Ekain, Karmele, Pablo eta Judith gogoan
Ekain Gerra barañaindarra berehala etorri zitzaidan burura igandean, Carlos Urquijo espainiar ordezkariaren azkeneko probokazioa entzun nuenean: «Preso bakoitzak zigorra non betetzen duen gauza anekdotikoa da». Espetxe politikaren krudeltasun mailak Ekainekin jo zuen goia 2004ko abenduan.
Behin-behineko espetxealdian zen Gerra gaztea, Madrilgo Alcala-Meco espetxean, gurasoek bertarako bidaian istripu latza jasan zutenean, Soria aldean. Ama, Karmele, momentuan bertan hil zen eta Jose Luis, aita, larri zauriturik gertatu zen. Ezinezko egiten zait irudikatzea nola har daitekeen honelako berri ikaragarri bat kartzelan, nolakoa den bisitak sortutako ilusiotik heriotzaren albisteak eragiten duen zulo sakonerako jauzia, eta, inolako errurik izan gabe ere, zer tamainakoa izan daitekeen erruduntasun sentimendua.
Egoera etsipengarri horretan ekin zion Iruñeko bideari Ekainek, baina bidaia oraindik gogorrago egin zioten guardia zibilek, Karmeleren gainean krudelkeria osoz etengabe egindako aipamenez bidez. Hori guztia gutxi ez balitz, ama ezin izan zuen duintasunez agurtu: Poliziak kanposantuko aretoa husteko mehatxua egin zuen eta azkenik bildutakoen aurka oldartu ere egin zen kanpoaldean. Eta aita? Etxera itzuli orduko, mezu bat zuen zain erantzungailuan: «Ekain putakume bat da, bere amaren heriotzaren erruduna». Hurrengo egunetan behin eta berriro deitu zioten etxera, telefonoz zein etxe beheko ataritik bertatik, goizeko ordu txikietan. Seme bakarra zuen Ekain. Betirako hondatu zitzaien bizitza Soriako herri malapartatu hartan. Ekain kartzelatik irten zen gerora, baina trafiko istripu batean zendu zen 2007an.
Adinak baino ez ditu aldentzen Ekain Gerra eta Pablo Gorostiaga, mende erdia ia. Biak estimu handian zituzten herritarrek eta biak euren ekinbide politikoagatik hartu zituzten preso, horrexegatik eraman zituzten urrutira, eta urrutian zirela jaso zuten bai batak bai besteak zoritxarreko albistea. Baita tratu onartezina ere. Pablo Gorostiagaren kasuan, Herrera de la Manchan egotearen «anekdotak» bere gaixotasun larrian Judith emaztearen ondoan izatea eragotzi dio, bai eta orain zendu aurreko azken agurra ematea bera ere. Heriotzaren berri Ocañan jaso izana, Herreratik soilik 100 kilometrora eta Laudiotik oso urruti oraindik ere, azken ziztada makabroa. Zauriari botatako gatza.
Edonor saminduta uzteko modukoak dira bi istorioak, eta horrexegatik hainbat galdera eragiteko modukoak ere: giza izaeraz, informazioaz, lehentasun politikoez. Hasteko, mendekuaren azalpena eskas –edo luzeegi– gelditzen da honelako kasu baten aurrean, bai behintzat psikiatriaren laguntzarik gabe. Ez dute ez Gerrak ez eta Gorostiagak ere inolako atentaturik egin, ez dute biktimarik eragin; militantzia politiko hutsa baino ez. Hortaz, inolako xalotasunik gabe galdetuta, zergatik egin dute? Zein da gorroto horren iturburua? Nola aldaraz daiteke? Jakitea komeni da preso guztien arazoari hobeto heldu ahal izateko.
Zalantza gehiago: «anekdotez» ari garelarik, ez al zen Laudioko pregoiaren inguruan piztutako zalaparta guztia anekdotiko samarra eta Gorostiagak emaztea aspaldi ikusteko ezintasuna, aldiz, benetako sakoneko gauza larri salagarria? Eta, beraz, ez al genuke probokazio hutsa dena (mediatikoa, propagandazkoa) gutxietsi beharko sakoneko erasoari (benetakoa, egunerokoa) lehentasun osoz ekiteko? Noiz arte segituko du Gorostiagak espetxean eta urrutiratua? Norena da emaztea agurtu ezin izanaren ardura eta zerk ahalbidetzen du oraindik ere honelako astakeriak ematea? Nork (alderdi, erakunde) egin zezakeen egoera konpontzeko zerbait eta ez du egin? Ez zekielako ala ez duelako nahi izan? Galdera gogorra bada ere, beste Ekain, Karmele, Pablo, Judith baten drama ate-joka al dugu berriz ere? Aurre egiteko modurik ba al dugu?