Desolatio (edo irakasle atsekabetu baten ibilerak EHUko Arabako Campusean)
Asteazken goizean, gogor astindu zuen mundua berri sinestezin batek: misogino-xenofobo arriskutsu batek irabazi zituen AEBetako hauteskundeak. Ez naiz ni bereziki Clinton zale, Bernie Sanders zale baino, baina ez ninduen horrek larregi kontsolatu. Lanera abiatu nintzen, beraz, harridura eta haserrea ezin eramanez, eta Letren Fakultatera sartu nintzenean, gerra eremua zirudien atariak. Garbitasun greba hasia zen gurean.
Eguna fakultatean igaro nuen, ohi bezala, erritmo bizi, zoro samarrean, eta ikusi nituen bai, ertzainak campusean, baina grebagatik izango da, kontu(eg)izu, pentsatu nuen nire artean. ETB1eko gaueko albistegian berria entzun nuen arte: Arabako Campuseko ikasle batzuek ez zioten Nekane Balluerka errektoregaiari bere hauteskunde programa azaltzen, eta berak eta bere taldekideek alde egin behar izan zuten eraikinetik irainen artean. Sarean ere, ikaraturik ikusi nuen bideoa. Eskailera haietan gora egin nuen nik goiz hartan ikasgelara bidean, eta bertan agurtu nien errektoregaiari eta Jon Zarate Euskara Errektoreordeari, ikasleek iraindu zituzten eskailera berberetan.
Ostiraleko arratsaldeko eskolara akiturik heltzen gara irakasle eta ikasleok. Ikasleak maleta eta guzti etortzen dira eskolara, etxera lehenbaitlehen itzultzeko behar gorriarekin. Gure ikasgela karrejo luze baten amaieran dago. Abiatu eta txistua irentsi behar izan nuen ikasgelarainoko bidea egiteko. Belarrira kantatzen hasi zitzaidan orduan Itoizeko Juan Carlos Pérez, Atxagaren Desolatio poema gogoangarria:
Esaten du ene hiztegi batek…
Arnas hartu eta aurrera egin nuen komuneko paperezko xingola zuriak, irina, pintura orbanak, plastikozko edalontzi zikinak, kafe tantak, ozpin errekastoak zapaltzen nituela. Zabor biltzaileen greba garaiko Napolin ote nengoen pentsatu nuen.
… desolamendu hitza latinezko
Baina ez, ez nengoen Napolin, zeren paretetan eskuma eta ezkerretara, han eta hemen, askotariko koloreetan, Leioara joateko deia zegoen-eta, euskaraz idatzita. Euskal Herrian nengoen beraz.
… desolatio hartatik datorrela
Aurrera jarraitu nuen ikasgelaraino eta arbelera begiratu nuenean, spray gorriaz letra handi-handietan GEUREA ERAIKI idatzita zegoen ezkerretara eta eskumatara A(zaroak)24 LEIOARA. Idazteko lekurik ez zen ia.
Hasperen sakon bat isuri zitzaidan. Amore eman eta alde egin nezakeen, edo bestela eutsi. Arbelera begiratu nuen berriro GEUREA ERAIKI zioen alderdira, eta nire rotulki gorriarekin –gaur egun gela batzuetan baino ez ditugu klarionak erabiltzen–, sprayarenak baino askozaz ere marra sotilagoez margoztu gabe zeuden arbel zati txikietan idazten hasi nintzen, ikasleei Afrikako bantu hizkuntzetako egitura bitxi batzuk azaltzen hasiaz batera.
…jenitiboz desolationis
Gutxi gorabehera, 170 bat ikasle izaten ditut urtero. Graduak dirauen 4 urteetan, beraz, 680. Ez dakit 680 horietatik inor ote zegoen errektoregaiari irainka jardun zutenen artean, ezta euretako inor izan ote zen arbelean GEUREA ERAIKItzera dei egin zidana. Balego, gustura hitz egingo nuke berarekin, eurekin, eskolan egin izan dugun bezala. Geurea eraiki behar dugu-eta, noski, arbelean idazteko lekurik utzi ez zidanak ez ezik, neronek ere, gure ikasleek, irakasleek, errektoregai berriak eta bere lantaldeak, unibertsitateko langileek, garbitzaile grebalariek, horren beharrezkoak zaizkigun horiek, desolatio-ak betirako irentsi ez gaitzan.