» eta denak batera aritzeko mugaraino. Ezberdintasunak, handik aurrera has daitezen, ez lehenago

Gaur osteguna da -Lehendakari berria hautatzeko inbestidura saioa Gasteizko Legebiltzarrean dela eta- Euskal Telebistari begira igaro ditut bizpahiru ordu. Banuen zer bait, zer bait berria entzuteko gogoa, baina ez dut zorterik izan. Beharbada hizlariak ni baino askoz adimentsuak dira eta nire garunak ez ditu nahi bezain ongi ulertzen. Dena dela, asko kostata baina, mezu ezberdinei kasu eginez, esan daiteke, denak nahi dutela  gauza bera, baina hori gezurra da.

Nire ustez, ez dute sobera ongi agertzen –bakoitzaren ikuspegitik– non eta nola gauden, ondoren, nora eta nola heltzeko. Betiko ur gurpilari lotuta jarraitzen dute, jira eta buelta, baina beti toki berean. Hortik eta horrela, inor ez doa urruti, agian bertan gelditzeko asmoak dituztelako.

Ez nuke nahi inor haserretzea, baina gaur Legebiltzarrean egindako saioari sekulako garrantzia ematen diogu, baina bihar, gaurkoa  aztertzerako garaian, zer esan dezakegu, zertarako balio izan digu? Beharbada ez da erantzun samurra.

Europara begira, euskaldunak gauden tokian gaudela, nora begira gaude, zer eta nondik lortu nahi dugu. Iparretik hegoaldea, Europako sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia  gutxienen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Hainbeste ba dakigu, baita nazio arazo bera, ez dela berdina Italian, Frantzian edo Espainian. Baina horrek ez ditu gauzak eta arazoak samurtzen.

Telebistarekin jarraituz, egia esatekotan, –ez dut gordeko– lotsa piska bat ere somatu dut, norbaitzuk entzuterakoan. Lau urtez behin agertu behar eta betiko jarrera. Ile gutxiago, sabel lodiagoa eta betiko harrokeria. Ezer berririk ez.

Betiko alderdia eta betiko buruzagiak. EAJ –batez ere hauteskunde garaian– zenbat aldiz agertu zaigu esanez: Gu gara «Jaungoikoa eta Lege-Zaharraren Alderdia». Bai, hori da beraiek esaten dutena, bainan gaur bertan entzun dugunarekin, eta bere ibilbide politikoa serio aztertzen ba da,  azterketak beste zerbait esaten du;  «Lege Zahar zale Alderdia» dela alegia,  eta zin dizuet, ez da gauza bera.

Garai bateko klandestinitatea ia, ia  ahaztu dugunean, ez dakit ba, egun, ez ote den EAJ Euskal Herriko alderdi klandestinoena. Ez harritu esandakoekin, ez baitago garbi jakiterik EAJ zer den, ezta zein ideologia duen. Alderdi zaharra dela, hori denek dakigu, ez dakiguna da, zertan berritu den, ezertan berritu bada, edo bakar bakarrik, zahartu eginda.

Aspaldidanik, zer ari den eta zer jokabide daraman, ez da gehiegi ikusten. EAJak, Lakuako gobernuari dagokiona besterik ez daki ezer egiten? EAJ -alderdia bezala- Gobernuan esertzen den horretatik kanpora, ez da deus?

Gobernuari dagokien arduratik at, inork ez du ikusten, ezta ezingo du esan EAJ zertan dabilen. Gobernutik at, zer da eta zer ari da EAJ alderdi bezala?  

Ia, berrogeita hamar urte «demokrazia» politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun politikoen agintea, «kasta zahar» baten pribilejio izan da. Jendetzari sinestarazi zaie, kudeaketa publikoa ez dagoela edonoren esku. Esperientzia handia ezin bestekoa dela alegia, eta egia da, baina ez dira beraiek bakarrak.

Garai berriak sortu nahi ditugu eta horretarako bide berriak erabili beharrean gaude. Horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek denei ezagutaraztea, derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional  arrotzetatik Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita. Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik, Estatu espainolean demokrazia teoriko hutsa den baitan bizi garela, eman beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude, aurre egin nahi badugu.

Bide berriak jorratzekotan, orain arte ibilitakoari  ongi, oso ongi begiratu behar diogu. Horretarako adibide polita, azken hauteskundeak. Emaitzak zintzo aztertzen baditugu, harrokeria gutxi, bai batzuk, baita besteak. Kalkulagailuari kasu eginez gero, eta «errolda kontutan hartuz», ehunekoak esaten dute, euskal gizarteak bizkarra eman digula, batzuei eta besteei. Beraz, Herriari zuzentzen garenean, «denak» dira kontuan hartzekoak, zortziehun mila abstentzioak gorde eta ahaztu gabe.

Ez nuke nahi  amaitu EAJak asko estimatu zuen gizon bati, nire agurra eman gabe.  Allon (Lizarra) jaioa, eta 1981. urtean zendutakoa, Manuel de Irujo jauna. Irujok, duela urte asko elkarrizketa batean, -etorkizunari buruz ari zirela- mezu sendoa oparitu zion EAJ, bere alderdiari. Hau mezua:

a).-  La reorganización integral del PNV, de abajo arriba, preparándolo para cumplir su cometido histórico de conducir a la libertad nacional al pueblo vasco.

b).-  Estimular y producir la UNION vasca con la suma de cuantos acepten la democracia humana y la libertad nacional de Euskadi.    

Egia, asmo politak, ederrak, baina gaur egun ia ezinezkoak. Nik zail, oso zail ikusi arren, euskal indarren «halako zerbait» beharrezkoa ikusten dut. Ezberdintasunak -denbora baterako- «lokartu» eta denak batera aritzeko mugaraino. Ezberdintasunak, handik aurrera has daitezen, ez lehenago.

Ez dut amets egiten EAJ eta EH Bildu, baita gainontzeko ezkerrak bat egiteko aukerarik dagoenik. Baina batasuna era askotakoak daude, eta beharbada, agian, izaten alda, baina oso zaila dirudi. Zergatia hemen: ez bai dut, –gaurdaino– bi buru babestuko lituzkeen,  txapelik ikusten.

Recherche