Ehun urte eta gutxi ospatzeko
Ez zen mugimendu erlijioso bat izan, baizik eta, judutar laikoen eskutik, Europaren nazionalismoaren baitan jaio zen mugimendu kolonizatzaile bat. Sionismoa Europako kolonialismoak mundura eramandako aurreiritzi eta jarrera ezkor guztiekin jaio zen, eta bere DNA-n txertatuta eduki ditu orduz geroztik.
Badira ehun urte, Arthur Balfour Erresuma Batuko atzerri idazkariak Lord Walter Rothschild-i, Erresuma Batuko judutar komunitatearen pertsonaia garrantzitsu bati, gutun bat idatzi ziola. Aldi berean, Rothschildek Erresuma Batuko eta Irlandako Federakuntza Sionistari helarazteko. Honek ez luke garrantzia handirik edukiko Palestinaren etorkizunean eragin zuzena izan ez balu. Baina gutun horren bitartez Britainiako gobernuak babesa eskaintzen zion proiektu sionistari eta ordutik aurrera euritakoz aldatu bai baina ez da busti.
Egia esan, britainiarrek gutunean, hizkera nahiko anbiguo batean, gauza ohikoa bestalde beraiengan, Palestinan judutarrentzako etxe nazionala babesten zutela aldarrikatu zuten. Palestinan bai, baina Palestina osoan? Etxe nazionala, zer da? Sionistek, modu bizkor eta azkarrean, estatua etxe nazionalaren sinonimotzat hartu zuten. Gutunak baita ere espresuki aldarrikatzen zuen sionistenganako sostenguak ezin ziola inolako kalte erlijioso zein zibilik egin Palestinan bizi ziren komunitate ez judutarrei. Kontua da, jakin badakigula nola bukatzen den istorioa...
Baina nola uler daiteke, lurraldearen kontrol politikoa eduki gabe, 1917ko abenduan sartu baitziren britainiarrak Jerusalenen, hirugarren bati eskaintzea beraiena ez zen lur baten kontrola? Horretarako testuinguruan jarri beharko genituzke Sionismoaren sorreraren erroak eta Europar kolonialismoa. Lehena ez zen mugimendu erlijioso bat izan, baizik eta, judutar laikoen eskutik, Europaren nazionalismoaren baitan jaio zen mugimendu kolonizatzaile bat. Sionismoa Europako kolonialismoak mundura eramandako aurreiritzi eta jarrera ezkor guztiekin jaio zen, eta bere DNA-n txertatuta eduki ditu orduz geroztik. Hau argazki handi baten zati txiki bat besterik ez da. Europar kolonialismoaz zer esan? Hitzak falta dira testuan, europarrek, euskaldunok barne, munduan zehar egindako sarraski guztiak zerrendatzeko. Zerrenda luzeegia izango litzateke tamalez.
Urtemuga honen harira jaialdiak ospatzen ari dira hainbat lekutan, gehienbat, nola ez, Israelen, baina baita salatzeko manifestazioak, mahainguruak eta konferentziak ere. BDS Bilbotik baita ere, gustatuko litzaiguke Balfour Aldarrikapenaren ondorioak salatzea eta elkartasun hauspo bat bidaltzea erabaki horren ondorioak gaur arte pairatzen ari diren pertsonei.
Palestinako gatazka ez da orain dela ia 40 urte, 1967ko gudaren ostean, sortu zen arazoa, nahiz eta askok hainbat bider errepikatu. Gatazka honen erroak askoz ere sustraituago daude, Nakban suntsitutako olibondo zaharraren sustraiak bezain errotuta, edota Palestinan sionismoaren lehen lur erosketak bezain zaharra dugu arazo hau. Balfour Aldarrikapenaz geroztik, eta momentuan momentuko potentzien oniritziaz, Palestina zena paper gainean bakarrik existitzeko arazoa dago. Britainiar gobernuak, orduan hartutako erabakiangatik ez du erantzunkizunik hartu, are gehiago, Theresa Mayk harro egoteko adierazi du. Badakigu zenbat kostatzen zaion Britainiar gobernuari barkamen eske ibiltzea, bestelan galdetu Derryn.
Sionismoak hasieratik ulertu zuen bi herrientzako lekurik ez zegoela aldarrikapenpean zuen lur horretan, hots Palestina historikoan. Horretarako, lehenik eta behin, zilegitasunaren arloan landu zituzten pausoak, eta ondo landu ere Balfourren gutuna aztertuta. Eta gerora, maila askoz ere praktikoago eta pragmatiko batean, lekuan bertan Palestina zena Israel bilakatzera zuzendu zituzten indarrak. Prozesu honek mende luze bat baino gehiago darama lanean, momentuan momentuko beharrizan politiko eta sozialei erantzunez, baina, hein handi batean, ezagututako Palestinako demografia, geografia, gizartea eta ordura arte exististzen zena eraldatuz eta ezabatuz.
Otomandar garaitik handitzen joan den arazo politiko baten aurrean gaude, eta tamalez etorkizun hurbil batean konpontzeko izpirik ez zaio antzematen. Baina orain dela ehun urte bezala, non britainiarrek sionistei sostengu politiko edota militarra eman zieten, egun baditugu hainbat erreminta gertatutakoa ez ahazteko eta Palestinar herriari gure sostengua eta elkartasuna adierazteko. Honen harira eta Palestinar gizarteak berak eskatuta, orain dela hamar urte inguru Boikot Desinbertsio eta Santzioen (BDS ingelesezko siglaz ezaguna) kanpaina hasi zen. Honen helburua, Hego Afrikako modeloa eredutzat hartuta, palestinarren giza eskubideak bermatzeko Israeleko estatuari presioa egitean datza. Eta momentuz ez dugu ezer ospatzeko...