Haizpea Abrisketa
1984tik aita deportatua duen alaba

Deportatua zeu ere bazarela ohartzen zarenean

Erbestea urtez urte luzatzen denean, hutsune hori bete nahi eta beti huts geratuko zaizula ohartzea da deportazioa. Iraganeko argazkiak malkorik isuri gabe ezin begiratzea, eta dagoeneko geroan argazkirik egongo ez dela jakitea da.

«Egokitzeko egiten duen ahalegin bakoitzean uzten du ordura
arte bere izaera osatu duen parte bat, anputazioa eta transplantea»

«Etorkizuna, sepia koloreko
argazki batean agertzen den
paisaia kutuna da jadanik»

Mikel Antza, "Atzerri"

 

Deportatuaren 5 urteko haurrarentzat, deportazioa itsasoaren beste aldean, oso-oso urrun dagoen lurralde arrotz batera joatea da, pisu handia duten maletekin bidaia luzea egitea. Deportazioa Pariseko aireportuan, amaren altzotan banku batean gau osoa igarotzea da. Bidaia bakoitzean hegazkina hiru aldiz hartzea da, gutxienez 16 orduko bidaia joateko.

Sei edo zazpi urte beteko dituzunean, bidaia hori zirraraz beterik egingo duzu. Hain luzaz itxarondako, amestutako unea iritsi da. Bidaia luze horren ondoren, hegazkinetik jaitsi eta lasterka aitaren besoetara joango zara. Halere, bisitaldia amaituko denean aitari agur ezin esanez hutsune hori izango duzula jakitea da deportazioa, eta aita ikusiko duzun hurrengoan, 4 edo 5 zentimetro gehiago izango duzula eta seguruenik urtebete gehiago izango duzula ohartzea da.

Amonak esana dizu 3 urtez errefuxiatu izan zela, eta horregatik 8 urte noiz beteko ilusioz itxaroten duzu, izan ere, ondorio matematiko zentzugabe batek eramango zaitu pentsatzera zortzigarren urtea iristean aita etxean egongo dela.

Bost eta 7 eta 9 eta 10 urtez jada aita erbesteratua duzun nerabe hori deportazioa gatazka politikoengatik izan dela jabetzen zara. Orduan, zure biziaren erdia edo gehiago injustizia hori pairatzen ari zarela ohartzen zara. Halere, jarraitzen duzu zentzurik gabeko kalkuluak egiten, entzuten duzunean baten bat oihukatzen “datorren urtean denak Euskadin!”, ezin diozu, zure barrenean, ezkutuan, epemuga hori jartzeari uko egin, eta berriz ere ezin eutsi kontatzeari, 8 urte zenuenean bezala, izar gurarietan sinesteari.

Injustizia hori bakarrik bizi behar izatea da etengabe ez ulertua izatea. Udako oporretan zer egin duzun ez kontatzea da deportazioa. «Jo ze suertea, zu Karibera zoaz!” “Ze ondo bizi zeran!” entzun eta horren aurrean isilik egotea da deportazioa.

Hemezortzi urte betetzen dituzun egunean negar egingo duzu. Ohartuko zarelako jada haurtzaroa joan egin dela, eta urteak zenbatzea alferrik izan dela. Haurtzaroan gehien amestu eta borrokatu duzuna ez delako inoiz itzuliko. Eta denborari muga bat jartzeari uko egingo diozu, eta deportazioa zer den ohartuko zara. Deportazioa urteak zenbatzeari uko egitea da. 34 urte pasa direnean, ez badizute berariaz galdetzen, ez dituzu zenbatzen. Ez dituzulako zenbatu nahi.

Erbestea urtez urte luzatzen denean, hutsune hori bete nahi eta beti huts geratuko zaizula ohartzea da deportazioa. Iraganeko argazkiak malkorik isuri gabe ezin begiratzea, eta dagoeneko geroan argazkirik egongo ez dela jakitea da.

Denboraren poderioz harremanak galtzea da deportazioaren helburua, erroak haustea, herriminaren zurrunbiloan itorik geratzea, ez aurrera ez atzera egitea. Hori da deportazioaren drama, ez dakizu noiz arte den, eta eguna iristen denean, zu jada ez zaudela ohartzea da.

Deportazioa aita noiz itzuliko den galdetzen dizuten bakoitzean begirada makurtu eta beste alde batera begiratuz «halako egun batean etorriko da» erantzutea da. Deportazioa da «baina itzul daiteke, ezta?» entzun behar izatea eta isilik geratzea.

Deportazioa, zure inguruak, betidanik borrokan ari zarela denboraren higadura krudelaren aurka, eta, guztiaren gainetik, deportatuarengana joan ahal izatea lehenetsiko duzula ez ulertzea da, deserrotze horren kontrako berme bakarra zarelako, herriarekin geratzen den lotura bakarra zarelako.

Deportatuaren seme edo alabarentzat deportazioa, epemugarik gabeko zigorra da. Hemen bizi eta han egon nahi izatea da, bai eta han bizi eta hemen egon nahi izatea ere. Deportatuaren herrimina zure begietatik asetzea da, zure zati bat deportatua dagoela sentitzea, erbestea zure barruan bizi duzula ohartzea, deportatua zeu ere bazarela konturatzea.

©Mediabask

Recherche