Josu Iraeta
Idazlea

Elkartasun saio zintzoak gogoratuz

Duela berrogei urte, euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuen etorkizuna. Franco hil berria eta aldaketak sumatzen genituen non nahi. Eta nahiz ezberdintasun politikoak agerian izan eta berehala agertu, elkartasun giroa zen nagusi.

Lau urte besterik ez eta 1979an, Nafarroan eta EAEko Autonomi Estatutuak indarrean zauden. Hain ibilbide latz eta luzeari irtenbideak ikusten hasi ginen eta askatasunaren taupadak zoratzen gintuzten. Ura bai egoera polita.

Berrogei urte joan dira eta balantzea egiteko ordua iritsi zaigu. Beti bezain zintzo, inoren burua engainatu gabe. Izan ere, gure azken helburuak eskuratu ez baditugu ere, balantzea egiteko aukerak, izan ba daude.

Egia aurrez aurre, ez dira sumatzen arrazoi handirik sobera arro egoteko, baina ez dut gure burua ezkor ikusten. Berrogei urte asko izan dira baina ez alferrikakoak. Horregatik, eta batez ere, bidean galdutakoei errespetuaz, hainbat borroka, ekimen eta sufrimendu, ezin ditugu bazterrean utzi eta aurrera jo. Hauek eskaintzen diguten irakaspenei heldu beharrean gaude, aurre egin nahi badugu.

Gaur egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoak alor guztiak kutsatzen ditu, ez dago ihes egiterik, planeta osoan, ia jarrera bakarra da, ekonomiaren egoera latz eta arriskutsua. Baina gutxik lotzen dute gaurko egoera larria, nagusi den politika neoliberalarekin. Horregatik, sistemaren sustatzaileak, nahiz begi bistakoa izan, ez dute zalantzan jartzen eta bakar batzuen ustelkeriari leporatzen diote errua. Baina ez da berria eta berriro errepikatuko da.

Hori frogatzeko aski da egia dela esatea, mundu zabalean, baita Euskal Herrian ere, kapitalismoak duela lau hamarkada arte, etengabeko hazkunde garai bat bizi izan zuela. Baina jakina denez, –nahiz ukatua izan– sistema honek, behin eta berriro irakasten digun bezala, krisiaren hazia bere baitan darama, eta goiz edo berandu, krisia sortzen da, nahitaez.

Beraz ez da kasualitatea, edo bidegabekeri erraldoien emaitza gaurko egoera. Arrazoi nagusia, krisia kapitalismoaren semerik kuttunena izatean datza, zergatik? etekin tasa igotzeko beharrezkoa duelako. Honek, - orain esandakoak- ekonomia eta politikaren osagarritasuna agerian jartzeaz gain, Euskal Herrian bizi dugun egoera ulertzeko bidea ematen digu.

Lehen aipaturiko berrogei urte luze hauetan, ezker abertzalearen izateak berak, eta bere jokabide luzeak, etengabe jarri du kolokan EAJren itxura abertzalea eta agerian bere ekinbide espainiar zalea. Gazteek ez dute orduko berririk, baina bai beste askok, 1978ko urrian «Uso Zurien» manifestaziora deitzeak, (hau bai algara Erkoreka) agerian utzi zuen horren aurreko erantzun jeltzalearen jarrera susmagarria, noraino joan zitekeen.

Berrogei urte geroago ongi ikasi dugu, espainiar demokrazia eredu ukatzaile eta zapaltzaileko egitura politiko eta juridikoko partaideekin batera, EAJko buruzagi askok, demokraziaren ukazio egoera larri honen defendatzaile bilakatu direla, eta gatazka gainditu ahal izatearen aukeraren aurka daudela.

Nire ustez, autokritika egiteko garaia heldu da. Baina ez «iritsi berriak ditugun horiek» bakarrik, baita Sabin Etxean sorginkeria jorratzen dutenek.

Nahiz bakarren batzuk «iritsi berriak» garela ozenki nabarmendu, egia beste bat da, eta guri ere luzea egiten ari zaigu bidea. Ezker abertzalean baitan ikusten dugu, garai batean uste baino latzagoa dela autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia, independentziaren antidoto gisa erabili egiten duela botere menperatzaileak, aurreko tresna guztiak porrot egin da gero. Eta horrela, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino, tranpa hilkorra suertatzen da, herri horren benetako askatasun aukerari begira.

Zer esanik ez, azken legealdi hauetan, autonomiaren muga guztiak begi bistan geratu direlarik, burujabetasunaren premia biderkatzen ari dela. Beranduegi izan baino lehen, gure etorkizunaren jabe izatea, behar ezin larriagotzat agertzen zaigu.

Guretzat, herri gisa, herri zapaldu eta ukatu guztiontzat bezalaxe, denbora eta espazioak badu mundu honetan, –gero eta mundu homogeneizatuago honen barnean are gehiago–, beste dimentsio bat. Etorkizuna adibidez, orainean, gaurkoan jokatzen da, ari da jokoan, ez da ziurtasun bat, eskuratu beharreko asmoa baizik.

Lurraldea ez baita soilik baieztapen eremua, berez ematen den eta babestu beharrekoa, batez ere kanpotarren jarduerarekiko alderatuaz definitzen dena. Lurraldea desegituraturiko sarea da, gure arteko sintonia eta proiektuen baitan estutu nahi dena. Kanpotar ukazioari bere izaera ireki, anitza eta ez baztertzailea, egunero frogatu behar duena gainera.

Horrelako proiektuari buruz adostasunak bateratzea ezinezkoa da?

Aukera horiek posible bilakatzeko bidea argia eta bakarra dugu. Hautabide demokratiko bat landu beharrean gaude, herri honentzako estatus politiko eta burujabetza, maila berri baten aukera erreala. Euskal demokraziari leihoa irekitzeko balioko duena.

Gogoratu nahi nuke, duela berrogei eta lau urte (1971-02-06), EAJ- ETA- ELA- EGI- ENBATA- BRANKA eta abar, elkarturik, zintzotasunez beterik egindako solasaldia, zegoen egoerari aurre egiteko, elkartasun helburuekin.

Ez genuen lortu, bale, baina nahiz ezberdintasun nabariak eta zehatzak –gaur ere– egunero nabarmendu, baita ukaezinak diren “barne” oztopoak, elkartasuna erein beharrean gaude. Nire arrazoia garbia da; orain arte bezala jarraituz, norberaren ondarea eusteko gai gara, baita herriari zor dioguna «eskaintzeko» ere, baina nekez lortuko dugu, bakarka, aldarrikatzen dugun etorkizuna. Ea ba.

Recherche