Josu Juaristi
GAUR8

Errepideak gainezka, Europar Batasuna bezala

Erabiltzaileak ordaindu egin behar du; kutsatzen duenak ordaindu egin behar du». Hau da Europako Batzordeak 2006ko direktiban finkatu zuen printzipioa merkantziak garraiatzen dituzten kamioi handientzat. Printzipio hori aplikatzeko modua, bitartekoak eta erritmoak, ordea, direktibaren aplikazioa, alegia, berez loteslea izanik ere, Estatu kide bakoitzaren esku dago.

Ondorioz, Europako Batzordeak direktiba horretan markatu zituen printzipio horiek eta beste batzuk, benetan garrantzitsuak direnak (garraio mota honen eraginkortasuna, konpetentziarako baldintza berdinak sortzea eta, ondorioz, kohesio soziala –eta baita fiskala ere– indartzea, ingurumenarekiko arautegia Europar Batasun osora zabaltzea eta arau tekniko guztiak era eraginkor batez eta inor baztertu gabe aplikatzen direla bermatzea), bidean gelditu dira leku askotan. 2011ko azaroan lizentzia komunitarioa lortzeko baldintzak sartu ziren indarrean, mugaz haratago zerbitzuak egin ahal izateko, baina horrek ez du esan nahi arautegi oso bat finkatu denik sektorerako.

Garraio sare integratua, benetan integratua, nahi du Europako Batzordeak. Hori dio, behinik behin. Horrela ez baldin bada, Europar Batasunak benetako merkatu bakarrik gabe jarraituko duela adierazi du Siim Kallas Batzordeko presidenteordeak.

Europar Batasunaren barruan mugitzen diren merkantzien %45,9 kamioiz garraiatzen dira. Itsasoz, berriz (gure eremuan, betiere), %36,8; eta trenez %10,2.

Batzordea itsasoko «autopistak» (eta baita ibaietakoak ere) bultzatzeko ahalegina egiten ari da, horrek errepideei dezenteko arnasa emango liokeela uste duelako. Kostatzen ari zaio, ordea, joerak aldatzea. Sistema oso bat dago finkatua; kamioi handien bidezko garraio sistemak 6,5 milioi lanpostu sortzen ditu Europar Batasunean (ia 9 milioi Ameriketako Estatu Batuetan, konparatzeko aukera izan dezazuen) eta ia sektore ekonomiko guztiak daude, produkzio edo banaketa katearen une batean edo bestean, sistema honen menpe.

International Road Transport Union erakundeak oso era grafikoan nabarmentzen du bere sektoreak duen garrantzia: «Produzitzen edo kontsumitzen den gauza bakoitza, produktu den-denak azkenean, kamioietan garraiatzen dira lehenago edo geroago».

Honek ondorioak ditu, jakina. Europar Batasuneko errepideak gero eta saturatuagoak daude eta zirkulaziorako, segurtasunerako eta ingurumenerako eragina gero eta handiagoa da. Herrialde bakoitzean baldintza desberdinak dituzte zirkulatzeko, eta ordaintzen dituzten tasak edo tarifak ere ez daude bateratuak. Ildo horretatik, kamioiek egiten dituzten distantzien arabera finkatu nahi ditu orain Europako Batzordeak ibilgailuek ordaindu beharko lituzketen tasak edo karguak, ez autopistan ematen duten denboraren arabera, gaur arte bezala. Erabiltzen duenak eta kutsatzen duenak ordaindu behar duela dio Europako Batzordeak, eta ez zaio iruditzen gaur horrela gertatzen denik herrialde gehienetan. Hori aldatu nahi du, baina kostatuko zaio, merkatu bakar europarra errealitatea izatetik nahiko urruti dagoelako oraindik kontu askotan. Garraioak dira bat, eta oinarrizko esparru bat da, sistema ekonomiko honen kate luzearen ezinbesteko zutabe edo zutoin bihurtu delako.

Kontuak kontu, arautegien harmonizazioa, errepideetako kontuetan ere, oso urruti dago oraindik ere. Esate baterako, Europar Batasuneko bidesari guztietan dispositibo bakar batekin funtzionatu beharko genuke, bidesarien teleordainketarekin edota bidesari elektronikoko dispositibo bakar batekin, Durangoko sarreran ordaintzeko eta Europar Batasuneko iparralde urruneko edozein bidesaritan ateratzeko. Dispositibo bakar bat, Europa osora homologatua. Erraza da, teknikoki ez dago oztoporik; Europako Batzordeak proposatu zuen eta 2007tik onartua dago. Epeak finkatu ziren europar eremu osoan indarrean sar zedin, baina kontu honek, beste askok bezala, dezenteko atzerapena du, urtebetekoa gutxienez.

Recherche