Josu Iraeta
Idazlea

Egun gutxi barru, zer?

Lurraldea ez baita soilik baieztapen eremua, berez ematen den eta babestu beharrekoa, batez ere kanpotarren jarduerarekiko alderatuaz definitzen dena

Gaur ez bezala, duela berrogei urte, euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuen etorkizuna.

Nafarroan eta EAEko Autonomi Estatutuak indarrean zauden. Hain ibilbide latz eta luzeari irtenbideak ikusten hasi ginen eta askatasunaren taupadak zoratzen gintuzten. Ura bai egoera poli

Egiari aurrez aurre begiratzen badiogu, ez dira sumatzen arrazoi handirik sobera arro egoteko, baina ez dut gure burua ezkor ikusten. Berrogei urte asko izan dira baina ez alferrikakoak. Horregatik, eta batez ere, bidean galdutakoei errespetuaz, hainbat borroka , ekimen eta sufrimendu, ezin ditugu bazterrean utzi eta aurrera jo. Hauek eskaintzen diguten irakaspenei heldu beharrean gaude, aurre egin nahi badugu.

Pairatzen ari garen krisi politikoak alor guztiak kutsatzen ditu, ez dago ihes egiterik, ia jarrera bakarra da, baina gutxik lotzen dute gaurko egoera larria, nagusi den  politika neoliberalarekin. Horregatik, sistemaren sustatzaileak, nahiz begi bistakoa izan, ez dute zalantzan jartzen eta bakar batzuen ustelkeriari leporatzen diote errua. Baina ez da berria eta berriro errepikatuko da.

Beraz ez da kasualitatea, edo bidegabekeri erraldoien emaitza gaurko egoera. Arrazoi asko daude baina nagusia bat; betiko eta gaurko kolonizazio espainiarra. Hor arrazoi politikoa eta ekonomikoa lotzen ditun jarrera. Demokrazia usteltzen duen jarrera,  kapitalismoaren semerik kuttunena. Honek, –orain esandakoak– ekonomia eta politikaren osagarritasuna agerian jartzeaz gain, Euskal Herrian bizi dugun egoera ulertzeko bidea ematen digu.

Lehen aipaturiko berrogei urte luze hauetan, Ezker Abertzalearen izateak berak, eta bere jokabide luzeak, etengabe jarri du kolokan EAJren itxura abertzalea eta agerian bere ekinbide espainiar zalea. Gazteek ez dute orduko berririk, baina bai beste askok, 1978ko urrian «Uso Zurien» manifestaziora  deitzeak, –hau bai dotorea– agerian utzi zuen horren aurreko erantzun jeltzalearen jarrera susmagarria, noraino joan zitekeen.

Berrogei urte geroago ongi ikasi dugu, espainiar demokrazia eredu ukatzaile eta zapaltzaileko egitura politiko eta juridikoko partaideekin batera, EAJko buruzagi askok,  demokraziaren ukazio egoera larri honen defendatzaile bilakatu direla.

Nire ustez, autokritika egiteko garaia heldu da. Baina ez  «iritsi berriak ditugun  horiek» bakarrik, baita «Sabin Etxean» sorginkeria jorratzen dutenek.

Nahiz bakarren batzuk «iritsi berriak» garela ozenki nabarmendu, egia beste bat da, eta guri ere luzea egiten ari zaigu bidea.  Ezker abertzalean baitan ikusten dugu, garai batean  uste baino latzagoa dela  autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia, independentziaren antidoto gisa erabili  egiten duela botere menperatzaileak, aurreko tresna guztiak porrot egin da gero. Eta horrela, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino, tranpa hilkorra suertatzen da, herri horren benetako askatasun aukerari begira.

Zer esanik ez, azken legealdi hauetan, autonomiaren muga guztiak begi bistan geratu direlarik, burujabetasunaren premia biderkatzen ari dela. Beranduegi izan baino lehen, gure etorkizunaren jabe izatea, behar ezin larriagotzat agertzen zaigu.

Guretzat, herri gisa, herri ukatu guztiontzat bezalaxe, denbora eta espazioak badu mundu honetan,  –gero eta mundu homogeneizatuago honen barnean are gehiago–, beste dimentsio bat. Etorkizuna adibidez, orainean, gaurkoan jokatzen da, ari da jokoan, baina ez da ziurtasun bat, eskuratu beharreko asmoa baizik.

Lurraldea ez baita soilik baieztapen eremua, berez ematen den eta babestu beharrekoa, batez ere kanpotarren jarduerarekiko alderatuaz definitzen dena. Lurraldea desegituraturiko sarea da, gure arteko sintonia eta proiektuen baitan estutu nahi dena. Kanpotar ukazioari bere izaera ireki, anitza eta ez baztertzailea.

Aukera horiek posible bilakatzeko bidea argia eta bakarra dugu. Hautabide demokratiko bat landu beharrean gaude, herri honentzako estatus politiko eta burujabetza, maila berri baten aukera erreala. Euskal demokraziari leihoa irekitzeko balioko duena.

Lehen aipatu izan dut eta berriro gogoratu nahi nuke, duela berrogei eta zortzi urte (1971.02.06), EAJ- ETA- ELA- EGI- Enbata- Branka eta abar, elkarturik,  zintzotasunez beterik egindako solasaldia, zegoen egoerari aurre egiteko, elkartasun helburuekin.
 
Ez genuen lortu, bale, baina  nahiz ezberdintasun nabariak eta zehatzak -orain ere- egunero nabarmendu, baita ukaezinak diren «barne» oztopoak, elkartasuna erein beharrean gaude. Nire arrazoia garbia da; orain arte bezala jarraituz, norberaren ondarea eusteko gai gara, baita  herriari zor dioguna “eskaintzeko” ere, baina nekez lortuko dugu, «bakarka», aldarrikatzen dugun etorkizuna.

Edo, ez dugu gauza bera nahi?

Recherche