Maddi Alvarez

Donostia Kultura ikastaroak euskaraz?

Euskarazko taldeetan gutxieneko kopuruak ez direla betetzen omen da arazoa. Baina zergatik gertatzen da hori?

Hasi da, urtero bezala, Donostia Kulturako ikastaroetan izena emateko epea. Eta urtero bezala, kezka, euskarazko taldeak aterako ote diren. Itxaropen gutxi, egia esan. Urteak eman ditugu euskarazko taldeak aurrera atera daitezen ahaleginetan, batera eta bestera, gehiago egin behar dela ikusarazi nahian, gehienak bertan behera geratzen baitira, zoritxarrez. Kexak helarazi genituen hasieran. Gerora, proposamen edo ideia desberdinekin jo izan dugu Kulturako bulegoetara, baita Udal Gobernuko euskara arduradunengana ere. Erantzun berbera jaso dugu beti: «aztertuko dugu».

Euskarazko taldeetan gutxieneko kopuruak ez direla betetzen omen da arazoa. Baina zergatik gertatzen da hori? Jendeak badakielako euskarazko talde gehienak bertan behera geratzen direla, eta, beraz, ikastarorik gabe geratuko dela. Ondorioz, gaztelaniazko taldeetan ematen du izena.

Euskarazko taldeetako matrikula bultzatu behar dela argi dago. Kultur etxeetan eta web orrian «Euskarazko taldeetan matrikula zaitez» dioten txartelak jartzea proposatu genuen, euskarazko taldeetan kopuru minimoa jaistea, matrikula merkeagoa jartzea, euskarazko taldea ateratzen ez denean talde elebidunak egitea –ikastaroaren klase dinamikak ahalbidetzen duenean–, irakaslea askotan berbera izaten baita... Hainbat proposamen ikastaro hauek euskaraz egin nahi dituzten euskaldunak laguntzeko, hori baita kontua, lagundu nahi izatea, borondatea egotea egoera hau aldatzeko, eta batez ere euskararekiko benetako atxikimendua izatea, egoera hau zein baztertzailea eta mingarria den konturatzeko.

Baina ez dute ezer egin!

Iaz, aipatutako txartelen eredu bat eraman genien, kopiak egitea bakarrik falta zen. Ez zituzten jarri. Aurten ere ez. Ikastaroen liburuxka berriz ere urteroko berdina da. Inon ez da euskarazko taldeetan matrikulatzea bultzatzen. Gutxienez, adieraz zezaketen garantiak emango direla gaztelaniazko taldeetara pasa ahal izateko: aukera bat badago euskarazko taldeetan matrikulatu direnak kalean ez geratzeko, matrikulazioaren ordua kontuan hartzea (euskarazko taldea sortzen ez denean, matrikula orduaren arabera osatzea gaztelaniazkoa. Baina honek ez du euskaldunon aukera berdintasuna bermatzen. Guk ikastaroa euskaraz egiteko aukera erreal bat nahi dugu. Bestela, berriz ere, egunero hainbeste lekutan gertatzen zaigun bezala, gure euskararen hautuari uko egitera derrigortuko gaituzte, eta gaztelania inposatu).

Ezer ez. Kopuru minimoak ez dituzte aldatu: 10 gaztelaniazko taldeetan, 8 euskarazkoetan (Donostian euskaldunak %35 garela kontuan izanik, ez dirudi oso proportzionala!). Prezioak berdinak dira. Bueno ez, euskaltegiren batean matrikulatuta dagoenarentzat %25eko beherapena eskaintzen dute. Oso ongi, euskaldun berriez gogoratu dira, euskara praktikatzeko ate bat irekiz, erabilera lagunduz, baina taldeak sortzeko ahaleginik ez badago, horrek ez du ezertarako balio! Gaztelaniazko taldeak ezin dira elebidun bihurtu, talde horietan izena eman dutenek «ez dutelako euskararik nahi», teknikari batek azaldu zuenez!

Recherche