Mikel Bono, Alberto Peñalba, Ainhoa Gorostiaga
Donostia

Donostiarrak garelako

Zilegi da pentsatzea Igeldorentzat Donostiari lotuta jarraitzea dela onena. Zilegi da kontrakoa pentsatzea. Baina Igeldoko emakume eta gizonena da azken erabakia.

Eta demokrazia maite dugulako, igeldotarren iritzia errespetatzea nahi dugu. Inork ez luke halakorik esan beharko, jendarte demokratiko osasuntsu batean harrigarria izango litzatekeelako mota honetako adierazpenak egin beharra, baina zoritxarrez, plazara atera beharrean gaude, Pernandoren egia berresteko; igeldotarrek independenteak izan nahi badute, ez badute donostiar izan nahi, beren erabakia errespetatzea dagokigu gainerako guztioi: donostiarroi, Donostiako Udalari eta hiri honen batasun zatiezin betierekoaren defendatzaile porrokatu bihurtu omen diren PSE-EEri, EAJri eta PPri. Horixe da demokratikoena eta logikoena. Igeldotarren erabakia gustatu ala ez. Eta guk geure auzoak direlako eta elkarren ondoan lanean ibili garelako, igeldotarrak maitatzen jarraituko dugu.

Berriro diogu: tristea da horrelakoak esan beharra, baina igeldotarren erabakiaren eta iritzi hori errespetatu duten erakundeen kontrako eraso politiko eta mediatikoa dela-eta, hau dena argi eta garbi, publikoki, esan beharra dagoela uste dugu. Donostiarrok ezin gara isilik egon. De- mokrazia kontua da. Guk Donostia, eta Euskal Herria, demokrazia zuzenaren eta herritarren partaidetzaren parametroetan ulertzen dugu, eta horregatik, lotsagarria iruditzen zaigu ordezkari politiko batzuek igeldotarren borondatearen kontra hartutako bidea, baita zenbait komunikabideren kanpaina neurrigabea ere.

Igeldotarrek berezko nortasuna izan dute beti; ez da kontu berria donostiarrontzat. Donostiako autobus zerbitzuetako batek, adibidez, duela gutxira arte, Pueblo Igueldo zioen. Eta inork «Igeldora joan gara» esaten badu, berehala etorri ohi zaio galdera bueltan: «Parkera ala herrira?». Igeldo «herria», alegia; hala izan da beti donostiarrontzat. Horren guztiaren gainetik, ordea, igeldotarren borondatea dago. Eta borondate hori garbia da: udalerri izan nahi dute. Zilegitasun osoz. Behin baino gehiagotan adierazi dute, gainera; azkeneko aldiz, duela hilabete pare bat, non, galdeketa batean, boto-emaileen %61 Donostiatik bereiztearen alde agertu baitzen.

Igeldoko galdeketa demokrazia ariketa izan zen, herritarren gobernua delako demokrazia. Alde horretatik, geure etorkizunaz eta geuri dagozkigun gaiei buruz erabakitzeko herritarron eskubidea bermatu eta bultzatu behar dela uste dugu. Hori izan delako, beti, res publica-ren (gauza publikoa) funtsa. Beraz, ulertezina da igeldotarren borondatea auzitara eramatea eta Espainiako epaile baten esku uztea. Herritarren partaidetza eta demokrazia parametroen arabera, salatu egin behar dugu PSE-EE, EAJ eta PPk hartutako bidea, muzin egin diote- eta igeldotarren nahiari.

Igeldoren bereizketaren inguruan antolatutako kanpaina politiko-mediatikoan sekulako astakeriak entzuten ari gara. Onar- tezina da talde politiko bateko bozeramaileak bera Donostian jaioa dela esatea eta hori, argudio bezala, politikoki erabiltzea. Onartezina da alkate ohi batek oraingo alkateari igeldotarra izatea leporatzea. Onartezina da igeldotarrak mespretxatzea. Inoren jatorria argudio politiko bezala erabiltzea xenofobiaren mugan dago. Eztabaida politikoa pobretu eta eremu labainkorretara eramaten ari dira.

Estrategia horretan donostiartasun agiriak ere banatzen hasi dira zenbait: «Halakoak ez du Donostia maite», «Ez du Donostia ulertzen», «Donostia hondoratzea beste helbururik ez dute»... Luzaroan balizko munduko herritartasuna bandera moduan erabili dutenak orain diskurtso identitario hertsi hori egiten ikusteak auzo-lotsa eragiten du. Zeintzuk dira haiek donostiartasun agiriak banatzeko? Zeren arabera erabakitzen dute nork maite duen eta nork ez Donostia? Zer parametro erabiltzen dute ondorioztatzeko ordezkari politiko batek ez duela Donostia ulertzen eta beste batek, berriz, bai? Kritika politikoa zilegi da, baina kritika hori irizpide arrazionalen arabera egin behar da, eta ez norberaren jatorriaren edo norberaren ustezko identitatearen edo identitate faltaren arabera. Gu ere donostiarrak gara, Donostia maite dugu, hiri hau uler- tzeko geure moduak ditugu, eta Donostia modu horien arabera eraikitzeko eskubidea dugu, beste edozein herritarrak bezala.

Igeldotarrek independente izateko eskubidea dute. Zilegi da pentsatzea Igeldorentzat Donostiari lotuta jarraitzea dela biderik onena. Zilegi da kontrakoa pentsatzea. Baina argi dago Igeldoko emakume eta gizonena dela azken erabakia. Eta guztioi iritzi hori errespetatzea dagokigula: erabakiarekin bat egin ala ez. Demokrazia kontu hutsa da. Horregatik, erabaki hori errespeta dezatela eskatu nahi diegu alderdi eta ordezkari politiko guztiei; PSE-EEri, EAJri eta PPri, ez dezatela gauzatu igeldotarren erabakiaren kontrako judizializazioa, eta komunikabideei, gai hau arrazionaltasun parametroen arabera landu dezatela, polemika artifizialak sustatu beharrean.

Recherche