Garazi Goia
GAUR8

‘Diem horribilis’

Asteartean, Eskoziako Erreferendumaren white papera aurkeztu zuen Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak eta Glasgowko Zientzia Zentroan zeuden kazetari eta interesatu guztien iritziek eta aipuek bete dituzte azken bi egunetan Erresuma Batuko hedabide guztietako goiburuak.

Txostenaren 667 orriek garbi azaltzen dute zein den hemendik 2014ko irailaren 18ra arteko ibilbidea, baita alegiazko Eskozia independente bati buruzko ñabardura guztiak. Lanean izan dut elkarrizketa bat independentziak Eskoziako telebistan eta hedabideetan izango lukeen eraginari buruz; zapuztu naute batzuek, nabarmena zelako sinplifikaziorako joera bat eta beste sentsibilitate batzuk ulertzeko esfortzua egin nahi eza. Arazoa ez zen nor zegoen independentziaren alde edo kontra, baizik eta lehenengo ulertu egin beharko genukeela (denok) zein diren urratsak eta ondorioak; eta, ziurrenik gela hartan geunden guztiok txostenaren bigarren orritik pasa gabe geunden. Ezin dut jasan ezer jakin gabe (eta, batez ere, jakiteko interesik gabe) setatsua den hori.

Etxera bidean, oinez banator, gehienetan saltoki gune bat zeharkatzen dut. Orain arte eguberrien gertutasuna nabaritu gabe nuen (edo ekiditen saiatu nintzen), baina erakusleihoetako apaingarriek eta megafonoetatik zetorren Gabon kanten melodiek nire atenporaltasunari amaiera jarri diote. Eraikinera sartzean, saltzaile bat gerturatu eta ea beraien krema berria probatu nahi dudan esan dit, zimurrak ez azaltzeko merkatuan dagoen soluziorik onena dela esanez. Sentibera nengoen gaur. «Zer esan nahi duzu horrekin, krema hori behar dudala?», pentsatu dut, irrazional eremuan sartzen ari nintzela kontziente nintzen bitartean. Beherapenak hasi dira eta inposatzen diguten kontsumitu behar horri erantzunez pilotu automatikoa jarrita irribarre batekin orga betez dabiltzan robotak saihestu ditut. Zoriontasun artifizial baten arrastoa utziz zihoazen denda batetik bestera egindako bidean. Ez dut gustuko eguberrien alde komertzial hori.

Etxera etorri naiz, Realaren futbol partida jarraitzeko ilusioz. Inoiz ez dut ahaztuko, duela hamar urte Anoetan Galatasarayren aurkako partidaren hasieran, Txapeldunen Ligako himnoa entzutean, tripan tximeletak dantzan jarri zizkidan une hura. Ez zegoen ia itxaropenik gaurko, baina 4-0 batekin kanporatua izateak oraindik sentsazio txarragoarekin uzten du bat. Noiz entzungo ote dugu himno hori berriro. Auskalo.

Eguna erreskatatzeko, Amazonen eskatua nuen “Mad Men” telesailaren seigarren denboraldiko DVDaren bila joan naiz postontzira. Fikzio inteligentea eta kapeladun gizon enigmatikoen edertasuna behar nituen deskonektatzeko; hura izango zen nire sendagaia. Baina, hutsik zegoen postontzia. Bi egun barru etxean izango nuela promesa egin zidan igorlearen mezuak. Amazoneko web orrira joan naiz eta operadoreekin elkarrizketa bat izan dezakezun leku horietako batean jarri dut nire kexa. Oso adeitsu erantzun dit Adam izeneko mutil birtualak. Bi minuturen ostean esan dit asko sentitzen duela, baina, tamalez, sisteman ezin duela aurkitu nire eskaera. Bidean galduko zela. Baina, lasai egoteko, bidaliko didala beste bat, debalde, eta benetan sentitzen duela eta anglosaxoiek duten heziera fin horren isla, bost aldiz eskatu dit barkamena.

Web orri berean, mezu «pertsonalizatu» bat zegoen niretzat: «Kaixo, Garazi, gaur zuretzat gomendio hauek ditugu» zioen. Amitav Goshen “Sea of Poppies”, Milan Kunderaren “The Joke”, Jeanette Wintersonen bi liburu, Don DeLilloren best bi, eta filmen sailean bost DVD.

Bi liburu eta behar ez nuen DVD bat erosi ditut. Oraindik hamar liburu gutxienez zain ditut ohe ondoko apalean. Ez neukan horien beharrik.

Baina, batez ere, neure erreakzioak eman dit amorrazioa. Beti tranpan erortzen naiz. Zein azkarrak diren. Edo, ni zein ahula naizen.

Lagun bati deitu diot eta nolako egun ziztrina izan dudan kontatu diot; bost minutuko bakarrizketa izan da. Ez diot hitz egiten utzi berari. Baina husteko beharra nuen. Lehen Munduko arazoak direla horiek esanez erantzun hotza eman dit, ohera joateko eta ahazteko. Oraindik okerrago utzi nau. Beste zerbaiten bila joan naiz eta egoa ubelduta utzi nau. Bihar beste egun bat izanen da.

Recherche