Eloi Tato Imaz
LAB irakaskuntzako osasun ordezkaria

Covid-19 eta Nafarroako Hezkuntza Departamentua

Ikastetxeetara hartu beharreko segurtasun neurriak bidali dituzte eta gurekin ez adosteaz gain, neurriak eznahikoak direla salatu nahi dugu. Neurriak betetzen diren adi egongo gara eta langileoi dei egiten diegu edozein zalantza edo arazoren aurrean gurekin harremanetan jar daitezen.

Ekainaren 1ean, astelehenean alegia, 2. Batxilergoko ikasleak eskoletara bueltatuko dira Nafarroan. Eta ondorioz, hainbat langile (izan irakasle, izan administrari, garbitzaile, atezain etab.) ere eskoletara bertaratuko dira.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak lan telematikoa lehenesten duela dio, baina kasu honetan langile askok lan presentziala egin beharko dute, baita ikasle askok ere.
Atzo, eskoletara eta lan osasuneko ordezkari garenoi eskoletara bueltatzean hartu beharreko neurriak bidali zizkiguten.

Batetik neurri hauek ez dituzte prebentzio delegatuokin adostu. Duela pare bat aste bilera izan genuen eta LABetik bidalitako proposamena ez zutela jaso esan zuten. Bileran bertan (telematikoa berau), hartu beharreko neurriez hitz egin genuen eta adierazi genien LABetik ez dugula ondo ikusten zuzendaritza taldeen esku uztea erabakia. Egoera honek langileen artean desoreka eragin dezake. Beraien erantzuna beti, 1. fasean geundela izan zen, baina LABetik jakinarazi genien zuzendaritzen esku uztea ez zela onargarria eta egoerari adi egongo garela jakinarazi nahi dugu.

Orain jada 2. fasean gaude eta prebentzio eta lan osasun atalari, bilera eskaera egin genion LABetik, ikastetxeetara bueltatzerako orduan hartu beharreko neurriak adosteko. Ez dugu jaso erantzunik. Departamentuari exigitzen diogu ordezkariokin adostea neurriak.

Arestian aipatu bezala, ikastetxeetara hartu beharreko segurtasun neurriak bidali dituzte eta gurekin ez adosteaz gain, neurriak eznahikoak direla salatu nahi dugu. Neurriak betetzen diren adi egongo gara eta langileoi dei egiten diegu edozein zalantza edo arazoren aurrean gurekin harremanetan jar daitezen.

Hizkuntzari dagokionez, herenegun jaso genuen emailean testua euskaratzen zutenean bidaliko zigutela euskaraz aipatzen zuten. Eta atzo jaso genuen emailean jarraibideak ez zeuden euskaraz. Gerora euskaraz ere bidali dituzten arren, komunikazioa zein dokumentazio guztia elebitan bidaltzea eskatzen dugu. Lotsagarria da Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hizkuntza-eskubideak nola zapaldu dituen beste behin ere.

Segurtasun neurriei dagokienez, hartu beharreko neurrien artean ez dira aipatzen langileei test-ak egitea eta tenperatura hartzea. LABetik exigitzen dugu langileei testak egitea eta tenperatura hartzea lanera joan aurretik. Eta esan bezala gertatzen denari adi egongo gara! Beraz segurtasun neurriak betetzen ez badira, aurrean izango gaituzte eta langileei gurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatzen diegu.

Recherche