Elena Gorbeña
Bilbotarra

Egunero

Nekatuta nago. Duela egun batzuk, zortzi hain zuzen ere, martxoaren zortzia izan da. Bai, emakumearen eguna. Egun berezi honetan emakumearen eskubideak aldarrikatu ditugu, borroka feminista indartuz. Oso polita, inspiragarria eta aberasgarria izan da, bai, baina duela gutxi kolektibo feministan erne berri den tribu baten iritziak entzun behar izan ditugu: machiprogre-enak.

Izen horrekin ezagutzen den pertsonaren profila honako hau da: arraza zurikoa, diruduna, heterosexuala, lehen munduan bizi eta nola ez, gizona dena. Fenomeno berri honetan sartzen diren tipoak, feministok egindako ekintzak kritikatu behar dituzte. Ezagutzen dute gure borroka eta ezagutzen dute gure helburua. Izan ere, euren protagonismo beharra ez ekiditeaz a parte, emakumeoi geure borrokarako bidean zer egin behar dugun esan behar digute. Bai, mesedez, erakutsi bidea eta gidatu nire borroka…

Aski da, mesedez! Historian zehar gizonak izan dira emakume gehienen bizitza gidatu dutenak, eta orain, azkenean gure kabuz borrokatzeko gai garenean machiprogre hauek agertu behar dira. Barrengorriak bezala agertzen dira emakumeen aldeko aldarrikapen bat egiten den bakoitzean. Eta egoera horietan hain zuzen ere botatzen dituzte haien argudio super burutsuak.

Alde batetik, «baina ni berdintasunaren aldekoa naiz» esaldia dago. Honi, gehienetan, «ez dut ulertzen zergatik deitzen den feminismoa, berdintasuna bilatzen badu» atxikitzen zaio. Lagun machiprogre maitea, feminismoa deitzen da (eta ez berdintarismoa edo maskulinismoa) emakumeen eskubideak indartzea bilatzen duelako, helburua berdintasuna den bitartean. Mendeetan zehar, balantza batean irudikatuko bagenitu gizon-emakumeen eskubideak, gizonen aldeak pisu handiagoa izango luke. Beraz, eskubide berdinak gehituko bagenitu bi aldeetan, balantzak desorekatua jarraituko luke. Aitzitik, emakumeen aldera aurretik gizonek izan dituzten eskubideak gehituko bagenitu, balantza orekatuta egongo litzateke.

Bestetik, «eta zergatik ez dago gizonaren eguna?» itauna egiten dute. Hau entzutean negar egiteko gogoa sartzen zait. Kontua da egunero gizonaren eguna dela, eta egia esanda, tristea da emakumearen egun bat behar izatea. Gizon zuriek ez dute haien eskubideak aldarrikatzeko egun bat behar, historian osoan zehar haien oinarrizko eskubideak bermatuta izan dituztelako, gizon izate hutsagatik. Emakumeok, ordea, zerbait aldarrikatu nahi genuenean, indarkeria jasotzen genuen erantzun gisa. Horregatik, behar da egun bat.

Adierazgarria da, jende askok egun horretan emakumeok zoriontzen gaituztela, eta nire uste apalean, ez dago zoriontzeko arrazoirik. Egun hori, martxoaren zortzia, egunero gauzatu behar dugun borroka ikustarazteko da. Eta bukatzeko, hara, machiprogre maitea, utziguzu emakumeoi gizartean merezi dugun lekua gure kabuz lortzen, gure erara eta guk nahi ditugun emakume gogaideak eredutzat hartuz. Helburuak argi ditugu eta badakigu zer egin behar dugun. Borroka ez da bukatzen, eta ezin dugu ahaztu martxoaren zortzia egunero dela.

Recherche