Saioa Iraola Urkiola, Idoia Trenor Zulaika
Euskal Herriko Bilgune Feminista

Eredu ekonomiko eta sozial feminista

Urteetan sistema kapitalista patriarkalak eginiko ibilbidearen ezaugarrietako batzuk hauek izan dira: Kapitala erdigunean kokatzea, kontsumo arduragabea, espekulazioa, ustelkeria, bankaren lehenestea, jabetza pribatua sustatzeko politikak, merkantilizazioa, produkzioa-merkantziaren balioestea, naturaren ustiaketa basatia, eremu publiko-pribatuaren arteko bereizkeriak, lanen balioaren hierarkia, denboraren kontrola, zaintza eta etxeko lanen ikusezintasunak. Hauek eragin dute langileon, izan enplegatua edo ez, kontabilizatua edo ez, bizi baldintzen okertzea, bereziki emakumeona.

Egungo testuinguru sozial eta politikoak biziki arduratzen gaitu, kapitalismoaren, balioen, zaintzen krisiaren testuinguru honetan austeritate neurriak jarri dituzten martxan, zeinetan, urteetan borrokaren bitartez irabazitako eskubideak galdu ditugun, bizitza duin bat izatea gero eta zailagoa izanik. Austeritate neurri hauek ez dira, murrizketa edo momentuko erabaki puntualak, egiturazko neurriak dira. Boteregune politiko eta ekonomikoetatik martxan dituzten egiturazko neurri murriztaile guztiek, emakumeen etxeratzea eta familia heteropatriarkala indartzea dute helburu. Austerilketek (egiturazko neurri murriztaile hiltzaileek) ezaugarritzen duten krisialditik ateratzeko politika guztiak. Eta hori gutxi balitz, eskuin muturrak, eliza kontserbadoreak bidelagun izanik emakumeon eskubideak murrizten ari da eta sexualitatea eta gure gorputzen gaineko kontrola areagotuz, kasu Gallardonek proposatutako lege aurreproiektua.

Maiatzaren lehen honetan honakoa aldarrikatu nahi dugu:

- Etxeko eta zaintza lanak, eskubideetan hankamotz direnak, lanak direla eta gainera, gu guztiok behar-beharrezkoak ditugula bizirauteko. Lan hauek jendartearentzako erabakigarriak diren momentutik ekonomikoki eta sozialki aberastasuna sortzen dutela eta beraz, eredu ekonomiko eta sozialaren erdigunean kokatu behar direla.

- Pertsonak ditugun beharrak eraikiko dugun eredu ekonomiko eta sozial berriaren erdigunean egon behar dutela; kapitalaren eta finantzen ordez.

- Egindako erreformak guztiak bertan behera gelditzea eta austerilketei ateak ixtea.

- Euskal Herriko etorkizuna zein izatea nahi dugun bertako herritarrok erabakitzeko eskubidea dugula. Norabide honetan, mugimendu feministak eta emakumeok dugun garrantzia azpimarratu nahi dugu eta aldaketa politiko eta sozialak ikuspegi feminista ezinbestean izan behar duela ozen adierazi.

Beraz, Bilgune Feministatik, emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren aldeko deia egiten dugu. Feminismoa bera alternatiba bezala ulertuz, jarrai dezagun eskubideen aldeko borrokan, harreman eredu justu eta parekideen alde lanean eta finean, jendarte eredu humanoagoa eta iraunkorragoa garatzen. Batu gaitezen eta egonkortu ditzagun erresistentzia sareak.

Deia egiten dugu maiatzaren 1ean egingo diren mobilizazioaten parte hartzeko eta baita, maiatzaren 3an Bilbon egingo den nazio manifestazioan parte hartzeko ere.

Recherche