Josu Txapartegi Aramendi

Demokratikoa al da Konstituzio espainiarra?

“Legearen inperioa ez da demokrazia” irakurri diot Alain Touraine soziologo frantsesari. Eta zer esanik ez, legea ejerzito faxista baten baimenaz eta hark ipinitako mugetan jaio bada. Horrez gain demokraziak baditu baldintza batzuk, eta horiek ere aipatzea komeni da.

1978ko Konstituzio espainiarrak demokratikoa izateko hutsune larri batzuk ditu barnean, legea horren demokratikotasuna zalantzan jartzen dutenak eta konstituzio hori ez dela demokratikoa esatera bultzatzen dutenak. Hona, argudio horren ildoa babesten duten elementu batzuk:

1. Ez zen baldintza demokratikoetan idatzi, altxamendu militar bat burutu zuten militarren kontrolpean baizik, Euskal Herriko biztanleria abertzale guztia baztertu ondoren. EAJ eta HB erabat baztertuak izan ziren prozesu konstituzionaletik, hasiera hasieratik.

2. Militar espainolek behartu zuten konstituzio horren bigarren eta zortzigarren artikuluak beraiek aginduta bezala idaztera. Hori lehen mailako bi lekukoren bidez egiaztatu daiteke:

- Konstituzioaren bigarren artikulua: Konstituzioaren idazketan parte hartu zuen Sole Turak baieztatu zuen hori “Nacionalidades y nacionalismos en España” liburuan (99 or.), aitortuz Moncloatik eskuz idatzitako paper batean iritsi zitzaiela hitzez hitz 2. artikuluan garbi gelditu behar zuena, koma bat ere aldatu gabe. Han jaio zen, ondoren guztia kateatu duen formula: “Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun banaezinean oinarritzen da”. Militarren eta garaiko botere faktikoen aginduak bi inposizio ezarri zituen: nazio bakarra Espainia da eta beste nazionalitate guztiak Espainiar nazio dira.

- Konstituzioaren zortzigarren. artikulua: Miguel Herrero de Miñon konstituziogileak “Memorias de estío” liburuan (144 or.) kontatzen du artikulu horren jaiotza. Konstituzioa idazten ari ziren taldean: “sekretua” tanpoia zekarren dokumentua erakutsi nien bileran zeudenei eta honela onartu zen, “ante tamaños poderes” dio, zortzigarren artikulua. Zeintzu ziren botere haiek? Herrero Miñon berak aitortzen du: Defentsa Gaietarako Lehendakariordearen menbretea zuen dokumentuak, eta aginduak honela zioen: “Indar armatuen egitekoa da Espainiaren subiranotasuna eta independentzia bermatzea, eta haren lurralde-osotasuna defendatzea”.

Gobernu batek bere lurralde-osotasuna defendatzea demokratikoa izan daiteke, baina konkistaz, indarrez eta inposizioz mantendu den lurralde bat armen bidez mantendu nahi izatea antidemokratikoa bihurtzen da.

Bi inposizio horiek demokraziaren fundamentu guztia kentzen diote 1978ko Konstituzioari. Demokraziaz jokatzea, zerbait izatekotan, inposatze horien aurka jokatzea izango litzateke.

Bada hirugarren argudio bat. Euskal Herriak ez zuen onartu konstituzio hori.  Hautesleen erdiak baino gehiagok ez zuen erreferendumean parte hartu. EAJk abstentzioa eskatu zuen, HBk ezezko bozka. Bien artean erraz gailendu zitzaien baiezko hautua egin zutenei. Demokraziak gainera ezin du onartu garaian hartan egin zen eskaintza itxia: edo hau edo bat ere ez.

4.- Badira argumentu gehiago konstituzio espainiarraren ez-demokratikotasuna argudiatzeko. Egokiena balizko konstituzio demokratiko batekin konparatzea da.

Baldintza hauetan jaio liteke konstituzio demokratiko bat:

- Lurralde bateko gehiengoak onartua izan behar du. Espainian bai onartua izan zen Konstituzioa baina ez Euskal Herrian. Oinarrizko Lege bat lurralde batean bai eta beste batean ez bada onartua, nazio-arazo baten aurrean egon gaitezke. Demokraziak eskatzen du arazo horren sustraiak aurkitu eta politikoki konpontzea. Espainiako gehiengoak esan lezake ez dagoela inposaketarik, baina Euskal Herriko gehiengoak baietz, inposaketa bat dagoela. Nola konpontzen da hori ez bada herritarrei beren iritzia garbi adierazten utziaz ez bada? Horregatik da funtsezkoa nongo edo zer gehiengoz ari garen argitzea.

- Demokraziak eskatzen du, baita ere, posizio ahulenean edo gutxiagotuenean dagoenari errepararatzea, kolektibo edo komunitate horren askatasun aldarria kontuan hartzea. Hori ahalbidetu beharko luke konstituzio demokratiko batek. Gure kasuan, alderantziz da. Bigarren eta zortzigarren artikuluak indarrean dauden bitartean, nazio espainiar-gaztelarrak aginduko du beste herri eta nazioen (Katalunia, Galiza eta Euskal Herriaren) gainetik. Hor ez dago damokraziaren zantzurik.

- Badago beste puntu garrantzitsu bat, norberaren sustrai kulturalei dagokiona eta gaurko arrazionalismoaren guztizko botereari eta mugarik gabeko kontsumismoari frenoa jartzeko baliagarria izan daitekeena. Euskaldunok badugu gure sustrai kultural sendoa. Espainiako Konstituzioak gaztelar kultura babesten du soilik eta marko horretan inongo aterperik gabe gelditzen gara euskaldunak. Guk gure historiaren egile izan nahi dugu. Badago konstituzio horretan ildo hori jaso dezakeen zerbait? Inolaz ere ez!, autonomiak konstituzio espainiarraren mugetan ulertu behar direla, hori da konstituzioak agintzen duena. Hori morrontza izan daiteke, inolaz ere ez demokrazia.

- Norberak erabakitzeko ahalmena da demokraziaren lehen urratsa, baina Espainiako alderdi guztiek konstituzioa hartu dute defentsa-arma gisa, erabakitze ahalmena beraientzat aitortzen duena, besteontzat ukatuz. Hor ere ez dago demokraziaren izpirik.

Orain erantzungo diot haseran egin dudan galderari: Konstituzio espainiarra demokratikoa al da? Nire erantzuna garbia da: ez!, ez da demokratikoa!

Recherche