Erabakitzeko eskubidearen ondorioa Donostia zatitzea
Nago, desanexio gehienak traumatikoak direla eta gehien maitatzen duenak jasaten dituela okerren bikotetan bezala. Joxe Austin Arrietaren artikulua irakurri nuen eta donostiar baten beste iritzi bat plazaratu nahi dut.
Ematen du gaur gertatzen zaiguna aurretik ere ikusia dugula, ‘déjà vu’ ezagun zaharra, harira. Konbentzioko gudan, 1794an, armada frantsesak ipar Euskal Herria hartu eta mugako milaka euskaldun Landetaratu zituen ez zutelako borrokatu nahi hegoaldeko senideen aurka, fidagarriak ez zirelako. Bidasoara heldu eta Españako armadak beldurtuta ihes egin zuen Ebro ibairaino, Gipuzkoa eta Donostia utziz Foru Aldundiaren defentsa pean.
1794 abuztuaren 4an Mitxelena Donostiako alkateak ez zuen inolako gogorik borrokatzeko Louis XVI. Frantziako erregeari lepoa gillotinan moztu ziotenen aurka eta tirorik bota gabe, hiriko giltzak eman zizkion Moncey jeneral frantsesari, Donostia iraultzailea bihurtuz.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak urgentziaz bildu ziren Getarian 1794ko abuztuan, Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako ordezkariak ere bertan zeudelarik eta erabakitzeko eskubidea erabiliz, ebatzi zuten ‘Gipuzkoako Independentzia aldarrikatzea 1200 urte aurretik bezala’, Nafarroako
Erresumaren mendetako Independentzia aldarrikatzea alegia. Frantsesek ez zuten onartu eta behartu zituzten atxikitzea Frantziako errepublika berrira. Frantsesek, Getarian bildu ziren Gipuzkoako 41 biltzarkideak atxilotu eta baitu zituzten Baionako espetxean. Espainiako monarkiaren alde zeuden Gipuzkoako 17 biltzarkideak Arrasaten bildu eta ihes egin zuten Espainia aldera.
Hilabete batzuk beranduago 1795ko apirilaren 10ean Donostiako udaletxe zaharrean (Hercules Torrelli 1.714, plaza Berrian) bildu ziren udalbatza irekian eta berriro ebatzi zuten ‘Independentzia 1.200 urte aurretik bezala’, frantses armadak behartuta atxikitzea Frantziako errepublikari.
Donostia, Gipuzkoa, hego zein ipar Euskal Herria osoa Frantzia ziren, armada frantsesak Ebro ibaia zeharkatu zuelako Miranda herrian 1795eko uztailean.
Frantzia iparraldetik eraso zuten eta hegoaldean bakea nahi zuten. Egoera honetan, Basileako ituna sinatu zuten 1795eko uztailean, Frantziak hego Euskal Herria konkistatu berria saltzen zion Espainiari eta trukean Santo Domingo uharte erdia ematen zion Espainiak. Euskal
Herria berriro zatituta zegoen Pirinioko hitzarmenean bezala Iparraldea Frantziaren esku eta hegoaldea Espainian.
Godoy Espainiako lehen ministroak Euskal Herria traidoretzat salatu zuen, batez ere Gipuzkoa, Independentzia aldarrikatzeagatik, ia gaur egun bezala. Errepresioa, epaiketak, espetxea, mendekua eta zigorra prestatu zituen. Ezkutuan espia militarra bidali zuen Gipuzkoara, Jose
Vargas Ponce, ofizialki Espainiako itsas historia dokumentatzera, aitzakia honekin, artxiboak miatzeko baimena eman zitzaion, batez ere Donostiakoa eta Nafarroako Comptos. Vargas Ponce espiaren artxiboaren katalogoa begiratuta ikus daiteke zenbat dokumentu original lapurtu
zituen gaur egun Madrilen daudenak, benetako espolio lotsagarria, baina hori beste kontu bat da.
Godoyren aginduz Vargas Poncek, Gipuzkoa eta Donostia zigortzeko txostena prestatu zuen 1804an, presaka eta korrika, 1805ean agindua eman zitzaion aurrera eramateko (1807 frantsesak sartu ziren Donostian berriro), besteen artean Gipuzkoa eta Donostia zatitzea, Pasaiako portu estrategikoa mendetako auzia izan zen auzia.
Gaur egun bezala, Godoyk konfiantza gehiago zuen Nafarroan, Gipuzkoan baino eta Pasaiako portu inguruko Gipuzkoako herriak, Hondarribia, Lezo, Donibane eta Pasaia, Gipuzkoatik atera eta Nafarroan barneratu zituen. Donostiari Pasaiako portua kentzeko, Pasaia San Pedro, Donostiatik erauzi eta herria bihurtu zuen, gaur egun bezala. Desanexioak izan ziren Espainiako mendeku zigorrak Independentzia aldarrikapenari mendekuz erantzuteko.
Vargasek apenas astia izan zuen, 1807an armada frantsesak berriro hartu baitzuen Donostia, orain Españako «aliatutzat» eta Godoyren bedeinkapenarekin, aitzakia Portugal zatitu eta banatzeko Espainia eta Napoleonen Frantziaren artean.
1808an Napoleonek Baionan, Borboitarrak kendu eta bere anaia Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege, eta Donostia (Espainia ere) frantsesa izan zen berriro bost urtetan 1813ra arte.
Aurten 200 urte, 1813ko abuztuaren 31n eta ondorengo egunetan aliatuek (espainiarrak, ingelesak eta portugesak) Donostia bi hilabetez setiatu ondoren, sarraskia ikaragarria egin zuten zazpi egunetan. Guztia lapurtu, emakume gehienak bortxatu, 600 etxe banaka nahita erre, 1200
bat donostiarrak erail. Vargas Ponce espia militarrak ondo ezagutzen zuen Donostiako artxiboa, hirugarren egunean kiskali zuten udaletxearekin batera, soldaduek pozik ospatu zutelarik.
Donostia suntsituan, duela 200 urte, 300 lagun bakarrik gelditu ziren kale gorrian. Harrigarria da, eskatu zuten aurrenekoa izan zela, Pasaiako portua itzultzea, mendeku zigorrez Godoyk kenduta bost urte lehenago 1808an, komertzioak sortzen zuen diru iturriak baliatzeko
donostiarrak laguntzeko.
Espainiako erregeak, Fernando VII.ak, 1814an estatu kolpea eman zuen, Cadiz-ko konstituzioa erauzi eta absolutismoa berrezarri zuen. Baina Donostia suntsituari ez zion Pasaiako portuaren gestiorik itzuli hiria berreraikitzeko. Nago Pasaiako desanexioa ere oso traumatikoa izan zela
donostiarrentzat duela berrehun urte.
Duela 200 bat urte, Gipuzkoako Biltzar Nagusiak eta Donostiako udalbatzak, Getarian (1794-8-12) eta Donostian (1795-5-10), erabakitzeko eskubidea erabiliz, ebatzi zuten Independentzia aldarrikatzea ‘1200 urte aurretik bezala’, inguruko indar armatuek zapuztu eta mendekuz zigortu zituzten, besteen artean, errepresio, espetxe, zerga, odol, su, guda eta
desanexioekin.
Gaur egun, Gipuzkoako indar demokratikoek, benetako erabakitzeko eskubidea erabiliz, Independentziaren aldeko aldarrikapena ebatziko balute, arrakastarik lortu ezean, betikoen mendeku zigorrak datozenean, historikoki desanexioak tarteko, askoz ere mingarriagoak eta
traumatikoagoak ez ote dira izango?