Erraldoi belarjaleari kilimak egiten
«Txina erraldoi belarjalea da»; «elefanteek konturatu gabe zukutu ditzakete hankapean beren inguruko untxiak». Marrazki bizidunetan gabiltzala esan liteke, baina gaurko munduko maratila geopolitikoetako bat da, dudarik gabe
Biden lehendakariordea Victoria “Fuck the EU”’ Nulandek Ukraina aldean muntaturiko saltsatik aurreraka nahiz atzeraka ateratzen ahalegintzen den bitartean, eta John Kerry idazkariak Arabiar Udaberrien porrotaren azken ondorioak Palestinan bere plan guztiak kiskalita uzten dituela ikusita desesperatzen den bitartean, Obama, zuzenean eta pertsonalki, AEBen mundu mailako estrategiaren beste %60az arduratzen da. Europar ustetsuoi oso mingarria gerta badakiguke ere, 60/40 hori (%60 Asia Ekialdeari begira; gainerako guztirako, %40) guztiz finkatuta dago jada munduko lehen potentziaren kanpo politikan. Nork esan behar zuen duela ehun urte Gerra Handiaren danbadak hastear zireneko hartan?
Astebeteko txangoan, Txinak ekialdetik dituen herrialde guztiak (Ipar Korea izan ezik, jakina) bisitatu ditu Obamak... Txinara bertara joan gabe. Egia da lehendanik Txinara joana dela presidentea, eta txinatarrak Etxe Zurian hartuak dituela... baina Japonian, Hego Korean, Malaysian eta Filipinetan Txinaz ez beste ezertaz hitz egin ez duenez, ez ote zuen merezi, amaieran edo, munduko beste erraldoiarekin hitz-aspertua egitea, hain interes handiko mundu-parte hartaz eta beste zenbait gauzaz? Baina ez, noski. Bidaiaren helburua, hain zuzen, Txina inguratzen dutenen «etsai-prestasuna» frogatzea zelako. Eta horrexek egiten du ulergarri bestela ulergaitza litzatekeena ere: Kuala Lumpurrera ere joan izana. Ez, apustu, galdutako hegazkinaz mintzatzeko; Malakako itsasartea, ordea, mahai gainean izango zen.
Gero eta nabarmenagoa den Txinaren erraldoitasun horrek ingurukoen beldurra suspertzen duela ez da sekretua. Ezta txinatarrentzat ere. Horregatik asmatu dute, txinatarrek beraiek, beldur hori ekiditen lagundu behar lukeen metafora: «Txina, erraldoi belarjalea da». Eta ez da gezurra, historikoki behintzat, segun eta nondik begiratzen duzun. Hori bai, gaur egun, «belar» asko-asko jaten duen erraldoia da. Lehengaitan, adibidez. Eta, metaforari jarraiki, beste norbaitek ihardetsi duena ere aintzat hartu behar da: «Elefanteek, konturatu gabe, zukutu ditzakete hankapean beren inguruko untxiak». Marrazki bizidunetan gabiltzala esan liteke, baina gaurko munduko maratila geopolitikoetako bat, dudarik gabe.
Arazoaren korapiloetako gaiztoenetako bat da belarjale erraldoiaren inguruko «txikito» horietakoren bat ez dela untxia ez belarjalea, aspaldi gabe haginkada asko eta mingarriak eman dituen haragijalea baizik. Japoniaz, ari naiz, jakina. Bere historia hurbilaren ikuspegi autokritikotik gero eta urrutiago dagoela jabetzeko, Abe lehen ministroaren urratsak ikusi besterik ez dago. Eta Ipar Korearen ateraldien aitzakiarekin haginak berriro zorrozten ari dela esango nuke, neure ezjakintasunetik. Nik baino askoz gehiago jakin behar duen Obamaren itxaropena, dirudienez, da japoniar armada indarberritu baten hagin horiek, beti ere, erraldoi belarjalearen aurka bakarrik erabiliko dituela. Bejondeiola. Hiroshiman eta Nagasakin gertatua Japonian ahaztuta edota ontzat emanda dagoela irudituko zaio.