Desmemoriaren argazkia

PSOEk bazuen formula bat ETAren borroka armatua deusezteko, eta formula hori zela, zehazki, bere garaian OAS erakundeak (Organisation de l’Armée Secrète) Argelian erabilitako metodoak erabiltzea. Horraino «anekdota», GAL erakundea bere hilketekin hasi aurretik gertatua.

08/07/2020

Argazkiek beti ematen digute iraganaren berri; hargatik, neurri batean behintzat, oroimenaren gordailuak dira. Pasa den asteburuan Bilbon ateratako argazki batek nire erraiak inarrosi ditu, eta hausnarketa txiki bat egitera eraman nau, batzuek inposatu nahi duten kontakizun bakarreko oroimenean behin betiko egiatzat jarri nahiaren desmemoriaren hipokrisiaz. Zorioneko/zoritxarreko argazki hori Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen kariaz antolatutako mitin batean atera zen, Bilboko Uribitarteko pasealekuan Ramon Rubialen omenez eraikitako estatuaren aurrean, albo banatan Pedro Sánchez eta Idoia Mendia irribarre zabalaz daudela.

Biharamunean Idoia Mendiak gisa honetako adierazpenak egin zituen Onda Ceron eginiko ekarrizketa batean: «las comisiones de investigación con respecto a las víctimas del terrorismo no son útiles», «aquellos que tienen más deberes pendientes son quienes no son capaces de reconocer la injusticia del asesinato bien por una razón de estado o por una razón política», «las comisiones de investigación con respecto a las victimas del terrorismo no son útiles», «todos los auntos relacionados con los GAL que acabaron en los tribunales ya están juzgados. Felipe Gonzalez nunca ha estado en ningún asunto de los GAL en los tribunales, y tampoco el PSOE», «la verdad y la justicia se establecen en los tribunales». Eta abar.
Idoia eta Pedro gazte samarrak dira (54 eta 48 urte), eta ume/nerabeak ziren aipatuko dudan «anekdota» gertatu zen garaian, baina uste dut komeniko litzaiekeela irakurtzea eta entzutea, ondo informaturik gera daitezen.

Ziurrenik biek ala biek ondo dakitenez, Ramon Rubial Erandion jaio zen 1906an. Ibilbide borrokalari argia izan zuen oso gaztetatik hasita, UGTn (1920), JJSSn eta PSOEn (1922). Gero, 1936ko estatu-kolpearen ondoko diktaduraren aurkako mugimenduan sartuta aritu zen. Horretan eredugarri izan zela esan dezakegu. Azkenik, Franco hil ondoren PSOE legalizatu ondoren, alderdi horretako presidente aukeratu zuten 1976an Madrilen egindako XXVII, kongresuan. Hortik aurrera, bestelako historia abiatu zuen, ez hain eredugarri, jarraian azaltzen saiatuko naizenez.

Erandioko adiskide batek bizi izandako «anekdota» bat kontatuko dizuet. Istorioa Abandoko tren-geltokian hasi zen, non nire adiskideak eta beste erandiotar batek topo egin baitzuten Rubialekin, Madrilera bidean zihoana PSOEren Exekutiba Federalean parte hartzera. Elkarren ondoan eserita, Bilbotik Madrilera bitartean berba eta berba aritu ziren lagun komunei eta gai arruntei buruz, harik eta gai garrantzitsuenera iritsi arte, alegia ETAren borroka armatua hizketagai izan arte. Nire adiskideak esan zidanez eta askoz geroago 2010eko artikulu batean argitaratu zuenez, erabat harrituta geratu zen Ramonen ahotik entzutean PSOEk bazuela formula bat ETAren borroka armatua deusezteko, eta formula hori zela, zehazki, bere garaian OAS erakundeak (Organisation de l’Armée Secrète) Argelian erabilitako metodoak erabiltzea. Horraino «anekdota», GAL erakundea bere hilketekin hasi aurretik gertatua.

Oraingo perspektibarekin ikusita, batetik GAL eta OAS erakundeak egindako hilketen arteko antzekotasuna (edo identikotasuna) gogoan harturik, bestetik CIAk idatzitako informaziotik zabaldu berritan gaudela eta, bestalde, garai hartan Rubial PSOEren presidentea zela kontua izanda, ez ote luke mereziko judizialki identifikatu gabeko X ezezagunaren atzean nor edo nortzuk egon ziren argitzea? Sinesgarria ote da PSOEko buruzagitzakoek erabaki hartaz ezer ez dakitela/zekitela esatea?

Bilbon bizi naizenez, oso atsegin handiz ibiltzen naiz pasiatzen Ibaizabalen itsasadarreko ezkerraldeko ibaiertzetik, baina zinez diotsuet, sumindurazko kolpe gogorra sentitzen dut Guggeheimen alboan Ramon Rubialen irudia zutik ikusten dudan aldi oro, desmemoria motz eta deformatuaren adibidetzat hartzen baitut. Uste dut, gainera, horrela sentituko dudala beti, herri honen historia hurbileko memoria osotua idazten ez den/dugun artean, esan nahi baita, estatu-terrorismoaren ekimenak argiturik geratu arte, egiari zor, eta terrorismo horren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa behar den moduan aitortu arte.