Cecilio Rodrigo

Egiten duzuna gara, egiten duguna zara

Bilboko Erronda kaleko Bira tabernan eseri gara misiolari zaharra eta biok. Gizonezkoa da misiolaria, irakasle ohia eta emakumezkoa ni. Biok lanetik erretiratu berriak. Mahaian kikara kafe bana.

− Telebistan oso paisaia ederretik zihoan auto bat ikusten zen. Ataskorik batere, autoa berri-berria, arin, eroso, garbia, distiratsua eta orbainik gabekoa errepide idiliko batean. Galdera bat egiten zizun ahots batek: ¿Tú crees en la publicidad o en ti mismo?

− Zurekin akordatu naiz telebistako iragarkia ikusita. Ziri hirukoitza. Bat: auto distiratsua eta garbia, bi: errepidea paisaia idilikoan, eta, hiru: zu nortasun sendokoa zarela/garela sinetsarazi nahi ziguten ideia hori.

− Baita lortu ere. Gogoan eduki honakoak: «Begietatik sartzen dena artez doa burmuinera», eta «Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du», eta «Telebista agertzen ez dena ez da existitzen»...

− Nire iritzirako, ordea, gehiago da hitz betea mila irudi baino, nire ustez hitza irudia baino gehiago da. Hitzik gabe ez dago hitzarmenik. Eta hitzarmenik barik, itunik gabe, ez dago ez gizarterik, ez legerik ez eta zibilizaziorik ere.

− Uste al duzu, mundua dabilen moduan ibilita, oraindik ere zibilizatuak garela?

− Bai, bagara. Are gehiago gure kasuan, euskaldunak izanik. Ahaztu al zaizu garai batean esan ohi zena: «euskalduna bada hitzekoa da» ? Nik behintzat, orain ere, horixe nahi dut sinistu. Batzuetan, baina, neure artean ametsetan ote nabilen galdetzen dut.

− Lasai, orain Erronda kaleko Bira tabernan gaude. Argi dago zuk hitzetan, berbetan sinesten duzula. «Scripta manent, verba volant», alegia: «idatziek iraun egiten dute, berbak lurrundu egiten dira», esaten zuten Erromako imperioaren garaian. Nik ez. Nik antzerkietan sinesten dut: «la vida es puro teatro». Gu, gizakiok, zenbait filosofok diotenaren aurka, ez gara izaki adimendunak, ez gara izaki arrazoizkoak, mundua zelan dabilen ikustea besterik ez dago. Ezer izatekotan, izaki mimetikoak gara, izaki imitatzaileak, tximino esanekoak, loroak, txotxongiloak. Atsotitz batek dioenez: «zer ikusi, hori ikasi»: Horrexetan datza publizitatea eta bizitza. Zuk pantailan alkandora bat ikusi duzu gaur eta alkondara hori berori erosi arteko onik ez.

− Liluraturik, indargabeturik, sofaraturik gauzkate publizitatearekin. Modan, zineman, osasungintzan, musikan, estetikan, industriaren arlo guztietan. Eta zer esanik ez: politika mailan. Aginte osoa dute esparru guztietan.

− Nortasun handikoak ginelakoan, intsumisoak ginelakoan eta, hara zer garen gu: imitatzaile trebeak, loro eta tximino esanekoak, txotxongilo hutsak Jainko zoro batek mugiaraziak.

− Umetan eta gaztetan eredu imitagarri batzuk behar izaten genituen: aita, ama, aitona, ahizpa nagusia, laguna, maisua, futbolaria, aizkolaria, plazako neskarik ederrena: gure eredua, gure ispilua.

− Eta orain handitan ere bai. Konturatu ere ez gara egiten. Ez dugu inolaz ere pentsatu nahi publizitateak guregan hain eragin handia duenik, ez eta izaki imitatzaileak edo mimetikoak garenik ere.

− Kristauak direnentzat, zirenentzat (¡), imitatzeko eredua Kristo bera da, zen. Santuak ere gidari lanetan dauzkagu, gure patroiak dira, adibide bat esatearren: San Balentin, maiteminduen patroia. Irakurri al duzu Tomas Kempis-en liburua: La imitación de Cristo?

− Ez.

− Mahometanoentzako eredu imitagarria Mahoma bera da, beraien liburu bakarra: Korana. Rockzale amorratuentzako jainkoa, gure Elvis izan da,

− Eta orain ere bada.

− Futbolzale sutsuentzakoa: Messi, Ronaldo, Rivaldo, Maldini. Futbolzaleentzako libururik ez badago ere, egunero erosten dizute beren kirol egunkaria gosaritarako, eta bazkalondorako. Nazientzako liburua Mein Kampf da, Hitlerrena. Opus Deiren fundatzailearen liburua, «Camino». Komunista ortodoxoentzako Karl Marxen Kapitala.

− Nobela erromantiko hura, Werther izenburukoa, Johann Wolfgang Goethe-ri, idazle eta ikerlari gazteari ospe handia eman ziona, debekatu nahi izan zuten.

− Zergatik debeku hori?

− Nobelaren amaieran protagonistak, maitasunaren gezi mingarriak joak, bere buruaz beste egiten zuenez, irakurle ugarik beste hainbeste egiten zuelako. Egun haietan ere protagonistaren arropa berdinez jantzita ibiltzen hasia zen gazte asko. Jostunek lan handia izan omen zuten. Gauzak horrela, Goethe-k nobelaren amaiera aldatu egin zuen bigarren argitaraldian.

− Nik neuk, duela ez urte asko ospe handiko pelikularen protagonistaren orrazkera berbera eskatu nuen ileapaindegian. Unibertsitateko ikasgelan sartu eta ikasgaiarekin hasi aurretik begirada bakar batez ohartu nintzen ikasleen%80 a, pelikulako protagonistaren orrazkera berberaz orrazturik zegoela, nik neuk ere neramanaz.

− Artzain bat, lider bat, idolo bat, maisu baten beharra, horixe.

− Gogora datorkit Santo Tomasek berak zioena: «Timeo hominem unius libri». Beldurra sortzen dit liburu bakarreko gizakiak. Batzuek esaldia San Agustinena dela diote. Aldaera ospetsu bat ere bada, timeo» hitzaren ordez «cave» darabilena, : «Cave hominem unius libri», alegia: kontuz ibili liburu bakarreko gizakiarekin! Ingelesez esanda: «Beware the man of one book», eta gaztelaniaz: «cuidado con el individuo de un solo libro». Hau guzti hau gure gaurko hizkeraz: «kontuz telebista kate bat eta bakarra ikusten duenarekin, edo, egunkari bat eta bakarra irakurtzen duenarekin.

− Txotxongilo, tximino imitatzaile hutsa izate eta izaera honek badu, aldi berean, ahalmen handi-handi bat, ikertu gabe dagoena eta ikertu beharrekoa.

− Zein?

− Egiten duzuna, egiten duzula, egiten duzun guztia imitagarrritzat ikusten dute edo ikus dezakete gainerako guztiek. Zure jarduera oro, nahi eta nahi ez, eredugarria da. Zu zeu ere eredugarria zara hurbilean bizi diren/garen guztiontzat, zu zeu zara gure artzaina, onerako eta txarrerako.

− Esan nahi al duzu ni besteen ekintzen ondorioen erruduna naizela?

− Ezin dizut ezetz borobilik esan. Ezbairik gabe, ez zara bestearen ekintzen erabateko erruduna, ez eta erantzulea ere. Baina garrantzi handiko eragilea, bai, bazara. Kontuan izan besteek imitatu egiten gaituztela. Elkar imitatzen dugu. Mimetismoaren seme-alabak gara, alegia, publizitatearen seme-alabak, hots: antzezleak. Ez, ez gara autonomoak, ez erabateko autoreak ere.

− Harrokeriaz autoretza eta jabetza pribatua eskatzen jarraituko al dugu?

− Garena, nolabait besteen lanetik jasoa dugu. Besteek eginak gara, zuk egiten duzuna gara, eta guk egiten duguna zara. Gu guztiok ezinbestez elkarren sortzaileak gara.

Une honetan zu eta biok bakarrik eszenatokiaren gainean, alboan kafe kikara bana. Ikusleak beste zortzi mila milioi txotxongilo, loro esaneko eta tximino imitatzaile.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche