Inaxio Mendizabal
Euskaltzalea

Errauskailua, gazteria eta udaltzaingoa Europako kultur hirian

Jakitun gara PNV eta PSEren agintaritza duen Gipuzkoako Aldundiak zaborrak erraustearen aldeko apustua egina duela, Lasarte ondoko Zubietan eraikiz horretarako errauskailua.

Legealdi hau baino lehenagotik ere, errauskailua eraikitzeko, gaur bezala diputatu nagusia zen Markel Olano hor ibili zen korrika eta presaka eraikuntza finantziatuko zuen banku-kreditu berezia sinatzen, uste ez bezala, 2011ko Gipuzkoako hauteskundeak EH Bilduk irabazita, agintaritzan erreleboa emango zela ikusita, azken orduan gauzak ondo lotuta utzi nahiz. Sinadura haren ondorioek gipuzkoarroi jarri digun zama ekonomikoaz ez dugu gaurkoan ezer aipatuko. Aipatuko ez dugun bezala, gaur berean, egitasmo hau aurrera eramateko, zer nolako azpijokuak darabiltzaten: enpresa pribatu bati, eraikitzearen truk, 30 urtetako esplotazio eskubideak emateko planarekin; eta, esaten den bezala, errauskailu instalazioa errentagarri izateko bezainbat hondakin ez-erreziklagarri sortuko ez balitz ere, erraustu ez erraustu, enpresa pribatu horri ordaindu beharreko dirutza ikaragarriak klausula bidez ondo ziurtatuta uzteko. Badakigu hori dena nork ordaindu beharko lukeen.

Guk errauskailuaren beste ondorio batetaz nahi dugu hemen aipamana egin, bereziki: «osasunaz». Zientzialariek esana da eta frogaturik dago errausketan substantzia hilgarriak aireratzen direla, eta aire pozoindu hori lurrera eta uretara ere sartzen delarik, fauna eta floran aldaketa haundiak ekartzeaz gain, dena pozoinduta uzten duela, pertsonongan osasunean ondorio oso larriak eraginez (minbizia…), bai arnastuko den airearengatik, eta baita lurretik edo uretatik jasoko diren janariren aldetik ere. Bereziki, errauskailua legokeen tokitik gertu biziko direnei. Baina, negozioa egin eta diruz udaparretan dariola bezala bizi beste helbururik ez duten horiek ordea, ezagutua den kontaminazio hilkor hori ere maltzurki ukatu egiten dute, esanaz gaurregun zientziak aurrerapen haundiak egin dituela eta errausketa prozesuan lehen aireratzen ziren substantzia pozoindu horiek kontrolaturik daudela erabat, eta errauskailuren ondoan bizitzeak ez duela inongo arriskurik. Jende horrek beti jokatzun du berdin! Oroitzen Lemoiz? Dena aurrerabidearekin lotuta aurkezten dute beti: Nuklear indarra ala azak janez egon! Baina, gai honetan, denbora galtzen ez ibiltzeko eta denek aisa ulertzeko, gauza bat dago eztabaidarik ez daukana eta denon bistara ekartzea komeni zaiguna, oso era sinplean esanda: «inork ez du nahi errauskailurik bere etxe ondoan».

Hori horrela, inork ez badu berean nahi, ez dirudi zilegi bestenean eskatzeak! Bada iada denbora, azken arrazoi honekin solidario jokatuz, gizartea mugitzen hasia dena, Zubietan eraiki nahi duten errauskailu hori ez dezaten ez Zubietan ez eta beste inon eraiki aldarria zabalduz, han hemenka manifak eta beste zenbait ekimen antolatuz. Halere, aldarri honek indarra maitzaren 29ko giza-katearekin hartu duela esan genezake. Eta kuriosoa da. Gizakateak Onkologikoa eta Donostian dagoen Gipuzkoako Diputazioa lotu zituen. Onkologikotik, mezu bat atera zen. Bertan lan egiten duten eta minbiziari buruz gehien dakiten mediku taldeak idatzitako mezua. Mezu hori, gizakateak betetzen zuen ibilbide guztia zeharkatuta, Diputazio plazan, errauskailuaren egitasmoaren ardura duen Aldundiaren aurrean irakurri zen. Mezu horretan esaten zen, errauskailuak bere ingurua pozoindu egiten duela eta horrek gure osasunean eragin zuzen eta hilkorra duela. Burua duenak, ez duela bere herrian errauskailurik nahi; eta bihotza duenak, inoren herrian ez duela nahi.

Ekimen horrek Gipuzkoa Zutik plataformari bide eman dio. Eta orduz gero, etenik gabe, gau eta egun, talde bat dago, errauskailuari aurkakotasuna bistaraziz, Gipuzkoa plazan bertan, edo eta Bulebarreko kioskoan. Eta honi buruz nahi dut idatzi. Hori da artikulu honen funtsa.

Miresmena da lehenik etortzen zaidan hitza. Gazteak, oso gazteak baitira plataforma horri gorputz emanez, errauskailuaren egitasmoa hankaz gora botatzeko determinazioa hartu dutenak. «Ez goaz etxera» leloa jarraiki, pankartekin zertan dauden adieraziz, gau eta egun hortxe daude «bizitzaren alde», tinko, dauden tokitik botatzera polizia joaten denean, beste toki bat hartuz. Horren etorkizun beltza utzi diegun gazteak, beraiek izatea, nolabait esan, erreleboa hartuz, guk ematen ez dugun erantzuna ematen ari direnak, txundituta geratzekoa da! Guztion osasunean kaltea ekarriko lukeen errauskailua ez dezatela eraiki eta egitasmoa bertan behera utz dezatela dute helburu. Era baketsuan herritarren kontzientzia pizte lanetan ari dira. Eta aldi berean herritar gehienen mesedetan ariko ez direnen kontzientzia galdua salatzen.

Aurreko batean ETB2-an Donostiako alkateak, Bilbokoarekin eta Gasteizkoarekin, udalen ustiaketez, bizikidetzaz eta hainbat gauzetaz ari zirela, errauskailuaren aurkako plataformak zeraman ekimenagatik zer iritzi zuen galdetuta, zera esan zuen: «Desberdin pentsatzen duenak bere aldarrikapenak egitea zilegi ikusten dut, baina metodoa ez deritzat zuzena. Horretarako leku publikoa erabiltzen dute. Leku publikoa denentzako da. Eta hauek beraiek bakarrik dena betetzen dute eta besteentzat ez dago lekurik». Ederra argudioa eh! Zein leku publikotan, behin bete eta gero geratzen da lekurik besteentzat? Alkate hau ere, Eneko Goia jauna… nahiko goia jota zebilela esan zitekeen. Baina oraingoan goia jo bakarrik ez, oraingoan pasatzea onartu ezin den marra hautsi eta aurrera egin du. Goraldu beharko genituzkeen gazteak, goraldu eta omendu ordez kriminal batzuen gisa tratatu baititu, zeuden lekutik bidaltzeko, beraren mandatupeko polizia –udaltzaingoa– era  basatian erabiliz.

Irudi penagarriak geratu dira mundu guztiaren aurrean 2016an Europako kultur hiria izan behar zuen Donostian emandako gertakariaz. Atzokoa bortitza izan oso. Lasai lasai, era guztiz baketsuan, proiektu baten aurkako iritzia zabaltzen ari direnak, jarrita dauden lekutik atera edo bidali behar badira ere, inoiz ez dago erabiltzerik han erabili zen indarkeria. Une larriak igaro ziren. Udaltzaingoak min haundia eragi zuen. Oso era ankerra erabilita. Nahi adina irudi dago nahi duenaren eskura sare sozialetan. Erabat argi ikusten da Bulebarreko kioskoan eserita edo etzanda zeuden gazteei mina eragiten nola saitu zen udaltzaingoa. Gazte batekin itsutu ziren, bereziki. Gaztea etzanda, eta udaltzaina belaunarekin lepoa estutuz lurraren kontra, birikak beste belaunarekin eta periodista bat garrasika «ito igingo duzue» «itotzen ari zarete», «le vais a ahogar», «le estáis ahogando». Esan eta esan, eta alferrik. Mutil gaztea, erantzun gabe, geldi geldi. Eta, segi udaltzainak, estutu eta estutu! Horretan, itotzea balihoa bezalako mugimendu geldo bat egin zuen gazteak, gelditzeko eskatuz garrasiak ugaritzen ziren bitartean, eta orduantxe geratu zen udaltzainaren eraso beldurgarri eta justifikaziorik gabea. Zergatik zeukan udaltzain horrek mina eman beharra eta ematen jarraitu beharra, ezertan eta batere aurka egiten ez zion eta geldi geldi zegoen gazteari? Udaltzaingoak zergatik erabili du indarkeria, inolako beharrik ez zegoenean? Eta gazte horri bezala beste batzuei ere min ematen ari izan ziren, etzanda zeudenak hankekin zapalduz… Jateko eta zituzten ontziak ere, platerak, ekipajea, kajetan zeuden bezala hartu eta kioskoan behera botaz, udaltzaingoa. Gertuko polizia. Herritarrak babesteko dagoen polizia, horrela. Eta hori guztia egun argiz eta denen begi bistan. Pentsa zer egiteko gai datekeen jarrera hori eduki duen udaltzaina, mina jaso eta geldi geratu zaion gaztearekin topatu ordez, minari min emanez erantzuten duenarekin topatzen bada. Bada zer aldaturik polizia gorputz horretan. Baina, bitartean, nork du udaltzainak eduki duen jokarerarekiko ardura? Nor da horren guztiaren erantzule? Azalpenak eman beharko lituzke pertsonenganako horrelako begirunea agertzen duen poliziaren  ardura osoa daukan alkate jaunak, jarrera horiek guztiz gaitzetsiz, eta aurrera begira, horrelakorik gehiago gerta ez dadin, hartu beharreko neurri guztiak hartuz.

Eta ekarpen galanta egingo lioke Goia jaunak kultura eta bizikidetzari, besteak beste, zangopetuak izan diren gazteengana hurbidu eta egin zaien bidegabekeria okerra izan dela aitortzearekin batera, erabaki kolektiboak izan beharko luketen egitasmoetan partaide izaten laguntzeko eskua luzatuko balie.

Egia da baita ere, eta esan behar da, salatzen ari garen gazteen aurkako indarkeria horren erantzuleak Udaletxez kanpo ere badaudela. Zeren, egun hauetan porrak gazteen bizkarretan astintzeaz gain, udaltzainen ankerkeriak burutzen ari ziren une larri haietan ere, udaltzainen babeserako han bertan baitzegoen Ertzantza, txutik txutik, militar formazioan, ikusten ari zirena ikusiz, oztopatzeko fitxik egin gabe.

Bada zer egin!

Gora gazteak!!!
Ispilu aurrean jarri diguzue denori.
Esker mila.

Recherche