Asier Larrinaga Larrazabal
EITBko Hizkuntza Zerbitzuko burua

EITBko hizkuntza kudeaketa

Hainbat urtez erabili den irizpide eta praktika jasoz, dokumentuak berresten du EITBk ikusgai egin behar duela euskara bere gaztelaniazko kanaletan. Beharbada, horixe izango da tentsiorik handiena eragin dezakeen puntua.

Bost hamarkada egin ditu euskara batuak, eta denbora horretan ez da falta izan debaterik euskal gizartean euskalkiak direla eta ez direla. EITBk hurretik ezagutu du debatea, ez alferrik batua bere euskara-eredu bihurtu baitzuen hasiera-hasieratik eta, ordutik hona, zabaltzaile nagusietako bat izan baita hezkuntza-sistemarekin eta administrazioarekin batera. Horregatik, "Sorginen laratza" lehenengo eta "Wazemank" geroago bonba modura sentitu ziren leku askotan, EITB barruko hainbat instantziatan ere bai, euskalkiak ikus-entzunezko produkzioaren abangoardiara ekarri zituzten eta. Maniobra horren inguruko gogoeta linguistikoa "EITBrako hizkuntza-funtsak" izeneko dokumentuan jaso zen 2005ean, EITBren emanaldietarako eta enpresa-jardueretarako beste irizpide eta jarraibide batzuekin batera. Besteak beste, dokumentu hartan esan zen lehen aldiz euskara batua zela EITBren euskara-eredua, baina euskalkiek ere izan zezaketela lekua EITBren emanaldietan eta, bestalde, euskal herritarrek euskalkian zein batuan egin zezaketela EITBren saioetan parte hartzen zutenean, euskaraz zeukaten maila zeukatela.

Harrezkero hamabost urte igarota, EITBko Zuzendaritzak EITBrako hizkuntza-funtsak eguneratu behar zirela erabaki, eta berriki aurkeztu du 2020ko bertsioa (eitb.eus/gardentasuna gunean eskura daiteke). Testu berrian, lehenik esaten da EITBk informazioa, dibulgazioa eta entretenimendua eskaintzen dizkiela euskal herritarrei, euskaraz eta gaztelaniaz, eta eskaintza hori hizkuntzen eta kanalen bereizketan oinarritzen dela. Hainbat urtez erabili den irizpide eta praktika jasoz, dokumentuak berresten du EITBk ikusgai egin behar duela euskara bere gaztelaniazko kanaletan. Beharbada, horixe izango da tentsiorik handiena eragin dezakeen puntua, gizarte-eragile batzuek euskara hutsezko EITB nahi bailukete beste batzuek euskara arlotekerietara eta folklorekerietara baztertua nahi luketen bitartean. Harrigarriro, azken horien artean aurki daitezke euskalkien defendatzailerik egoskorrenak, eta horregatik da hain garrantzitsua komunikazioan euskalkiei toki duina egitea. Ikusgaitasunari dagokionez, uste dut EITBk bete-betean asmatu duela esperientzia horrekin, eta urratsak eginez jarrai dezakeela, betiere gure gaztelaniazko kanalen erabiltzaileei bertako eduki guztietarako irispidea bermatuz gero.

Funtsetan berrikuntzak ere badira, eta garrantzitsuak. Horietako bat da hizkuntza –euskara zein gaztelania– modu inklusiboan erabili behar dela EITBn, alegia, gure hizkuntza-erabilerak agerian ipini behar duela euskal gizartea askotariko pertsonek osatzen dutela, askotarikoak baina denak berdinak. Beste berrikuntza azpimarragarri bat da EITBk hizkuntza-teknologiak (azpidatziak...) inplementatu behar dituela herritar guztiek izan dezaten bere albistegiak, magazinak, telesailak, entretenigarriak eta gainerako eduki guztiak kontsumitzeko aukera.

Dokumentuan jasotzen diren gogoeta eta irizpide horiek guztiak gutxietsi barik, esango nuke funtsen balio behinena lantzeko prozesua dela, EITBko profesional-talde zabal baten esperientzia jaso baita Euskal Herri osoko 30 bat gizarte-eragileren iritziak arretaz entzuteaz gainera.

Recherche