Elkarrizketa gogoetatsu covid-19rako sendagaia
Elkarrizketa hauetan euskal hiztegi emozionala aberastuko da. Horrela, haserrea, beldurra, poza, ezustekoa, tristura, jelosia, maitasuna, samurtasuna eta emozio guztiei izena jartzeko.
Covid-19a gaixotasun fisikoz harago gaixotasun ekonomiko gogorra ere sortzen ari dela esaten da. Baina baita gaixotasun psiko-sozial eta mental asko ere. Munduan zehar ikerketa ugarik erakutsi dute estresa, ansietatea, depresioa, droga menpekotasuna eta suizidio tasak igotzen ari direla, nabarmenki. Euskal Herriko hainbat ikerketek ere, estresa, antsietatea eta depresio mailak aztertu dituzte populazio desberdinetan. Osasungileek, adibidez, sintomatologia nabarmena pilatu dute pandemia hasi zenetik. Populazio orokorrean ere sintomatologia nabarmendu egin zen konfinamendua aurrera zihoala, pertsona gazteenek eta gaixo kronikoek sintomatologia gehien erakutsi zutelarik. Irakaslegoa ere ez da sintomatologia psikologikotik at geratu, klase telematikoak, ordutegirik gabeko jardunaldiak eta pandemia erdian klaseak berriro hasteak ekarri duen estresarekin.
Baina gogorkeriak eta krimenak ere ugaritzen ari dira, eta muturretako ideologiek sustatu egiten dituzte halako jarrerak.
Halako portaerak agertzearen zergatia ezagutzea funtsezkoa da haiei konponbidea emateko. Aipatutako joerak, gogorkeriz eta polizien bitartez erreprimitzeak sendotu baino ez du lortzen eta.
C. Jung eta Jean Knox-en arabera, pertsonek covid-19ak sortzen dituen traumak bezala jasotzen dituztenean, haurtzaroko erreakzio handikietara itzultzen dira, baina arketipoek eta mitoek moldatuta. Horrela, batzuk heroiaren arketipoa berreskuratzen dute, euren bizitzan zehar moldatu dituzten mito kolektiboak egokituta, batzuk heroi emankorra Mitra bezala, baina beste batzuk Atenea edo heroi borrokalari baten bat. Jakina, prozesu hau ez da kontzientea; C. Jung-ek dioen bezala: «Mitoak aurrekontzientearen psikearen errebelazio originalak dira, inkontziente diren gertakari psikikoen inguruko nahigabeko adierazpenak eta prozesu fisikoen alegoriak».
Beraz, horrelako prozesu irrazional inkontzientea, portaera baldintzatzen duenaren aurrean, zer egin daiteke? Erantzuna erraza eta sinplea da: hitz egitea prozesua hasi baino lehenago, gertaera traumatikoari buruz dauden emozio eta sentipenez, baina benetako gogoeta egiten, solaskidearen sentipenak, nahiak eta ametsak aditzen. Gertatzen ari zaigunari buruzko beldurrak, egonezina sortzen digu. Eta egoera honetan galerak ere gertatzen ari dira, pertsona asko lana eta negozioak, edo eta harremanak galtzen ari dira, etorkizuna ilun ikusten ari dira. Gertaera horiek sortzen dituzten emozio, sentipen eta ideiei buruz hitz egitea funtsezkoa da, bai osasun mental eta fisikorako, baina baita ere gogorkeriak eta portaera suntsitzaileak saihesteko. Eta, jakina, funtsezkoa da ere zein hizkuntza erabiltzen den elkarrizketa horietan. Oso baldintzatzailea izango da bizitzaren hurrengo sasoirako zein hizkuntza erabiltzen den gertaera traumatikoak aztertzeko elkarrizketa gogoetatsuan. Beraz, elkarrizketa horiek euskaraz egitea gakoa da, bai euskalgintzarako, bai euskaldunen osasunerako. Uztai Fundazioak frogatu du hau guzti hau Gogoa Euskaraz Sustatuz delako proiektuan. Oso lagungarria izan daiteke berba-lagun talde birtualak edo ez birtualak sortzea, 6 edo 8 pertsonen artean elkarrizketak izateko, egoerak sortzen dizkien sentipen, emozioak, beldurrak eta desioei buruz hitz egiteko. Elkarrizketetan hitz egin euren amets eta desioei buruz, baita etorkizun positiborako nolako portaera eta proiektuak egin. EHUn ere Uztaik, sortu du nazioarteko mintegi bat covid19ren eragin psiko soziala eta ondorioztatu daiteken etorkizunari buruz.
Elkarrizketa hauetan euskal hiztegi emozionala aberastuko da. Horrela, haserrea, beldurra, poza, ezustekoa, tristura, jelosia, maitasuna, samurtasuna eta emozio guztiei izena jartzeko. Gauden egoeran talde hauek online, internet erabiliz, izan beharko dira, baina pentsatu behar dugu, ahal den arinen, ekimenak bultzatu behar direla, batzuk besteen aurrean bilduz, eta hobeto naturaz inguraturik, Uztai Fundazioak bultzatutako Naren programa bezalakoetan. Azkenik, azpimarratu nahi dugu deskribatu ditugun bezalako elkarrizketak taldeetan euskaraz sustatzeko aro onena nerabezaroa eta 17-23 urte tarteko aroa direla. Beraz, nerabeekin izaten diren antolamenduetan, nahiz kirolak nahiz eskaut bezalakoak edo eskoletan bultzatutakoak, funtsezkoa da elkarrizketa gogoetatsurako giroa sortzea, bai euskalgintzarako, bai osasunerako (fisiko zein mentala) gauza bera Unibertsitateko azkeneko urteetan eta lanean hasten diren gazteekin, horrelako giroak antolatzea da gakoa euskalgintzarako eta osasun mentalaren sustapenerako programetan.
Estrategia politikoek eragin erabakikorra dute euskalgintzan, eta, alderantziz ere, euskalgintzak eragin sakona dauka estrategia politikoetan. Ildo horretatik aztertu beharko lirateke arlo gako batzuk azkeneko urte hauetako estrategia politikoetan, bere eragina euskalgintzan adierazteko, zeren eta ondorio sakonak edukitzen dituzte euskaldunen osasun mentalean, batez ere covid-19ak sortutako bezalako egoera larrietan.
Bost ikerketa ezinbestekoak ikusten ditut eginbehar horretan:
1. Noraino bete den 80. hamarkadako euskararen legea, eta zergatik.
2. D eredua zergatik zalantzan jartzen den.
3. Noraino izan diren arduratsuak euskal irakasleen aukeraketak bai eskoletan, bai institutuetan eta baita unibertsitatean.
4. Euskal telebistaren estrategiak euskalgintzan.
5. Euskalkienganako jarrerek euskalgintzan izan duten eragina.