Mireia Isturitz Moreno
Antropologoa

EH Bildu deslegitimatu nahian dabiltza

Duela egun batzuk, tertulia batean euskal hauteskundeei buruz hitz egiten ari zirela, batek galdetu zuen ea nola azaltzen zen EH Bilduren goraka. Justu, momentu horretan bertan, beste tertuliano batek esan zuen: «porque los jóvenes no saben ni han vivido lo que fue ETA». Hau entzuterakoan haserretu egin nintzen: zergatik lotu EH Bildu ETArekin? Intentzioa nahiko garbia dela uste dut, EH Bildu mespretxatu nahian dabiltza. Intentzioa hori bada gauza bat esan behar da: hori joko zikina da. Partidu politiko bati buruz hitz egiterakoan programari erreparatu behar zaio, gobernuan egon bada, eduki duen ibilibideari erreparatu behar zaio, aldi berean, hartu dituzten neurriak baloratu behar dira; ezin da fundamentuzko analisirik egin hori guztia eta gehiago kontuan eduki gabe.

Aldi berean, oso interesgarria iruditu zitzaidan gazteen «ezjakintasunari» edo «ergelkeriari» atxikitzea partidu politiko honen gorakada: benetan uste dute gazteok ez dugula kontzientzia politikorik? Ez dakigula ze pasa zuten gure aurrekoek (guraso, aiton-amonak...)? Zertara dator infantilizazio hori? Helburua, nola ez, euskal herriaren erabaki politikoa deslegitimatzea da. Honelako mezuetan antzeman dezakegu ikuspegi zentralistek ezin dutela ulertu nola gertatu daitekeen EH Bilduren gorakada, dena berain ikuspegi zentralistatik interpretatzen dutelako, hala, beraien marko teorikotik ateratzen den oro ulergaitza da. Kuriosoa ez? Ezin dute ulertu zergatik aro berri baten bila gabiltza (badirudi beraientzat krisi ekonomikoek, lan gabezia, osakidetzaren egoera, prezioen igoera... ez dutela inolako garrantzirik) baina aldi berean, horrelako esaldiak botatzeko ausardia daukate. Agian (eta bakarrik agian) kontuan eduki beharko lukete ezin dutela estatu espainiarraren ikuspegia eta politika ulertzeko modua leku guztietara aplikatu, ikuspegi politikoa ez delako berdina ibilbide eta egoera sozial, ekonomiko, kultural... desberdinak ematen direlako.

Bestetik, hori entzutean ere beste galdera bat burura etorri zitzaidan: eta zer gertatzen da adineko pertsonekin? Hau da, tertulian ez zuten kontuan hartzen EH Bilduk adineko pertsonak ere erakartzen dituela. Nola azaltzen dute hau? Ezin diete esan ez dakitela ezer bizitzaz. Nola azaldu hau? Agian erabili dezaketen gauza bakarra da askotan erabiltzen den karta: ez dakitela bozkatzen. Baina argudioa hori bada, berriro bueltatzen gara infatilizaziora, berriro bueltatzen gara euskal herriko biztanleria mesprexatzera.

Bukatzearren, horrelako usteak dituztenei gauza bat esan nahi diet: ez, gazteok ez dugu EH Bilduri gure bozka ematen ergelak garelako, zaharragoak direnak ez diote EH Bilduri bere bozka ematen ez «dakitelako bozkatzen». Zaharragoek bere botoa ematen diote aldaketa bat nahi dutelako, hainbat eta hainbat gauza jasan eta gero, zerbait hobea nahi dutelako. Gazteok bozkatzen dugu zerbait hobea nahi dugulako gure etorkizunerako, lan baldintza duinak nahi ditugulako, etorkizun dexente bat garatzeko nahia daukagulako, etxebizitza duin eta merke bat nahi dugulako, gure ondare kulturala kontserbatu nahi dugulako; hainbat ta hainbat arrazoi daude EH Bilduren gorakada azaltzen dutenak.

Mesedez, tertuliano agurgarriak, gauza bat argi eduki behar duzue eta oxala inoiz ez ahaztea: ezin duzue EH Bilduren gorakada azaldu biztanleria infantilizatuz eta ergeltzat hartuz. Nekagarria da horrelako analisiak entzutea.

Recherche