Gorka Lizarraga Erro
Soziologian lizentziatua. Ekonomia Soziala eta Kooperatibismoan Masterra

Erregea biluzik dago!

Ikusi dugu mugak jarri ahal zaizkiola kapitalismoari oraindik estatuek baitute ekonomia eta bizitza erregulatzeko aukera, balia dezagun bada aukera hori berandu baino lehen

Covid-aren krisiak biluztu du kapitalismoa. Erregea biluzik dago! Interes partikularretara bideratutako korporazioek euren xede propioetara bideratzen dituzte indar guztiak. Aurreikusi gabeko bat bateko-egoerei erantzuteko ezgai dira, kamuts, egun batetik bestera inolako bezerorik gabe gelditu dira. Estatuek hartu behar izan dute lemazaina, berriro ere agerian utziz benetako administrazio publiko bat dela gizateriaren aurkako egoera larri bati aurre egiteko ahalmena duen instituzio bakarra. Emergentziazko neurriak hartu dira: konfinamendua, enpresa pribatuen konfiskazioa, lantokien itxiera, mugen itxiera, … Orain arte gerra garaien ezik pentsaezinak ziren erabakiak hartzen ikusi ditugu estatu guztiak. XXI. mendeko gerrak ez dira tankeekin borrokatuko.

2008ko krisian konstituzioak aldatu ziren zorrak ordaintzeko eta legeak aldatu erretiro adinak igotzeko. Bankuak erreskatatu ziren diru publikoarekin eta higiezinen espekulazioarekin jarraitzeko bankuen esku utzi ziren higiezin horiek. Herritarrak hipotekak ez ordaintzeagatik kaleratu ziren. Zenbait garaipentxo gertatu dira ordundik hona baina fondo-putreak zelatan dira berriro ere.

Krisi honetatik ordea irakasgai garrantzitsu bat ateratzeko moduan da ezker-mugimendua. Shock-aren doktrina eskumaren egokitze-arma izan baldin bada orain arte, balia dezala oraingo shock berau ezker mugimenduak munduan hegemonikoa den sistema kapitalistaren ezintasuna agerian jarri eta luzera begirako erantzun irmo bat emateko.

Emergentzia egoera honek ez du berehalakoan alde egingo. Baina benetako shock egoeran gelditu dena kapitalaren sistema globalizatua izan da. Bat batean estatuen menpe gelditu dira nazio gaindiko korporazio guztiak. Balia dezagun egoera konstituzioak aldatzeko, hel diezaiogun benetan XXI. mendeko gizateriaren hil ala biziko egoerari behingoz. Jarri dezagun bizia kapitalaren aurretik. Korporazio multinazional handien erreinuarekin akabatu beharra dago, globalizazioak zanpatutako herriak eta herritarrak askatu behar dira. Gertutasuneko kontsumo eta ekoizpen ereduak zabaldu behar dira. Energiaren erabilpen arduratsuak, sustatu beharrean behartu egin behar dira. Ikusi dugu mugak jarri ahal zaizkiola kapitalismoari oraindik estatuek baitute ekonomia eta bizitza erregulatzeko aukera, balia dezagun bada aukera hori berandu baino lehen. Zirrikitu bat ireki berri da adreiluen artetik. Normaltasun Berria aukera bezala balia dezagun beste mundu bat eraikitzeko eta ez arrisku bezala. Aspaldi hasiak gara eraikuntza ereduan lanean, presio-errepresio zurrunbilotik aterata.

Bi hilabetetan kapitalismoaren filosofiaren paradigma den etengabeko-hazkundea gelditzea lortu bada, alda dezagun filosofia behingoz. Etengabe hobeto eta hobeto bizitzetik, goazen besterik gabe ondo bizitzera. Ekonomian aldatu behar diren legeak eta konstituzioak aldatu behar dira denok ondo bizitzeko eta ez batzuk besteak baino hobeto. Mugatu dezagun ingurumenean uzten dugun oinazea ondorengoek ere ondo bizitzeko aukera izan dezaten. Gurea da aukera.

Recherche