Andoni Barreña eta Ane Ortega
Garabide Elkarteko eta UPV-EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako kideak

Cauca 2019: 68 hilketa eta hamaika eraso eta mehatxu

Kolonbiako gizarteak eta mugimendu indigenek makina bat ahalegin egin dituzte bake hitzarmena bete dadin, baina ez dute aurrerabiderik ikusi

Gordina izan da 2019a Kolonbiako Cauca  departamenduko bizilagunentzat, eta bereziki latza, bertako indigenentzat. Hauxe da CRIC (Consejo Regional Indígena del Cauca) erakundeak azaroaren 12an eginiko balantzea: 68 hilketa, 179 mehatxu, 15 atentatu, 15 sarraski, 7 ekintza armatu babestutako lurralde indigenan, 6 eraso gogor, 6 gaztetxoren errekrutatze derrigortua eta gutxienez 200 gaztetxo errekrutatze arriskuan erakunde armatuen eraginpean.

Kolonbiako indigenek legez kudeatzen dituzten lurraldeetan badute lurralde-zaintzaren eskuduntza, eta berori gauzatzeko badute erakunde berezi bat, Kiwe Thegnas edo Zaintza Indigena, zein arma barik aritzen den, makila hutsez horniturik. Bada, aldi honetan Caucako Iparraldea eta Tierradentro eskualdeetan talde narkotrafikatzaileek eta FARCeko disidentziek hamaika mehatxu egin dizkiete indigenen erakunde, antolamendu eta komunitateei; besteak beste, 15 agintari eta zaintzaile armaz hil dituzte.

Urteak egin dituzte nasa indigenek euren lurraldea berreskuratu nahian. Garesti ordaindu dute mendeetako bazterkuntza eta zapalkuntzari duintasunez eta ausardiaz aurre egiteagatik. Ehunka eta ehunka nasa hil dituzte Kolonbiako era guztietako eragile armatuek, 1971n CRIC erakundea sortu zenetik. Eta halere, aurrera egin dute urte latz horietan zehar euren ametsak ehuntzen, gizarte justuagoa eraikitzen, giza eskubideen alde borrokatzen, euren identitatea, kultura eta hizkuntza biziberritzen, ekitatea eskuratzen eta ama lurra errespetuz hartzen eta zaintzen. Hori guzti hori, ausardiaz, hitzez eta odolez aurre eginez, senidetasuna eskainiz, bihotza zabalduz eta bidean erori eta hil dituzten kideak lurrean ereinez. Eta beti, aurrera eginez, makurtu barik, etsi barik, itxaropenez jantzirik.

Duque presidenteak Kolonbiako agintea hartu zuenean, bertan behera utzi zuen Santos presidenteak sinatutako bake hitzarmena. Kolonbiako gizarteak eta mugimendu indigenek makina bat ahalegin egin dituzte bake hitzarmena bete dadin, baina ez dute aurrerabiderik ikusi.

Guk, eskutitz hau sinatzen dugunok, ia hamar urte daramatzagu Caucako nasa komunitate indigenarekin elkarlanean, bereziki Caucako iparraldeko Tuunxiwxu-Toribio inguruan, nasen hizkuntza  biziberritzeko ahaleginean. Ezintasunean eta etsipenean itorik bizi gara azken lau hilabete hauetan gure lagunak hiltzen, mehatxatzen, jipoitzen, eraso egiten eta umiliatzen ari direnean. Tuunxiwxun dugun formazio teknologikoa bera ere eten egin behar izan dute segurtasunik ez dagoelako.

Horregatik guztiagatik, Kolonbian azaroaren 21erako mobilizazio orokorra deitu dute bertan bizi den bortizkeria egoeraren aurka eta bake hitzarmena bete dadin eskatzeko. Guk ere geure ahotsa erantsi nahi diogu aldarrikapen horri eta horretarako gonbita egiten diegu euskal herritarrei azaroaren 23an Oiartzuneko Egiar mairu-baratzean goizeko 11:00etan elkartzeko. Toki sakratu horretatik geure elkartasun mezua bidaltzeaz gain, ama lurra zaintzen duten ksxaw’ex-ei (izpirituei) ere gure senideen alde egiteko eskatuko diegu.

Recherche