Olaia Duarte
Donostiako EH Bilduko zinegotzia

Errefuxiatuak eta ardura politikoa

Ostegunean, San Telmo museoan, Gobernantza Demokratikoaren Institutuak European Dialogues programaren eta Donostia 2016ren baitan antolatutako Europako migrazio-politikoei buruzko hitzaldian izan nintzen. Europako kultur hiriburua zeharo lotuta dago migrazio-politikekin, elkarbizitzarekin, elkartasunarekin eta giza-eskubideekin.

Errefuxiatuen krisiak, gaur egun oso gertutik jarraitzen dugunak, eta lurralde pobretuenetatik datozen migrazio-fluxuak areagotzeak giza-eskubideei buruz hitz egitera eta herri bezala hausnarketa bat egitera behartzen gaitu.

Europar Batasunak beti esan du giza-eskubideen defentsa dela bere printzipio nagusietako bat. Ildo horretatik, erraztasunak eta mekanismoak martxan jarri ditu estatu kide direnen artean pertsonen mugimendu askatasuna bermatzeko. Baina, zer gertatzen da Batasuneko mugetatik kanpora dauden pertsona eta herriekin? Giza-eskubideen defentsa eta aldarrikapena gure identitatearen parte badira, zein erantzun adostuko du Europar Batasunak milaka errefuxiatuen babes-eskaeraren aurrean?

Galdera hauen inguruan hausnartzeko aukera paregabea eskaini ziguten San Telmoko hitzaldian joan den astean, Kultur Hiriburutzaren ildotik. Atsegina egin zitzaidan gela beteta ikustea: instituzioetako teknikariak, pertsona errefuxiatu eta migratzaileekin zuzenean lan egiten duten elkarteetako langileak, unibertsitateko ikasleak... Baina, aldi berean, hutsune esanguratsuak ere sumatu nituen.

Angolako errefuxiatu politiko batek, Maroko eta Hondurasko egoera ekonomikoaren ondorioz etorritako bi gizonek eta Kanadako Joanna Anneke Rummens soziologo eta identitatearen, aniztasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorreko ikertzaileak azaldutako migrazio prozesu pertsonalak, integrazio politika eredu berriei buruzko datuak, azterketa ekonomikoen ondorioak... entzutera ez zen Donostiako Udal Gobernuko edo Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politiko bakar bat ere etorri. Hori 2016ko Kultur Hiriburutzaren ekitaldi batean (gogoan izan dezagun elkarbizitza duela ardatz) eta migrazio krisi izugarri baten aurrean, non milaka eta milaka errefuxiatu dauzkagun ate joka, laguntza eske gerra zibiletatik, pobreziatik edo mafietatik ihesi.

J.A. Rummens andrearen ahotik entzun genuen Kanadako harrera politika oso urrun dagoela gure parametroetatik. Kanadan pertsona etorkinen kredentzial akademikoak balioztatzen dituztela, langile eta pertsona kualifikatuak herriaren garapenarentzat aukera bat direla, eta ez mehatxua, uste dutelako. Hezkuntza sisteman, integrazioan espezializatutako gizarte langileek lan egiten dutela eta umeen gurasoei, bertako hizkuntza ikas dezaten, ikastaro pertsonalizatuak ordaintzen dizkietela. Harrera egiterako garaian, zentro bereziak dituztela ere aipatu zuen soziologo kanadiarrak; bertan egiten dituztela pertsona etorkinen tramite guztiak eta, kasu askotan, pertsona horien jatorrizko hizkuntza erabilita (gizarte segurantzan alta eman, erroldatu, familia-liburua egin, gizarte-langileekin harremanetan jarri, hezkuntza-sisteman harrera egin…).

Baina, agian, J. A. Rumensen lezio nagusia honako hau izan zen: datuen arabera, errefuxiatu bat edo etorkin bat lurralde berri batera iristen denean gertatzen denak –harrera-prozesua, batik bat– garrantzi handiagoa du pertsona horrek jatorrizko lurraldea utzi eta berrira iritsi bitartean bizi izandakoak baino. Hau da, Siriako gerra zibiletik ihesi datorren familia batek bidean bizi izan duen beldur, arrisku, gose edo gaixotasunak baino eragin psikologiko eta emozional handiagoa izaten du lurralde berrian berak duen harrera-prozesua eta ongi-etorria. Honek agerian uzten du zeinen garrantzitsua den Europako edozein instituziorentzat prest egotea eta beharrezkoak diren baliabideak martxan jartzea.

Donostiako Udalean saiakera ugari egin dugu, behin eta berriro, PNV eta PSOEren gobernua familia errefuxiatuen harrera prestatzen has zedin. Iazko irailean jarri genituen lehendabiziko proposamenak mahai gainean, alor honetako eragileekin (Gurutze Gorria, Caritas, Gipuzkoako Plataforma Solidaria...) elkarlan dinamikak abian jartzeko. Lan talde edo batzorde berezi bat eratzea ere proposatu dugu hilabete honetan. Zoritxarrez, Udal Gobernuaren aldetik erantzun bakarra jaso dugu behin eta berriro: ezetz errefuxiatuen harrerarako baliabideen zerrenda egiteari, ezetz lan talde berezi bat sortzeari, ezetz eragileekin lanketa bat egiteari. Eneko Goia eta Ernesto Gascok titular politak lortzeko erabili dute errefuxiatuen arazoa: gainerakoan, ez dute pauso bakar bat ere eman eta, areago, ezetz esan diete, behin eta berriro, beste udal talde batzuek egindako proposamenei. Jarrera horren isla, Udal Gobernuko ordezkaririk ez San Telmoko ekitaldian. Kezkagarria da. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direlako errefuxiatu eta migrazio-politikak Europa osoan. Eta horren aurrean, axolagabekeria galanta erakusten ari delako Donostiako Udal Gobernua. Lehentasunez eta ardura politikoaz ari gara. Eta argi dago, Donostian, beste toki batera begira daudela PNV eta PSOE.

Recherche