Erlijio eta zakilei buruz
Gorroto ditut. Eliza katolikoa gorroto dut eta, luzapen gisa-edo, apaizak, fraideak eta mojak gorroto ditut. Segur asko adin eta bizitza-esperientziagatik dagokidana baino gehiago. Batzuetan, autoan noanean, bereziki Opuseko unibertsitatetik hurbil, leihoa jaitsi eta apaizei «¡Pederasta, folla a tu dios!» oihukatzen diet.
Mojei ere aldarri egiten diet, bereziki gaupasa eginda nagoenean eta eszena aurreikusten duten lagunek galarazten ez didatenean, ahots grabea jarri eta «¡Batmaaan! ¡Levántate y lucha!» aurpegiratzen diet (uste dut hau, besteak beste, Ibai laguna akordura ekartzen didalako egiten dudala). Diana Torresek “Pornoterrorismo” liburuan kontatzen zituen ekintzetatik gehien gustatu zitzaidanetako bat Vatikanoko San Pedro elizari egindako porno-erasoa izan zen. Hau da, Dianak eta Chiara Schiavonek Eliza katolikoaren tenplurik sakratuenean (Laguntza Deunaren Birjinaren aldarean eta Pio XII.aren hilobian) bozgorailuak ezkutatu eta haien arteko larrualdi bateko audioa topera jarri zutenekoa. Horretan inspiratuta, Gabonetan hurrengo eguneko mezaren orduan iratzargailua jarrita utzi nien inguruko elizarik fatxenetako bateko eliztarrei. Kartzelan, behin, Rouco Varelarekin aurrez aurre egoteko plazer zalantzakorra izan nuen (bai, dirudien bezain beldurgarria da edo are gehiago) eta isolamenduko presoak bisitatzera bidali nuen. Ezin Iruñeko “Los caídos” inguruan ibili odola borborka irakiten sentitu gabe.
Ez dakit nondik datorkidan hau guztia, zalantzarik gabe, ez da Elizarekin dudan harremanaren zuzenki proportzionala. Ez zait tokatu apaizen kolpe edo gehiegikeriak jasatea, etxean ez dut ikasi eta aitor dut ezagutu ditudan erlijioso gehienak Askapen Teologiatik hurbilago daudela Eliza katolikoaren doktrina eskuindarretik baino (banaka maite izan ditut, baina sekulan ez dut ulertu lagun hauek menderatze estruktura horrekin duten harremana). Bataioaz gain ez dut aparteko harremanik izan eta, amona hil zitzaigunetik, ez dut mezarik entzun. Ez dakit nigan zerbait mugitzen ote duen ala arbuio hau guztiz arrazionala –eta arrazionalista– den, baina Eliza gizadiaren historiako elementurik kaltegarrienetako bat dela iruditzen zait. Historia horren aro baten akabera ekarri zuen gizonaren heriotzaren eta haren irakaspen humanisten manipulazioak mundu osora ekarri zuen mendeetako dominazio basatiak higuina sortzen dit. Karlheinz Deschnerren “Kristautasunaren historia kriminala”-ren hamar aleetan bada horretarako arrazoirik. Baina atzera hainbeste egin gabe, komunikabideetan egunero aurkitzen dut nire gorrotoaren loreontzia ureztatzeko lehengaia. Zergak ordaintzeari muzin egiteak; 1936ko altxamenduaren aurreko jarrera ez berrikusteak; sexu gehiegikeriek; herriarenak diren ondasunen lapurretek; heziketaren gaineko kontrol nahiak eta, finean, Elizaren mugimendu oro bustitzen duen joera erreakzionarioak argi erakusten dute hierarkia katolikoaren botere gosea ez direla atzoko kontua.
Beharbada horregatik haserretu nau aurrekoan Francisco aita santuak botatakoek komunikabideetan izandako oihartzunak. Diotenez, Estatuaren laikotasuna defendatu zuen eta gayen alde hitz egin omen zuen. Elizak homosexualekiko duen jarrera –mendeetan zehar zein gaur egun– ez dut komentatu ere egingo. Akonfesionaltasunaren eta laikotasunaren nahas-mahas hau oraingo aita santu progre-berrituaren estrategia bat iruditzen zait, beste gabe. Eliza katolikoa –islama edo judaismoa bezala– beti izango da laikoon etsaia, haren oinarrian baitago kontzientzia batzuk beste batzuekin aurkakotzea. Aurrekoan irakurri nuen erlijioa zakila bezalakoa dela: baldin badaukazu, bejondeizula; zoriontsu egiten bazaitu eta harro bazaude, primeran; baina ez ezazu jendaurrean atera eta ezta bururatu ere nire seme-alabei bortxaz sartzea.
Horregatik, horregatik guztiagatik, nire kontzientziari zaplazteko bat ematera datorren doktrinari zein doktrina horren zerbitzariei ez diet beste masaila jarriko eta ez ditut bakean utziko. Secula seculorum, amen.