D eredua horrela zabaldu?
Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea, eskubide unibertsalen baitan dago. Norbanakoak bere herrikoa den hizkuntza ezagutu eta erabili ahal izatea bermatu beharreko eskubidea dela inork ez luke zalantzan jarri behar.
Gure kasuan, Euskal Herrian bizi den herritar orok euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea du. Alta, eskubide hau ez da bermatzen Euskal Herrri luze zabalean.
Nafarroari begirada pausatuz, pasaden ikasturte arte, Vascuenceren Legeak horrela aginduta, zonalde diskriminatuko ikasleek ez zuten euskaraz ikasteko eskubiderik administraziopeko ikastetxeetan bederen. Euskaraz ikasteko eskubide hori bermatzen duten bakarrak zonalde horretako Ikastolak dira.
Aurtengo ikasturtean, bigarren ikasturtez, zonalde diskriminatuan D ereduan matrikulatzeko aukera izango dute bertako ikasleek. Iazko Hezkuntza Departamentuaren utzikeria errepikatuko ez delakoaren esperantza dugu, administraziopeko ikastetxeetan gurasoei helarazi beharreko informazioa egoki emateko beharrezko neurri guztiak hartuko dituztelakoan gaude.
Hezkuntza Departamentuak administraziopeko 14 ikastetxetan D ereduan matrikulatzeko aukera izango dela jakinarazi du. Gurasoen ikuspegitik, aurrerapauso bat bada, herri horietako ikasleek D eredua bermaturik izango dutelako eta herrian bertan ikasteko aukera izango dutelako. Herrian bertan ikasteko eskubideak ez luke euskaraz ikasteko eskubidearekin talka egin beharko. Gure aburuz, euskaraz ikasteko eskubidea eta herrian bertan ikasteko eskubidea bateragarriak izan beharko lirateke, herriak bizirik nahi baditugu, bertako ikastetxeak behar baitira eta herriak euskalduntzeko ezinbestekoak.
Akordio programatikoan zonalde diskriminatuko ikastoletarako prozedura berezi bat diseinatuko dela jasotzen da eta D ereduaren zabalpenak diseinu horrekin batera beharko luke. Hainbat urtetan ikastolek emandako zerbitzu publikoaren aitortzatik haratago doana. Ikastolak Nafarroan zonalde diskriminatuan euskararen alde egindako lanarekin batera, herrigintzari egindako ekarpenak bide beretik doaz, euskal kulturaren sustapen eta transmisioaren eragileak baitira.
Zonalde diskriminatuko D ereduko ikasleek, gainontzeko ereduetako ikasleek Bigarren Hezkuntza bukatu eta Batxilergoa zein Lanbide Heziketa eredu horretan ikasteko aukera duten moduan, Hezkuntza Departamentuari eskatzen dioguna da, euskarazko ereduan ikasteko aukera izatea. Egun badaudelako zonalde diskriminatuan DBHn dauden D ereduko ikasleak.