Irati Sienra
Ernaiko kidea

Denak etxean izan arte

Idazkera dotorez eta kritika zorrotzez betetzen ditugu orri zuriak maiz, askotan ideia bat bestearen atzean elkarlotuz, zuzen eta polito. Besteetan, malabareak egiten ditugu esaldiekin, zer esan argi ez dugula edo gaiari helduleku desegokitik heltzen diogula. Bada ere, besterik gabe, okertuta idazten ditugun gure hausnarketak.

Eta horrelako zerbait gertatu zitzaion, agian, Mikel Zubimendiri (2015/03/14) idatzitako azken artikuluan. «Denak ala inor ez, ba inor ez!» dio kalera irten eta eskegitako pankarta bati begira dagoela.

Kosta egiten zaigu zergatik den orain, «denak ala inor ez!» dinamika abian jarri eta urte eta erdira, horrelako iritzi artikuluekin etorri izanak, eta egia esan dezagun: bagaude apur bat kezkaturik. Beldur gara urtebete baino gehiagoko ekinbidean ea mezua eta helburuak zeintzuk diren argi utzi ez ditugulako den edo egunez egun herri eta auzoetan ondo landuta ere testuinguru politikoak behartuta horrelako analisiak egitera eramaten gaituelako den. Eta azaltzen saiatuko gara:

Ekuazio sinple eta eslogan borobil borobila izango da, baina «denak ala inor ez» ikusita guri burutik ere ez zaigu pasatzen «ba inor ez» baieztapen kategorikoa. Are gehiago, ekuazio sinplea da horregatik, «denak ala denak» delako baieztapena, edo bestera esanda, denak libre izan arte inor ez dela aske izango. Besterik gabe, hain sinple eta agian horren konplikatu.

«Bai eta ez» kontrakoen artean formulatua dago, egia da, baina kontrakoen talkan sinesten dugulako; tesia, antitesia eta sintesia. Ez dira iraganeko tik politikoak. Guk argi dugu prozesu politikoa modu dialektikoan ulertu behar dugula, ez dela estatikoa, baina mezu politikoa zorrotz eta kontrakoen talkan sakonduta garatu behar dela ere uste dugu, ez zaigulako ahazten bolbora eta berun garaiak bizi ez ditugun arren guda baten erdian jaio ginela eta garela, eta guda konponduko bada Herriak irabazi duelako izango dela.

Preso eta iheslariak gatazkaren parte eta ondorio direla berretsiz gatazka bera konpontzeko batetik eta lehenik, eta gure kide, lagun, maitale eta borrokan eredu direlako ondoren eta bigarren abiatu genuen «denak ala inor ez dinamika». Kritikak izan ziren bai, ea «D» eguna itxaroten genuen, ea uste genuen egun batez denak batera etxeratuko genituela.  

Badakigu, kontzinte gara, kartzeletako ateak eta erbestearen mugak ez direla egun batez zabalduko, ez ditugula preso eta iheslariak egun berean denak batera ekarriko. Bai, badakigu ere bizi dugun blokeo politikoarekin etsaiak etsipenera kondentu nahi gaituela, aterabiderik ez dagoela uste izatera eraman nahi gaituela. Bi arrazoi horiegatik berresten dugu Ernaitik abian jarritako dinamikaren balioa: azken preso eta iheslaria etxean izan arte inork ez dio utzi behar borrokatzeari, denak  herri libre  bat eraikiko badugu  espetxe eta erbestearekin amaitzea ezinbestekoa delako. Gatazka politikoaren zergaiti guztiak konpondu arte ez delako konponbiderik izango. Denak ala inor ez. Guztiak aske izan gabe herri eta herritar askerik ez. Denak aske izan arte borrokan jarraitzeko beharra. Dena dugulako irabazteko, denak ditugulako irabatzeko.

Egunero borroka egiteko deiadarra da egin nahi duguna. Dinami aurkeztu genuenean azaldu moduan, preso eta iheslarien gaia gazteen arteaz zabaldu eta kalean presente izateaz gain, gazteria borroka honen baitan bere ekarpen txikia egitera gonbidatu nahi izan dugu. Bakoitzak bere ekarpentxoa egiteko lekua izan dezan dinamika abian jarri alegia. Herriko presoei gutunak bidali eta bisitak egin, pairatzen duten egoeraren berri eman, senideei babesa helarazi eta laguntza eskaini (bidaietan lagundu, gidari lanak egin...). Baina baita mobilizazioetan parte hartu, presio soziala areagotzeko ekimenak burutu... konpromiso denak dira beharrezkoak.

Pankartak jarri ditugu, aurreko artikulua idazteko motibo izan dena bezalako hamaika Baita baraualdiak egin, preso ohi eta iheslariekin hitzaldiak antolatu, lonjaz lonja gazteekin egon eta egoera azaldu, manifetara gazteria batu, kontzentrak egin, argazki masiboak atera, presoei gutunak masiboki helarazi... Eta horretan jarraituko dugu, Denak ala inor ez garelako aske izango eta egoera hori egunez egun lanean, egunez egun borrokan baino eskuratuko ez dugulako.

Eskertzen ditugu kritikak, ekarpenak eta haserrealdiak. Denetik ikasteko borondatea dugu, aurrera egiteko indarra hartzeko baliatzen ditugu. Baina eraikitzaileak badira bederen. Eta kasu honetan kritika baino hanka sartze edo behinik behin gehiegi aztertu gabeko kritika izan da, hain zuzen ere guk abiatutako dinamika desitxuratzen duen mezu bat zabalduaz, kalterako baino balio ez duena.

Gure jarduna ez dugu momentuko beroaldi, haserre edota hala nolako frustrazio eta maximalismoetan oinarritzen. Hausnarketa eta analsia politikoa da gure jardunaren oinarrian. Gazteok proposamen politikoak egiteko gaitasuna dugu, arnasluzeko eskaintza politikoa egiteko gaitasuna eta Herri honen etorkizuna irabazteko eta oraina borrokatzeko borondate.

Beraz, bai irribarre eginez, eta hortzak estuturik ozen eta garbi diogu: denak ala inor ez, preso eta iheslari politikoak etxera!

Recherche