Iraitz Amor Pla

Dutxa hotz bat denontzat

Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela 15 egunez eta bertan talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman gabe sexuaren arabera banantzeko edota bainujantzia erabiltzeko. Halaber, adierazten zuen gurasoei ez zitzaiela aldez aurretik funtzionamendu horren berri eman, eta alabari ez zitzaiola egonaldian zehar bere gorputzarekin nahi zuena egitea erabakitzeko aukerarik eman. Argitalpen honetan idatzitakoagatik, bestalde, badirudi begiraleek erantzunen bat eman ziotela ama honi eta bertan sexuaz hitz egitea ekidin eta generoaz hitz egiten ziotela.

Honaino jatorrizko argitalpenetik atera daitekeena. Hemendik aurrera, analisia. Eta lehenengo esan beharrekoa eta funtsezkoa dena da, ez argitalpenean eta ezta honi emandako erantzunetan, ez dela agertzen udalekuko begiraleek gurasoei bidalitako balizko erantzun hori ez eta Euskal Udalekuen aldetiko adierazpen ofizialik. Azken honen webgunean edo Instagram kontuan ere ez. Hori esanda, kasu honen inguruan atentzioa deitzen duten zenbait gauza aurki ditzakegu:

Azpimarragarriena argitalpen honek eragindako erreakzio kopurua (293 erantzun gehi loturiko beste argitalpen bat, 39 erantzunduna, ohikoena 10 erantzunetara ez iristea denean) eta @denuncias_euskalherria kontuak daukan perfil feminista kontuan hartuta, argitalpenari beraien burua feministatzat izango duten pertsona batzuek emandako gutxiespeneko erantzunak izan dira. Deigarria egin zait pertsona hauetako askok gertatutako egoerarekiko zilegizko kritikotasuna adierazi duten pertsonak (asko, berdin, feministak izango direnak) TERF edo transfobo bezala katalogatu izana (beraiek woke-tzat dituztenek egiten duten bezala). Egon da, bai, erantzun transfoborik, baina modu horretan deskalifikatzearena horiengana baino haratago joan da.

Salatutako egoerari dagokionez, argi dago esperientzia bat (talde mistoetan dutxatzea) modu subjektibo eta pertsonalean bizi den zerbait dela: batzuek ongi daramate, besteek ez. Baina, hainbat pertsonak adierazi duten moduan, nerabeak hori beraien gogoz kontra egitera behartu dituztela salatzen bada, egin behar ez den lehenengo gauza (gertatu den moduan) pertsona horien deserosotasuna gutxiestea da, batzuek egoera «ondo» edo «natural» bizi dutela esanez edo, are, udalekuaren (edo, zehazki, begirale horien?) proiektuaren ideologia «kolokan» jartzearen ardura biktimari egotziz. Horrek birbiktimizazioa eragiten du, nerabearen adierazteko eskubidea inhibituz.

Erantzunetan irakur daitekeena aztertuta, ez dago soberan pertsona batzuek bai baina hainbatek ulertzen ez dituzten beste hainbat gauza aipatzea: adibidez, dutxa kolektiboak edozeinentzako izan daitezkeela potentzialki deserosoak (ez soilik neskentzako), eta deserosotasun horren arrazoiak norberarenak eta anitzak izan daitezkeela (are gehiago nerabezaroan, zaurgarritasun guztiak azaleratzen direnean)... edota txanda horretan egon direnak pertsona zehatzak direla eta, beraz, bertan izandako mutilei estatistika batzuen sasi-irakurketa baten isla (pornozale biolentoak) izatea leporatzea ez dela bidezkoa.

Gehiegitan aurkitzen da interneten, prentsan edo kalean, besteen sentitzeko zein jarduteko moduenganako kritikotasun itsu, oldarkor eta koldar hori, talde baten aterkipean egotearen babesak argumentuak eman behar ez izatea zilegi balitz bezala jarduten duten pertsonak, bestearen ikuspuntua aditu ere egin gabe epaitzen dituztenak. Baina, dabiltzala kontuz, norbere kontzientzia ezin du-eta taldeak edo anonimotasunak babestu. Inor zigortzen hasi baino lehen (batzuek gartzela ere eskatu dute), gertakariaren ikuspuntu ezberdinak errespetuz aditzea behar da; eta gertatutakoaren larritasuna kontuan hartuta, exijentzia bat izan beharko litzateke begiraleek edota Euskal Udalekuek adierazpen ofizial bat egitea dutxa mistoen planteamendua nola burutu den azaltzeko (webgunean ez baita horren aipamenik egiten). Badirudi 4. txandako azken urteetako ideia izan dela (horrela seinalatu da Instagrameko erantzunetan), baina aukerarik seguruena gaizki-ulertu baten ondorioa izatea da; ez dut uste begiraleok Aner Euzkitzeren planteamendua («adoktrinazio transmaribolloa gauzatu nahi dugu eta gauzatzeko prest gaude»; "Berria"-ko "Haurrak eta genero-esentzialismoa" artikuluan doktrina ideologiko bezala hartuko zutenik eta hurrengo pausua heteroak sutan justiziatzea izango denik, ezta?... ezta?

Tira, amaitzen joateko: atentzioa deitu dit euskal hedabideetan, astebete pasa ostean, ez dela ezer argitaratu kasu honen inguruan, antzeko beste egoera askotan salaketa egin eta berehala zerbait argitaratzen denean inolako zuhurtasun eta errugabetasun-presuntziorik errespetatu gabe. Norbait nahi ez duen zerbait egitera behartzea boterearen erabilera bat da; eta erabilera hori ez badago legitimatuta, biolentzia da, argi eta garbi. Adin txikikoen kontra edota sexua edo generoa bezalako gaiei lotuta badoa, gainera, are larriagoa da. Baina batez ere, ez dago pertsona erdeinagarriagorik besteen ikuspuntu eta adierazpen-askatasun legitimoa isilduarazten (kantzelatzen) duena baino; ez interneten, ez prentsan, ez kalean, eta ezta udalekuetan edo feminismoan ere. Adi.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche