Ainhoa Jauregi Cabezon
Hamaika Telebistako zuzendaria

CIES eta galdera «esklusiboak»: diruak egiten du legea

Aste honetan hasi da CIESen kanpaina edo olatu berria. Duela aste pare bat, berriz, hedabideei galdera osagarriak txertatzeko aukeren inguruko dokumentua iritsi zitzaigun. Aukera hori ez da berria, baina testuinguru honetan berriz mahai gainean jartzeak hausnarketarako tartea eskatzen du.

Badakigu galdera bakoitzak eragin zuzena duela emaitzetan. Ez da formulazio hutsa: galdera nola egituratzen den, zein segmenturi zuzentzen zaion eta nola aurkezten den funtsezko faktoreak dira audientzia benetan islatzeko.

CIESek eskaintzen duen aukeraren arabera, galdera osagarriak txerta daitezke lurraldeka edo eremu zabalagoan: lurralde bakarrean 450 euro inguruko kostuarekin, lau lurraldeetan 550 euroan; EAEko populazio orokorrera zabalduz gero, 1.000 euro inguruan; eta EAE eta Nafarroa batera hartuta, 1.250 euroan. Prezio horiek txostena eta datu estatistikoen zenbait figura barnean hartzen dituzte, eta galderek kontsumoari zein audientziaren ohiturei lotutakoak izan behar dute.

Arazoa, ordea, ez da teknikoa, baizik eta estrukturala. Aukera hau baliatzeko gaitasuna baliabide ekonomikoen araberakoa da. Egoera ekonomiko sendoagoa duten hedabideek galdera propioak txertatu ahal izango dituzte; egoera ahulagoan gaudenok, berriz, ezin dugu tresna bera erabili gure audientziaren ezaugarriak sakonago aztertzeko edo gure posizionamendua modu estrategikoan lantzeko. Horrela, inkestaren barruan bertan ere desoreka bat sortzen da.

Are gehiago, kontuan hartzen badugu administrazio publikoek eta dirulaguntza deialdi askok CIESeko emaitzak erreferentzia gisa erabiltzen dituztela, ondorioak are sakonagoak dira. Ez gara soilik merkatu lehiari buruz ari; baliabide publikoen banaketan ere eragina duen adierazle bati buruz ari gara. Horregatik, galdera osagarrien logikak –legez eta teknikoki zilegia izan arren– eztabaida serio bat merezi du sektorean.

Audientziaren neurketak tresna bateratua eta fidagarria izan behar du, hedabide guztientzat baldintza berdinetan balio duena. Bestela, arriskua dago mapa mediatikoa, neurri batean, baliabide ekonomikoek baldintza dezaten, eta ez soilik herritarren kontsumo ohiturek. Eta galdera ez da teknikoa; galdera politikoa eta estrategikoa da. Zein da nahi dugun sistema? Baliabide gehien duenak bere presentzia indartzeko aukera gehiago izango duen eredua, ala hedabide guztiei abiapuntu bera bermatuko diena? Audientziak neurtzea ezin da izan diruaren araberako abantaila lehiakor bat; bestela, neurketa bera bihurtzen da desoreka sortzen duen faktore.

Recherche