Eguberri On ‘denei’
Jakin badakit zuetako askorentzat Eguberriek ez dutela inolako kutsu erlijiosorik; beste batzuontzat aldiz, Jai hauek Jainkoaren seme den Jesus haurraren jaiotzaren ospakizuna dira. Gaur egun gure herri eta hirietako kaleetan ikus ditzakegun apaingarriak esaterako, mezurik gabeko irudi geometriko distiratsuak alegia, gizartean dauden bi alderdi horien adierazgarri dira: erlijiosoa eta sekularra.
Elkarrengandik zeharo aldenduta dauden eta euren artean komunikatzeko gai ez diren bi munduren ikuspegiak ote? Nik ez dut hori uste. Alderantziz, Eguberri ’’ horien oinarrian dauden balioek zerikusi handia dute beste Eguberri ‘kristau’ horiekin. Eta nola lotu bi errealitateak? Nola ekin biren arteko elkarrizketari komunean dituzten balioetatik abiatuz? Frantzisko, gure Aita Santuak ‘Evangeli Gaudium”’Burubidean azaltzen dituen hainbat adierazpenen bitartez, galdera hauei erantzuten saiatuko naiz:
Eguberria, hasteko eta behin, samurtasunerako deia dugu… Zer esan nahi du Frantziskok «Ez samurtasunari ikararik izan!» dionean lau haizetara? Samurtasunaren beldur gara? Ezinikusiari, zakarkeriari, gorrotoari,… ikara izatea ohikoa da… Baina beldur izaten gara halaber, gustuko dugun zerbait kendu diezaguketela uste dugunean. Eta samurtasunari beldur izateak ere badu zentzurik: hau da, seguru sentitzeko oinarritzat ditugun ideologiak, aurreiritziak, usadio berekoiak, itxurakeria, larderia,… galdu eta biluzik gelditzeari diogun ikara baino ez da.
Lagun hurkoa besarkatu eta maitatzeko ahalmena galtzen dugunean arazo larria daukagu. Frantzisko Aita Santua ekarri digun 2013 honetan, hark gaixo eta haurrekin erakutsitako samurtasunak hunkitu gaitu. Gehienak atzera botako gintuzketen desitxuratutako gaixoak laztantzen ikusi dugu Aita Santua; haien aurpegietan besteentzat ikusezina den edertasuna aurkitu izan balu bezala. Frantziskoren samurtasunari esker, baztertutako hainbat pertsonek gizatasuna berreskuratu dute eta modu berean, samurtasunari diogun beldurraren azpian dauden beste beldurrak azalerazi ditu: ahultasunari, afektibotasunari eta maitasunezko konpromisoari diogun beldurra, eta mozorro edo oskolaren atzean ezkutatzen den gizon-emakumea ezagutzeari diogun beldurra.
Eguberriak duen beste balio nagusietako bat, jendearekiko hurbiltasunak eskaintzen digun poza eta ongizate espirituala; honi esker, zoriontsu izateko ezinbestekoa dugula ohartzen gara. Izan ere, ez da egia hobeto bizitzeko besteengandik ihes egin, ezkutatu, emateari eta partekatzeari uko egin edo eta erosotasunean murgildu behar dugunik. Alderantziz, hori suizidio geldoa da!
Gure zorionaren oinarria bizitza honetan gutako bakoitzak duen zeregina aurkitzea da; alegia, mundu honetara ekarri gaituen zergatia (Nola ez gogoratu Eguberri garaian ‘It´s a wonderful life’- ‘Qué bello es vivir’ filmea!). Baina bizitzan egiaz partekatzeko, besteei gorputz eta arima emateko, behar-beharrezkoa dugu jakitea pertsona orok merezi duela gure emate hori. Honetan, fededunok abantaila daukagu, jakin badakigulako Jainkoarentzat gu guztiok merezi dugula Haren samurtasun neurri-ezina. Itxura guztien gainetik, gizabanako bakoitza sagaratua da eta gure senitartekorik kutunenari diogun maitasun bera zor diogu.
Hirugarren lekuan, oinarrizko beste balioa, itxaropena dugu. Argi ibili gero ezkortasunean ez erortzeko, horrek, dena galdu dugula uste izan eta borrokari uko egitera garamatza. Zinez, errugabeenganako bidegabekeriak maiz nagusitzen dira; baina egia ere bada deuseztatutako lekuetan bizitza sortzen dela behin eta berriz, etengabe eta menderaezina. Egunero edertasuna jaiotzen da munduan! Alde honetatik ere, kristauok abantaila dugu, Pizkundean sinesteak itxaropenez janzten gaituelako. Bizitza honetan egindako maitasunezko ekintza guztiak betierekoak dira! Eta argi izan horietako bat bera ere ez dela alferrik galduko: gure malkoak, besteekiko kezkak eta ardurak, bihotz-zabaltasunak eragindako nekeak, lagun-hurkoarekin erabili dugun egonarria,… Denak ere garrantzi handikoak dira.
Horregatik guztiagatik—Eguberritako balioetan sakontzea oinarrizkoa eta oso garrantzitsua delako— Frantzisko Aita Santuak, kontenplaziozko espiritua berreskuratu eta bizitzak gordetzen duen misterioan murgildu eta arakatzera deitzen gaitu. Pascalek esan ohi zuen moduan: «Gizonak behin eta berriz eta neurririk gabe gainditzen du gizona”» Belengo portaleko haurra, horren erakusgarririk handiena.